Zorraren krisia

Astearte grisa

Defizita murrizteko hartutako neurriak azkar indarrean jartzeko eskatu die Jean-Claude Trichetek Espainiari eta ItaliariMunduko burtsa nagusiek irabaziak edo galera txikiak izan dituzte

Miren Garate - Jakes Goikoetxea
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Astelehen beltza pasatu eta gero, astearte grisa izan zen atzokoa: burtsa gehienek irabaziak edo galera txikiak izan zituzten, eta Espainiaren eta Italiaren arrisku sariek nabarmen jaisten jarraitu zuten. Ekaitzaren osteko barealdia izan daiteke, edo baita hurrengo ekaitzaren aurreko lasaitasuna ere.

Europako burtsek galerekin hasi zuten eguna, baina Wall Streeteko jarduna joera positiboarekin hasi zela ikusita, egoera irauli eta galerak txikitzea lortu zuten. Batzuek baita zenbaki berdeak izatea ere. Dena den, oraindik ikusteko dago datozen egunetako benetako joera zein izango den.

1. EBZk gehiago nahi du

Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak zintzoak izateko eta etxeko lanak egiteko eskatu zien atzo, beste behin, euroguneko herrialdeei, Espainiari eta Italiari batez ere. Zertarako? Merkatuen konfiantza berreskuratzeko, haren esanetan. Etxeko lanak egitea da, Trichetentzat, defizita murrizteko neurriak hartzea: gastuak gutxitzea eta diru sarrerak handitzea. Neurriak hartzea eta hartutakoan azkar indarrean jartzea.

EBZ herenegundik Espainiaren eta Italiaren zor bonuak erosten ari da zorraren bigarren mailako merkatuetan. Haien arrisku saria nabarmen apaltzea lortu du. Hala ere, bi herrialde horiei ohartarazi die azkartu egin behar dutela «aurrekontua egonkortzeko prozesua».

Frantziako Gobernua neurri gehiago hartzeko prest dago, Valerie Pecresse bozeramailearen esanetan. Helburua: aurten barne produktu gordinaren (BPG) %5,7ko defizita, datorren urtean %4,6koa eta 2013an %3koa.

EBZk herrialdeen zor bonuak erostea salbuespenezko neurria da. Espainiaren eta Italiaren zor bonuak erosten jarraituko du. Noiz arte? Trichetek ez zuen argitu. Zenbat erosi du? Hori ere ez zuen argitu. Astelehenean jakingo da.

Ez ditu erosiko zorraren lehen mailako merkatuan, hau da, herrialdeek zorra jaulkitzen dutenean. Ez die herrialdeei zuzenean erosiko: «Ez da ez egin behar duguna, ez egin dezakeguna». Herrialdeei erositako bonuak bigarren mailako merkatuan salerosten dira, eta bigarren mailako merkatuko prezioek eragin zuzena dute lehen mailakoan.

Trichetek euroguneko herrialdeei eskatu die lehenbailehen indarrean jar ditzatela uztailaren 21ean hitzartutako erabakiak. Besteak beste, Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsak (EFSF) herrialdeen zor bonuak erosi ahal izatea zorraren bigarren mailako merkatuetan. Horixe eskatu die Olivier Bailly Europako Batzordeko bozeramaileak ere.

Herrialde bakoitzak babestu behar ditu uztailaren 21eko erabakiak, eta, azkar jota, guztiek irailean onartuko dute. Onartzen badute. Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren alderdiko (CDU) zenbait ordezkarik alderdiaren premiazko biltzar bat nahi dute, gobernuaren eurogunerako estrategiari buruz eztabaidatzeko.

2. Arrisku saria,bere onera bueltatzen

EBZren erabakiak eragin zuzena eta berehalakoa izan du zorraren bigarren mailako merkatuetan, eta Espainiaren eta Italiaren arrisku saria izugarri jaitsi da bi egunetan. Alemaniaren hamar urterako zor bonuen interesaren eta Espainiakoen arteko aldea 271,7 oinarrizko puntura jaitsi zen atzo. Arrisku saria 398,46 puntukoa izan zen iragan ostegunean—400 puntuak ere gainditu zituen—, euroa sortu zenetik handiena. Orduan inbertitzaileek %6,284ko interesa eskatzen zuten Espainiaren hamar urterako zor bonuak erosteko; atzo, aldiz, %5,081ekoa, iazko abendutik izandako interes apalena.

Italiaren joera ere antzekoa izan zen. Arrisku saria 279,7 oinarrizko puntura jaitsi zen, eta zor publikoaren errentagarritasuna, berriz, %5,162ra, uztailaren hasieratik kopuru txikiena.

Portugalen egoera hobetu da, baina oraindik haren zenbakiak eutsiezinak dira: bi urteko zor bonuen truke %11,72ko interesa eskatzen dute —%20tik gorakoa zen uztailaren 18an— eta hamar urterako zor bonuen truke %10,60koa. Arrisku saria 830 oinarrizko puntukoa da, handia, baina uztaileko mila puntutik gorakoa baino txikiagoa.

3. Munduko burtsak, behera eta gora

Ohiko bihurtu den bezala, gorabeheratsua izan zen eguna burtsetan, oso. Frankfurteko Dax indizea da adibiderik argiena. %7 galtzen egotera iritsi zen; itxiera orduan, ordea, %0,10 bakarrik jaitsi zen. Hain zuzen, hura eta Madrilgo Ibex-15 izan ziren zenbaki gorritan amaitu zuten bakarrak—%0,6 galdu zuen hark, zortzigarren egunez jarraian behera eginda—. Londresko FTSE-100ek %1,89 irabazi zuen, eta Parisko CAC-40k %1,43. Wall Streetek goranzko joerarekin ekin zion egunari, eta lasaitu egin zituen Europako burtsak. Erreserba Federala (Fed) egitekoa zen bilera izan zen Dow Jonesen pizgarria, baina Feden erabakia jakin ostean, Dow Jones indizeak eta gainerako indize nagusiek beheranzko joera hartu zuten. Lerro hauek idazteko orduan, Dow Jonesek %0,31 galdu zuen —Erreserba Federalak iragarpena egiterako itxita zeuden Europako burtsak—.

Beldurrak airean daude inbertitzaileak, eta datu negatiborik txikienak ere ondorio handiak izaten ditu. Herenegungoa 2008tik izandako egunik txarrena izan zen burtsentzat. Frankfurtekoak %5eko galerak izan zituen, Pariskoak %4,68koak eta New Yorkekoak %3,6koak.

4. Brent upela100 dolar azpitik

«Hodeitzar ilunak» ikusten ditu Lurralde Petrolio Esportatzaileen Elkarteak (LPEE) munduko ekonomiaren gainean. Petrolioaren merkatuan ere eragina izango dutela dio, eta kontsumoaren aurreikuspenak jaitsi ditu. Aurten, eguneko 88,14 milioi upel kontsumituko direla kalkulatu du: iaz baino 1,2 milioi upel gehiago eguneko, baina uztailean kalkulatu baino 150.000 upel gutxiago. Datorren urterako aurreikuspenak ere gutxitu ditu. Eguneko aurten baino 1,3 milioi upel gehiago kontsumituko direla dio LPEEk, baina uztailean kalkulatu baino 200.000 upel gutxiago.

Prezioan ere badute eragina ekonomiaren gorabeherek. Otsailetik lehen aldiz, Brent upelaren salneurria 100 dolarretik jaitsi zen atzo —eguna dolarrean 104 amaitu zuen—. Abuztu hasieratik %8 inguru merkatu da. Gasolinan eta gasolioan ere igarri da jaitsiera, baina neurri txikiagoan. Europako Batzordeak atzo kaleratutako petrolioari buruzko buletinaren arabera,batez beste, %0,15 eta %0,23 merkatu dira. Halere, depositua betetzea iaz baino hamar euro gehiago kostatzen da.

5. Urrea, urrearen prezioan

Petrolioak behera, baina urreak gora. Atzo ere orain arteko markak hautsi zituen, eta 1.736 dolarrean itxi zuen eguna. Ezegonkortasun garaietan, babes baliotzat hartzen da, eta krisia hasiz geroztik izugarri igo da haren prezioa. 2002an, esaterako, 200 euro azpitik kotizatzen zuen ontzak.

Alemaniak uste du Italiak eta Espainiak horretaz baliatu beharko luketela, dirua lortzeko. Angela Merkel kantzilerraren alderdiak, CDUk, erreserbetan duten urrearen zati bat saltzeko proposatu die bi herrialdeei. «Aurrekontuak konpondu behar dituzte, pribatizazioak egitea edo urre erreserbak saltzea izan daitezke horretarako aukerak», esan du Michael Fuchs alderdiaren bozeramaileordeak. Iaz, antzeko zerbait proposatu zion Greziari: irlaren bat saltzeko zorrei aurre egin ahal izateko.

Italiarena da munduko urre erreserbarik handienetan laugarrena. AEBek, Alemaniak eta Nazioarteko Diru Funtsak bakarrik daukate Italiak baino urre gehiago gordeta. Italiaren urre erreserbaren balioa 90.000 milioi eurotik gorakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.