Asiako zabortegia ere bete da

Txinak atzerriko zaborra erosteari utzi dio, eta birziklatzeko erreferente bilakatzeko helburua dauka. Asia osoan zabaltzen ari den joera berriak agerian utz ditzake Mendebaldeko herrialdeak, aberatsen zabortegia izan baita gaur arte kontinente hori.

Zaborra gaika biltzeko hainbat ontzi jarri dituzte Txinako Shanghai hirian. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Koloretako lau zaborrontzi azaldu dira Jian Shizhenen urbanizazioan. Auzotarrak nahastuta daudenez, Shanghaiko Udalak boluntario bat jarri du uztailaren 1ean indarrean jarriko dena azaltzeko. «Zaborra bereiztea derrigortzen duen araua indarrean jarriko da», dio kolore bizia eta bihotz baten irudia duen jakadun gazteak. «Lau sailkapen daude: hondakin organikoak ontzi marroira doaz; birziklatu ezin diren hondakinak, beltzera, eta hara botatzen dira hezurrak ere; birzikla daitekeena, urdinera; eta zabor arriskutsuak, gorrira. Jianek buruari hazka egiten dio, boluntarioak eman dion papera irakurtzen duen bitartean. «Kaosa izango da».

Euskal Herrian edo Europako herrialde gehienetan duela bi hamarkada ikusitako irudia da Shanghaikoa. Eta orduan egin ziren komentarioak entzuten dira Txinan ere. «Zaborrontziei begira geratu naiz, geldi, lelo aurpegiarekin eta zabor poltsak eskutan nituela. Ez daukat arrastorik ere gauzek nora joan behar duten», azaldu zuen Weibo sarean Niguanne izeneko erabiltzaile batek. «Nire katuaren gorotzak nora doaz? Hareak beltzera joan beharko luke, eta kakak, marroira», gehitu zuen beste batek.

Shanghain, «zabor bustiaz» eta «zabor lehorraz» hitz egiten da, gaiei loturiko sailkapenaz —papera, beira...— jarduten duten herrialdeen ereduaz beste, eta hori da jendearen kritika handiena. «Herrialde guztiek jarri dituzte birziklatze sistema soilak; bakarrik Shanghain konplikatu dute hainbeste. Ez dakit zer funtzionariok izan duen hain ideia zoragarria», dio Fudan unibertsitateko master ikasle Shi Kiqinek.

Gobernuaren helburua da datorren urterako etxeko zabor guztiaren %35 birziklatzea. Shanghai megalopoli bat da, eta egunero 9.000 tona zabor ekoizten dira han; kopuru itzela. Iraganeko saioetan ez bezala, oraingoan serio ari dira: bizilagun komunitateei 500.000 yuanen arteko isunak ezarriko zaizkie arautegia ez badute betetzen, 64.000 euro artekoak, alegia. Hiritarrek 200 yuaneko isuna jasoko dute (25 euro) urratze bakoitzarengatik.

Txinako lehen birziklatze programa da Shanghaik abiatu duena, eta munduan gehien kutsatzen duen herrialdean ingurumenarekiko kezka areagotu dela islatzen du. Shenzhen hegoaldeko hiriak neurri handiko zaborra birziklatzea derrigortu zuen joan den apirilean; adibidez, altzariak eta etxetresnak, eta, haren atzetik, Shanghai Txina osoan zabalduko den eredu baten oinarria ezartzen ari da. Pekinek aurreikusi du Txinako ehun hiri baino gehiagotan ezarriko dituztela antzeko birziklatze sistemak, datorren urtea amaitu aurretik. Gainera, zaborra atzerritik inportatzeko debekuaren ondorioak apaltzeko balio du.

2018ko urtarrilaren lehenean, Txinak mundu garatuaren zimenduak dardarka jarri zituen 24 zabor mota erosteko debekuarekin; plastikoari, paperari eta oihalgintzari ere betoa ezarri zien. Eta 2018ko bukaeran beste hamasei zabor mota sartu zituen inportazio debekatuen zerrendan, tartean autogintzako eta ontzigintzako osagaiak.

Txinatik Thailandiara

Horrela, zaborraren inportazioa %48 txikitu zen urtebetean, Txinan; urtero 60 milioi tonakoa izatera heldu zen. Eta 2019an are gehiago apalduko da kopurua, uztailean legez kanpokoa izango baita kobre, altzairu eta aluminio zaborrak inportatzea. Eta urte amaieran beste hamasei zabor mota debekatuko dituzte.

Egoera horrek krisi bat eragin du herrialde garatuetan, eta orain beste helmuga batzuen bila dabiltza. AEBena da adibide argi bat: Urtearen lehen erdian, Txinara egindako zabor esportazioak %92 txikitu dira; era berean, Thailandiakoak halako hogei bihurtu dira; Malaysiak hiru aldiz zabor gehiago jaso du AEBetatik; eta Vietnamek %46 gehiago. Igoera horiek ez dira gai izan Asiako erraldoira bidaltzeari utzi dioten zabor kopurua konpentsatzeko.

Gainera, Txina eredu bihur daiteke zaborrarekiko kezka hedatzen ari den Asiako beste herrialdeentzat. Aurtengo maiatzetik, Malaysiak ez ditu onartzen plastikoz betetako ontziak. Guztira, herrialde horrek jatorrizko herrialdetara itzuliko ditu —batez ere AEBetara, Kanadara eta Saudi Arabiara— 3.000 tona zabor, oso kalitate txarrekotzat jo baititu;zabor birziklaezina da. «Zaborraren komertzioa egiten da birziklatzearen aitzakian, baina benetan gertatzen dena da munduak herrialde pobreetan kentzen duela gainetik bere zaborra», esan zuen Malaysiako Ingurumen ministro Yeo Bee Yinek. «Malaysiarrak derrigortzen gaituzte atmosferako kutsadura pairatzera beste herrialdeetako plastikoak erretzeagatik. Gure ibaiak kutsatzen dira; legez kanpoko zabortegiak ditugu».

Eta argudioekin jarraitu zuen Financial Times-i emandako elkarrizketa batean, joan den otsailean: «Ez badute beren zaborra Asiako hego-ekialdera bidaltzen, Afrikara bidaliko dute». Malaysiako ministroa nazioarteko biltzar bat egitearen alde dago, zaborraren negozioa arautzeko. Gero eta gehiago dira mugak jartzen ari diren herrialdeak. Iazko maiatzean, Vietnamek jarri zituen debeku batzuk, aldi baterako, ordea. Thailandia irtenbide baten bila dabil, aldi batean ingurumena babesteko eta birziklatze sektoreko enpresak babesteko.

Dhakako kaleak, zabortegi

«Txinak agerian utzi du birziklatzen liderrak direlako harro azaltzen diren herrialdeen hipokrisia. Egiten dutena da beren zaborra beste herrialde batzuetara bidali; sailkatua, hori bai», dio Tsinghuako unibertsitateko Liu Jianguo irakasleak, gupidarik gabe: hondakinetan aditua da Liu. Baina arazoa ez da bakarrik herrialde garatuena.

Bangladesh adibide argi bat da: zaborra gaika sailkatzeko eta hondakinak osotasunean kudeatzeko proiektu asko martxan jartzen saiatu den arren, Dhaka hiriburuko auzoetan paseo bat ematearekin nahikoa da ohartzeko zabortegi handi bat direla kale asko. Ez alferrik, plastiko ibaiak nonahi ikus daitezke —herrialdeak 630.000 tona plastiko hondakin sortzen ditu urtero—. Asiako Pakistan zena ozeanoak plastikoarekin gehien kutsatzen duten herrialdeen top 10-ean dago gaur egun.

Dhaka Tribune egunkariak egoera horren gakoak eman ditu berriki, Bangladeshen ingurumen kontzientzia ezaren inguruko erreportaje batean; hiritarren nahiz politikarien kontua da. «Eraikuntzen hondakinak bide bazterretara botatzen dituzte oraindik; agintaritzak ez du egin azpiegiturarik urak kudeatzeko; hiritarrek ez dituzte arauak betetzen, eta obra hondakinak uzteko lekuak alde batera uzten dituzte». Arrunta da jendea ikustea zabor poltsa bat edonora botatzen, baita ibai batera ere.

Hori horrela, Asiako herrialde txiroenetako bat den arren, Bangladeshen eragina izan du Malaysian zaborra ez onartzeak, zabor edukiontzi asko itzuli dizkiolako. Orain ematen du inork ere ez dituela nahi. Hori arazo bat da, halaber, Asiako herrialde aurreratuagoetan, kasurako, Singapurren. Egoera berriak eragin du hiri-estatu horren gobernuak azkartzea hondakinen kudeaketa plana, uhartea burujabea izan dadin zaborren gaian.

Erresuma Batuaren kolonia ohia munduko zentro finantzario handienetako bat da; bada, «zero zaborreko urtea» izendatu du 2019a, eta 2.000 milioi dolar (1.755 milioi euro) baino gehiagoko inbertsioa egingo du ahal den zabor guztia birziklatzeko, baita hondakin organikoak ere, Bilbok egiten duen moduan. Bi urte barru, Singapurrek lege berri bat onartuko du gailu elektrikoen saltokiek ardura har dezaten haien birziklatzearen inguruan. Askorentzat hori da mundu garatuaren jarrera eredugarria zaborrak eragin duen ingurumen krisiari erantzuteko.

Azken 60 urteetan, munduan 8.000 milioi tona plastiko ekoitzi dira, eta horietatik soilik %9 birziklatu da. Beste %12 erraustu egin da. Gainontzekoak zabortegietan bukatu du —sarri asko legez kanpokoak—, eta ibaietan zein ozeanoetan. Txinaren inportaziorako debekuak eta beste hainbat herrialderen mugek eragin dute herrialde garatu asko jokoz kanpo geratzea zaborren arazoan. Australiak, adibidez, ez daki zer egin Txinara bidaltzen zituen 1,3 milioi tona hondakinekin.

«Denek kentzen zuten gainetik beren zaborra Txinan, kutsaduraren estandarrak txikiak zirelako han, eta prezioa lehiakorra zelako», esan zuen Johnny Duongek, California Waste Solutionsen zuzendariak, Yale Environment 360ren ikerketa batean. «Orain, argi dago, soluzio bakarra da material kutsagarrien kontsumoa nabarmen txikitzea, eta ekoizten diren herrialdeen birziklatze gaitasuna handitzea. Herrialde txiroei lan zikina azpikontratatzeko ordua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.