Atenasen akordioaren ostean, Greziari zorra arintzeko prest azaldu da EBZ

Sindikatuek 48 orduko greba hasiko dute gaur, azken neurriek «gizartearen heriotza» dakartelakoan

Iker Aranburu.
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Negoziazio amaigabeen ondoren, bigarren erreskatea jasotzeko urratsa egin du Greziak. Koalizio gobernua osatzen duten hiru alderdiek ontzat hartu zituzten atzo gastua 3.300 milioi euro murrizteko hainbat neurri. Gehien eztabaidatutako proposamenen artean batek aurrera egin du—gutxieneko soldata %22 jaistea—, baina pentsioak gehiago jaistea bidean geratu da.

Akordioa lortu berritan zegoela iritsi zen Evangelos Venizelos Greziako Ekonomia ministroa Bruselara, euroguneko ministroen bilerara. Berri hau idaztean artean bilduta zeuden, eta erreskatea martxan jartzeko akordiorik ez zela izango iragarri zuten Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak. Bi dira falta diren neurriak: batetik, Atenasko Legebiltzarrak atzoko akordioa onartzea eta, bestetik, Greziako Gobernua hartzekodun pribatuekin ados jartzea zorraren zati bat barkatzeko. Bata zein bestea hurrengo aste hasierarako espero ditu EBk.

Urrian hitzartutako erreskatearen arabera, bankuek eta pentsio funtsek zorraren erdia barkatu beharko diote Greziari, 100.000 milioi euro inguru. Zorraren gutxitze hori nahikoa ez delakoan, presio handia jaso du EBZ Europako Banku Zentralak ere bere ekarpena egin dezan. EBZ da Greziaren hartzekodun nagusia, merkatuetan haren 40.000 milioi euroko zorra erosi baitu. Atzo, Mario Draghi EBZko presidenteak iradoki zuen prest daudela bonu horietatik lortu behar zuten 15.000 milioi euroko irabazia barkatzeko, baina argi utzi zuen ez dutela galerarik onartuko, «hori estatu bat diruz laguntzea baita».

Greba gaur

Sindikatuek 48 orduko greba batekin erantzun diote Atenasko gobernuari. Gaur hasita eta bihar arte lanik ez egitera deitu dituzte sektore pribatuko zein publikoko langileak, eta manifestazioak egingo dituzte parlamentuaren aurrean, murrizketak onartu behar dituzten diputatuei presio egiteko asmoz. «Neurri berriek gizartearen heriotza dakarte», deitoratu dute GSEE eta Adedy sindikatuek.

«Gobernu honek ez du halako neurriak hartzeko legitimitaterik. Politikaren eta gobernuaren aldaketa eskatzen dugu. Herriaren ordua da», ziurtatu dute sindikatuek. Apirilerako daude deituta hauteskundeak, eta inkestak betetzen badira, egoera hankaz gora jarriko dute. Aste honetan kaleratutako batek garaipena iragarri dio ND alderdi kontserbadoreari, botoen %31rekin. Haren atzetik geratuko lirateke murrizketa neurrien aurkako ezkerreko hiru alderdi (Dymar sozialdemokrata, KKE komunista eta Syriza ezker erradikalaren koalizioa), eta bosgarren ageri da orain arteko alderdi nagusia, PASOK sozialista, botoen %8rekin.

Austeritate neurriak enplegua suntsitzen ari dira. Atzo zabaldu zutenez, urritik azarora beste 126.000 lagun geratu dira lanik gabe, eta jada milioi batetik gora dira langabeak. Langabezia tasa %20,9ra iritsi da, duela bi urtekoaren halako bira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.