Bilboko burtsa buruaskia balitz, atzo itxita zegokeen. Baina SIBE sistemak Espainiako burtsekin lotzen duenez, finalagatik ixteko tentaziorik ez zuten gure indize nagusiek antzeman. Eta ez zatekeen txarra: 9.000 puntuen langan jesarri zen Ibex-35, eta %2,9 galdu zuen. Aurreko asteetako euforiak lar berotu balu lez, AEBetako txikizkarien salmenta datu txarra nahikoa izan zen, galeren gorria munduko akzio nagusietan nagusiarazteko. Valentziarako hegaldiak ospatzen ibiliko zen Iberiaz (+%0,69) landa, gurean aho batez finkatu zen gorria, ordenagailu ekranetan nahiz Bilboko kaleetan: golegileak bankurik handienen artean izan ziren, %5,13 galdu baizuen Santanderrek, eta %4,62, BBVAk. Baina eurez gain, %7 pasa galdu zuen Ferrovialek; %6na pasa, Gamesak eta Bolsas y Mercados berak; eta %5na pasa, Mapfrek, OHLk eta Cintrak. 2.951 milioiren salerosketa izan zen; horietatik 775 milioi, Santanderren akzioetan. Faboritoa izatea zer den.
ING. Euskal Herrian, Internet bidezko bi bulegoren bidez, gordailuak batzen dituen Herbehereetako ING (-%11,9) bankuak 793 milioi galdu ditu, aurtengo lehen hiruhilekoan, atzo jakinarazi zuenez. Iaz, epe berean, 1.540 milioiren mozkina plazaratu ostean, gobernuaren laguntza jasoz berregituraketan aurrera jarraitzen du banku laranjak. Aseguru eta banketxe jarduerak banatzeko asmoa agertu du, eta bere balantzea 79 mila milioi euroan gutxitu du jada; 100 mila milioiren helburutik hagitz gertu, eta 5.380 lanpostu gutxitu -7.000 du helburu-.
Athleeeeeetic ! Eup!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu