Astelehenean jarriko dute abian espedientea Ramon Vizcainon

Ikusiko langileek bertan behera laga dituzte protestak zuzendaritzarekin akordioa lortu ostean

Erredakzioa
2010eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Enpresan ordezkaritza duten sindikatu guztiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortu ostean, astelehean jarriko dute indarrean enplegua erregulatzeko espedientea Ramon Vizcaino enpresan. Sei hilabeteko iraupena edukiko du, urtarrilaren4tik hasita. Langile guztiei aplikatzeko baimena du enpresak, baina zuzendaritzak zehaztu du beharra dagoen sailetan bakarrik eragingo duela espedienteak.

Guztira 420 langile ditu Ramon Vizcainok, eta horietatik ia erdiak Oiartzungo (Gipuzkoa) lantegian aritzen dira. Hain zuzen, espedienteak eraginik handiena han izango duela dio enpresak. Hozte sistemak egin, instalatu eta kontrolatzen dituzte Ramon Vizcainon. Euskal Herriko eta Espainiako merkatuetan igarri dutela jaitsierarik handiena azaldu dute. Haatik, nazioarteko merkatuetako eskaerei hobeto ari dira eusten, eta Venezuelan eta Angolan presentzia handia lortu dute.

Denen ahalegina

Hamasei langile kaleratzeko asmoa zuela jakinarazi zien astelehean Ikusiko zuzendaritzak langileei. Haiek krisia aitzakiatzat erabili eta «gogokoak ez dituen langileak» bidali nahi izatea leporatu zioten.

Neurria salatzeko hainbat protesta iragarri zituzten. Besteak beste, hamasei eguneko greba zuten egitekoa. Elkarretaratzea ere egin zuten San Sebastian egunean, eta 300 langile inguru elkartu ziren diputazioaren egoitzaren aurrean.

Baina, enpresak atzo jakinarazi zuenez, akordioa lortu dute langile batzordearekin, eta, ondorioz, bertan behera geratu dira protesta guztiak. Konpainiaren eta langileen interesak uztartzen dituen proposamena onartu dutela jakinarazi dute. «Espero dugu adostasun honi esker urte askoan proiektu honen parte izaten jarraituko dugula».

Zuzendaritzaren arabera, «guztiek» egin dute ahalegina egoera desblokeatu ahal izateko. Telekomunikazio sektorean aritzen da Ikusi, eta Donostiako Miramon teknologia parkean dauka egoitza nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.