Bost urteko presondegi zigorra arriskatzen du Jon Palais Bizi mugimenduko kideak. Astelehenean epaituko dute, Akizeko auzitegian (Frantzia). «Taldean egin lapurreta» leporatzen diote, 2015eko azaroan BNP Paribas bankuak Parisen duen agentzia batetik hamalau aulki «konfiskatzeagatik». Urte bakarrean, gisa bereko dozenaka ekintza egin zituzten Euskal Herrian eta Frantzian gaindi, banku handienek zerga ihesean duten inplikazioa salatzeko.
«Aulki lapurrak» deitzen diete ekintza horietan parte hartzen dutenei. «Zerga ihesa ez da soilik enpresa eta fortuna handien kontua; bankuek antolatzen dute zerga iheserako sistema osoa», Palaisen hitzetan. Azken urteetan, elkarte eta kazetari andanak zenbait eskandalu argitara eman dituzte. Horietako bat HSBC bankuarena da, 2015eko azaroan atera zena. Horren harira, Bizi-ko kideek Baionako egoitzatik zortzi aulki «konfiskatu» zituzten. Prentsaren aitzinean, aulkiak eraman eta, HSBCk «zor duen dirua» itzultzean beraiek aulkiak itzuliko zituztela erran zuten. Poliziak Bizi-ren egoitza miatu zuen, eta HSBCri hartu zenbait aulki atzeman zituzten. Baina gainerakoak Euskal Herritik joanak ziren, eta Frantziako politika, sindikalismo eta kultura arloko jende ezagunen esku zirela agertu zen aski fite. Horren ondotik, zerga ihesaren kontrako aulki-konfiskatze ekintzak areagotu ziren; horietako batengatik auzipetu dute Palais.
Bizi mugimenduko kideak argi du beren ekintza zilegia dela. «Trantsizio sozial eta ekologikorako dirua bada: paradisu fiskaletan dago». Hori da zabaldu nahi duten mezua. «Beti erraten digute ez dela dirurik, krisi ekonomikoa delako; beraz, murrizketa politika guziak baimentzen ditu, eta zerbitzu publiko guziak xurgatzen dira», deitoratu du. Ikerketa parlamentariorako batzordeen ebaluazioen arabera, gaur egun, zerga ihesak 60 eta 80 miliar euro arteko galera eragiten dio Frantziako aurrekontuari. «Horrekin, zerbitzu publiko guziak diruzta genitzake».
Iritzi berekoa da Antoine Peillon kazetaria. Lekuko gisa parte hartuko du etziko auzian. Jarri diren aldarrikapenekin bat egiten du. «Gaur egun ministerioak erabakitzen du auzibidea ireki ala ez. Ez da inongo gardentasunik. Justiziak ere baliabide gehiago behar ditu. Cahuzac aferaren ondotik sortu den Finantza Auzitegi Nazionalak ez du kasik funtzionariorik; horrela ezin da ezer egin».Frantzian diren ate birakariak salatzen ditu, besteak beste, bankuetan lan egitera doazen estatuko funtzionarioena. Haren ustez, zerga administrazioaren eta justiziaren independentzia zalantzan jartzen du. Zerga ihesaren heina ulertzeko faktore garrantzitsuenetako bat da, Peillonen ustez.«Kontrolatu behar dutenen eta kontrolatuak izan behar direnen artean lotura oso estuak daude. Era berean, nazioartean antolatua den sistema oso bat da, finantzaren opakutasuna bermatzen duena».
Zerga ihesari auzia
«Zerga ihesaren gaia ez du oraindik bere gain hartua zinez iritzi publikoak», kexu da Jon Palais. Horregatik, zerga ihesaren auzia egiteko baliatu nahi dute asteleheneko epaiketa. Eva Joly EELVko europarlamentaria izanen da Palaisen abokatua, eta Vincent Drezet finantza publikoetako Solidaires sindikatuko idazkari nagusiak lekuko gisa deklaratuko du.
Egun osorako, animazio andana antolatu du Bizi mugimenduak Akizen. Goizean, presidentetzarako hautagai zenbaitekin eztabaida izanen da. Ondoren, elkarretaratzea eginen dute auzitegi aitzinean, eta manifestazioa hiriko karriketan barna, musika talde batzuek animaturik. Arratsalde guzian, auziaren bilakaera aztertuko dute, politika, sindikalismo, kultura eta gizarte arloko jende ezagunen lekukotasunekin. Besteak beste, Jose Bove europarlamentaria, Edgar Morin filosofoa eta Jean-François Julliard Frantziako Greenpeaceko idazkari nagusia izanen dira.
Astelehenean epaituko dute Jon Palais Bizi-ko kidea, Akizen
Zerga ihesaren kontrako ekintza batean BNP bankuaren Parisko egoitza batetik aulkiak «lapurtu» izana leporatzen diote. Zerga ihesa bera epaitzeko baliatu nahi du auzia Bizi mugimenduak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu