Arrazoia eman diete langileei

TRWko kaleratzeak bidegabetzat jota, langileak berriz hartzeko atea ireki du Nafarroako Justiziak

TRWko langileak, urte hasieran, Landabengo lantegitik irteten. I. URIZ / ARP.
Oihan Vitoria.
2016ko ekainaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kosta ahala kosta onarrarazi zieten Iruñeko Landabengo langileei 123 lagun kaleratzeko espedientea, baina, buruhauste frankoren ondoren, ezerezean gera daiteke: inolako baliorik gabe. Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman die TRWk kaleratutako 123 langileei, eta legez kanpokotzat jo ditu ibilgailuen direkzio hidraulikoak ekoizten dituen multinazionalaren asmoak. Auzitegiak estu hartu du enpresa, eta gogor egin du haren jarduteko moduaren aurka, «bidegabeki» aritu delakoan.

AEBetako enpresak urte hasieran egin zuen proposamena, «bideragarritasun arazoak» ahotan hartuta. Sei hilabete geroago, ordea, Justiziak ebatzi du TRWk ez zuela horretarako argudiorik. Eta, izatekotan, ez zuela behar bezala arrazoitu. Langile batzordeak jarritako salaketaren zati bat onartu du epaileak, eta enpresari kargu hartu dio: «Ez zuen ekonomia, antolaketa eta ekoizpenari lotutako taxuzko arrazoirik jarri mahai gainean; hortaz, kaleratzeak legearen kontrakoak dira».

Auzitegiak, halere, atzera bota du kaleratzeak baliogabetzeko eskaria, langileek egindakoa; epaiak ez du multinazionala behartzen kaleratutako langileak berriro hartzera. Urrats hori Auzitegi Gorenak egin dezake laster, betiere enpresak epaiaren kontrako errekurtsoa jartzen badu.

Galerak ez, «etekinak»

Sindikatuek enpresaren kontra jarritako salaketaren eskutik iritsi da auzia epaitegira, eta hark hankaz gora jarri ditu AEBetako multinazionalak kaleratzeak zuritzeko emaniko argudioak. Dosierra aurkezteko, «ekonomia, jarduera eta antolaketa arrazoiak» aipatu zituen epaiketan TRWren abokatuak, eta esplikatu Landabengo plantak 55,77 milioiren galera pilatu zituela azken bost urteetan. «TRWren Europako lantegietako langileko eta orduko gastua 19,2 euro da, eta Landabengoa, 37,21».

Plantaren egoera «larria» zen, haren esanetan, eta «egoerak derrigortuta» aurkeztu zuten dosierra. Dena den, enpresaren irabazi eta galeren balantzea aztertuta, TRWk azken bost urteotan etekinak lortu zituela nabarmendu du Nafarroako Auzitegiak, eta langileen tesia babestu du. Gogatu du, gainera, negozio bolumena handitu zuela azkeneko urtean.

Auzitegiari, oro har, «gaitzesgarria» iruditu zaio TRWren zuzendaritzak dosierraren negoziazioan izandako jarrera, hark erakutsitako «gailentzeko grina» ez delakoan bateragarria kaleratze kolektibo batekin. Langileen ordezkariak «ahultzen» saiatu zela ere gaineratu du, kontsulten epea «edukiz hustea» lortu ez arren.

Lau hilabete igaro dira langile batzordeak baiezkoa eman ziela 123 langileren kaleratzeei eta hitzarmenaren baldintzei buruz zuzendaritzak eginiko proposamenari. Txarraren eta txarragoaren artean hautatzea egokitu zitzaien langileei: greba mugagabera jotzea, 250 behargin botatzeko mehatxuarekin, edo 123 langile kaleratzea eta gainerakoei lau urteko soldatak izoztea lanaldia luzatuta.

Ezbai zail horri aurre egin behar izan zioten TRWko langileek, eta %58k bigarrenaren alde egin zuten. Besoak, dena dela, ez zituzten berehalakoan gurutzatu: zuzendaritzaren irizpide eta jokabideekin haserre, auzitara jo zuten, dosierra baztertu eta auzia irabazteko itxaropenarekin. Azkenean, bada, eskuratu dute esfortzuaren ordaina: epaileen sostengua.

Epaia, ordea, ez da irmoa, multinazionalak helegitea jar baitiezaioke orain Espainiako Auzitegi Gorenean. Zintzilik dago kaleratuen egoera, baina itxaropenerako zirrikitu bat ireki zaie. Izan ere, auzitegi horrek langileen alde ebatziko balu, orduan bai: kaleratutako 123 beharginak berriro ere hartzeko edota haiei kalte-ordainak emateko negoziazioak abiarazi beharko lituzke, nahitaez.

Bidean geratzeko arriskua ere badute langileek, baina ahaleginak, behin-behin, merezi izan die: Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiaren berri izan bezain pronto, langile batzordearen presidente Josi Alvarezek adierazi du argi eta garbi geratu dela gauzak beste era batera egin zitezkeela: «Positiboa izan zen dosierra auzitara eramatea, inolako oinarririk ez zuelako». Edukia sakon aztertuta, langileek datozen orduotan jendarteratuko dute epaiaz duten iritzia.

TRWn ari ziren 101 lagun kalean dira jada, eta oraindik ere beste kaleratze sorta bat geratuko litzateke espedientea onetsi bezala beteko balitz: 22k abendu amaieran lagako lukete enpresa. Ezinegona nabaria da Landabengo langileen artean, areago TRWk 189 behin-behineko langile hartzeko asmoa agertu duela aintzat hartuta; fabrikan geratzen diren 520 langileen udako oporrak ordezkatzeko kontratatu nahi ditu. Proposamena «adarjotzea» begitandu zaie ELAri eta LABi, eta dosierra «gezur handia» izan zela salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.