Handitasunean, hutsunea handiagoa egiten da. Eta Barakaldon dagoen Bilbo Exhibition Centre (BEC) erakustazokan ongi dakite hori. Bertan, dena da handia: azokak egiteko sei pabiloi dauzka, bakoitza 25.000 metro karratukoa; beste pabiloi bat dauka (Bizkaia Arena) kirol edo kultur ekitaldiak egiteko, 26.000 pertsona har ditzakeena; eta Euskal Herriko dorrerik altuena ere eduki zuen bere garaian (98 metro), Bilboko Iberdrola dorreak 2009an postu hori kendu zion arte. Leku hori guztia azoka eta ekitaldiekin bete ahal izateko eraiki zen, baina feria eta bisitari kopuruak behera egin du azken urtean. Handitasunari hutsunea gehitu zaio. Eta horrek, BEC erakustazokaren egoera ekonomikoa zaildu egin du. Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak, esaterako, egoera «larrian» dagoela esan zuen urte hasieran, eta Jose Luis Bilbo Bizkaiko ahaldun nagusiak aitortu zuen «arazo» bat dagoela.
Eta kezkatzeko moduko egoera da. 2004an zabaldu zen, eta ordutik, BECek hiru urtean bakarrik izan ditu irabaziak: 2004, 2006 eta 2008an. Barakaldon makina-erremintaren azoka antolatu zen urteetan izan ziren datu positibo horiek. Gainerako urteetan galerak izan ditu, eta, denera, 35 milioi euroko zuloa batu du. Joan den urtean bakarrik bost milioi euro galdu zituen. Aurtengo urtea hobea izatea espero dute, makina-erremintaren azoka egingo baita datorren astetik aurrera.
Baina galera horri eraikina finantzatzeko kredituen ordainketa gehitu behar zaio. Guztira, 360 milioi euroko zorra. Diru hori 2027. urterako kitatzea aurreikusten dute BECeko akziodun nagusiek, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Horretarako, urtero hamabi milioi euro jarriko ditu erakunde bakoitzak kredituari aurre egiteko. Eraikinerako, denera, 663 milioi euro bideratuko dituzte diru publikotik.
Beraz, eraikinaren neurria bakarrik ez, BECek sortu duen zuloa ere handia da. Egoera horri aurre egiteko, Jose Luis Bilbaok hiru zutabetan oinarritzen den plan bat aurkeztu zuen joan den otsailean. Bertan, kostuak gutxitzea, ekitaldi berriak lortzea eta Bizkaia Arena pabiloiaren erabilera sustatzea biltzen zen. Eta gastuak murrizteko bidean, langileei soldatak %15 jaistea proposatu zuten, 500.000 euro aurrezteko. «Kudeaketa txarra egon da urte horietan guztietan, erakustazokara ez digute ekintzarik ekartzen, eta orain, gainera, langileen soldatekin konpondu nahi dute euren okerra. Arduragabekeria hutsa da», dio Imanol Urrutiak, langile batzordeko presidenteak. «Askotan, ez dakigu kudeatzaileek ondo kudeatu duten ala ez», Jon Barrutia EHUko finantza ekonomiako irakasleak ohartarazi duenez. «Azken finean, kudeatzaileak ez baitauka ahalmenik lurraldearen planifikazioan». Eta une honetan hori da BECek duen arazo nagusia, lehiakideak atera zaizkiola inguruan. Eta garesti ordaintzen ari da.
Lehia, etxean bertan
BEC proiektu estrategiko gisa pentsatuta sortu zen, nazioarteko azoketan erreferentzia izateko. Eta horregatik eman zitzaion halako handitasuna. Gaur egun egiten zaion kritika ildo horretatik doa, aurreikuspena handiegia izan zela, edo eraikina lar handia egin zela. «Proiektua egin zenean beteko zela uste zen, eta ez zegoen gaizki pentsatuta», Barrutiaren ustez. Baina behin erakustazoka martxan jarrita zegoela, lehiakideak sortu zaizkio, «eta BEC ahulduz joan da», Urrutiak esan duenez. «Daukagun azpiegitura errentagarria egiteko borrokatu beharrean, agintariak lehia sortzen ari dira», zehaztu du.
Horren adibide garbia Bilbo Arena pabiloia da. Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren ekarpen ekonomikoarekin eraiki zuten, 2010. urtean, eta orduz geroztik, Bilbo Basket saskibaloi taldearen partiduak han jokatu dira. Ordura arte, ordea, talde bilbotarra BECeko Bizkaia Arena pabiloian aritzen zen. BECeko bi akziodunek, beraz, beste eraikin bat egin dute funtzio bererako. «Bizkaian ez dago era horretako bi pabiloirentzako eskaerarik», Urrutiaren esanetan. Baina ez hori bakarrik. Tamaina handiko kontzertu asko ere Barakaldotik Bilboko Miribilla auzora eraman dituzte, eta, ondorioz, aurten Bizkaia Arenan bi kontzertu bakarrik egingo dira. Bilboko pabiloia zabaldu baino lehen, BECeko pabiloia erabiltzen zuten gehienetan, zehaztu du Urrutiak. Barakaldoko azpiegitura erraldoiari, beraz, lehiakide zuzena jarri diote hamabost kilometrora, eta biak diru publikoz finantzatuta. «Ahaldun nagusiak Bizkaia Arenaren erabilera sustatzea proposatu zuen, baina ez dauka zentzurik hori esateak halako beste gune bat finantzatu duzunean», dio.
«Kasu horietan, planifikazio orokor baten falta sumatzen dut», san du Barrutiak. Bizkaia eta Bilbo Arenaren kasua euskal gizartearen idiosinkrasia agerian uzten duen adibide bat gehiago da haren ustez. «Oraintxe bertan, hiru lurralde eta gobernu bat dago, bakoitza titularitate batekin». Horrek aniztasuna, guztiak ordezkatuta egotea,parte hartzea eta halako kontzeptuak dakartza. Baina alde txarrak ere baditu, EHUko irakasleak dioenez: «Ekonomiaren ikuspuntutik, partaidetza handiak eraginkortasun falta dakar». Euskal gizartearen idiosinkrasia edo izateko modu horrek, beraz, zailagoa egiten dupolitika publiko bakarra adosteko garaian planifikazio bat edukitzea. Erakunde bakoitzak askatasun handia dauka, eta bakoitzak bere lehentasunen arabera jokatzen duela uste du Barrutiak: «Erabakiak hartzen dituenari lehentasunak markatzeko eskatzen zaio, eta, horregatik, gogorra da bakoitzak bereari uko egitea». Horren adierazle dira, esaterako, Bizkaian bertan erabilera berdinetarako bi pabiloi izatea edo 125 kilometroko distantzian bi erakustazoka egotea: Irungo Ficoba, eta Barakaldoko BEC. «Ez daukagu goitik ikusitako planifikazio bat, eta, beraz, horrek bere eragina du».
Non? Esaterako, BECen egoera ekonomikoan. «Bere garaian lurralde planifikazio bat eginda bazegoen, eta ondoren inguruan konpetentzia irteten bada, hori ez dago kudeatzailearen eskuetan», eta azkenean negatiboki eragiten dio, kudeaketa ona egin bada ere. Horregatik, azpiegitura edo politika publikoan bikoizketak badaude, «gizarte ikuspegitik galdu egiten da, batek irabazten duena besteak galtzen baitu». Hori ez gertatzeko, koordinazio organoetan hartu beharko lirateke erabakiak, akordioak lortzeko, «behar ez diren inbertsio gehiago ez egiteko». Baina hori teoria da, «praktikan beti baitaude interes lokalak, eta horrek ez du laguntzen koordinazio organoetan erabakiak hartzeko orduan», azaldu du Barrutiak.
Azokak, inflexio puntuan
Baina BECek dituen bikoizketa eta lehia arazoak alde batera utzita, erakustazoken funtzionamendua bera ere ezbaian jartzen ari da. Espainian, esaterako, azoketara joan ziren bisitarien kopurua %35 jaitsi da azken lau urteetan. Eta Barakaldoko erakustazokak ere indarra galdu du. Maiatzaren 10etik 13ra bitartean egin behar zen Creamoda azokaren 25. ekitaldia, esaterako, datorren urtera atzeratu dute, espero baino parte hartze txikiagoa izan delako. Eta urtetik urtera azoka gutxiago antolatu dituzte: iaz, esaterako, 25 azoka egin ziren urte guztian, eta aurten 19 egingo dira. «Lehen San Mamesen zegoen erakustazokatik azoka txikiak galduz joan gara», dio Urrutiak. Arazoa, beraz, bikoitza da: Barakaldoko erakustazokari sortu zaion lehia eta azoka kopuruen jaitsiera.
Baina beherakada hori zergatik gertatu da? Internetek enpresen arteko harremanak aldatu egin ditu, eta azokei zuzenean eragin die. «Duela gutxi arte enpresen arteko harremanak eta zelata teknologikoa azoketan egiten ziren. Baina gaur egun, horrenbeste baliabiderekin, azoken izaera aldatuz joan da», Barrutiaren arabera.
Eredu aldaketari krisiaren eragina gehitu behar zaio. «Krisiaren ondorioz, kostuak gutxitu egin dira enpresetan, eta doitzeak eguneroko gastuan eraginik ez duen gauzetatik hasi dira», Barrutiak dioenez. Eta neurri horietako batferietara joateari uztea izan da. Baina ez hori bakarrik. Gaur egun lehia edozein tokitan dago, eta azoketan enpresa batek jar dezakeen produktua kopiatzea errazagoa izan daiteke. Beraz, bi beldur horiek ere eragin egin diote azoken jardunari.
Egoera zaila delako, BECera azokak erakartzen jarraitu behar dela azaldu du Urrutiak, «eraikin honi zentzua ematen jarraitzeko». Baina nola? Azokek oraindik zentzua izan dezaten, azoken barne estrategian aldaketa beharrezkoa da Barrutiarentzat. Gaur egun ere hainbat enpresak hori ikusi dute, eta azoketan erakusten dutena ere aldatzen ari dira. Ikuspegi materialetik immaterialetara igarotzen ari dira. «Aurrerantzean, jakinduria elkarrekin trukatzeak garrantzi handiagoa izango du, bakoitzaren ohiko produkzioa zein den erakusteak baino». Horregatik, azoketako erakusmahaietan hitzaldiak eman ahal izateko lekuak egongo direla iragarri du Barrutiak: «Kongresu bat bezala, baina ponentziarik gabe, eta enpresa munduko jendearen artekoa». Beraz, era horretako jarduerekin erakustazoken geroa berma daiteke.
Proposamenak proposamen, etorkizun zaila dauka BECek. Lehia etxe alboan du eta, eta azoken eredu aldaketari aurreegin beharko dio. Erakustazokaren handitasunak hutsunearenarekin borrokatzen jarrai- tuko du.
BECen galerak
Askotan horrela, gutxitan hala
Barakaldoko BEC erakustazoka egoera ekonomiko kaskarrean dago; sortu zenetik 35 milioi euroko zorra metatu du. Gero eta azoka gutxiago antolatzen dira, eta Bizkaia Arena pabiloia apenas erabiltzen den gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu