Atzeraldi «leuna» aurten

Euroguneko ekonomia %0,3 eroriko da, baina murrizketak areagotzen badira, hazkundea gehiago hondoratuko daEspainiako kontuak ikusi nahi ditu Bruselak defizit helburuak arindu baino lehen

Ivan Santamaria.
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Beheraldi bat susperraldiaren bidean. Europako Batzordeak hala definitu nahi izan du kontinenteko ekonomiaren gainbehera. Hitzak tentuz aukeratu ditu. Eurogunean atzeraldi «leuna» izango da aurten. Katarro arin bat, hortaz, 2009. urtean izandako pneumonia orokorraren ordez. Udaren bueltarako iragarri du Bruselak hazkundearen onbideratzea, gainera.

EBk 2012. urterako aurreikuspenak nabarmen murriztuko zituela jakina zen, joan den urteko azken hiruhilekoan ekonomiak atzera egin ondoren. Akaso, espero baino baikorragoak izan dira gaurkotutako kalkuluak. Europako Batasuneko 27 herrialdeen ekonomiak ez du ez aurrera ez atzera egingo. Euroguneari dagokionez, barne produktu gordinak %0,3 egingo du atzera. Txanpon bakarra duten herrialdeetan %0,5eko hazkundea iragarria zuen orain arte Bruselak.

Kalkuluak egiaztatzen badira, lau urtean bigarren aldiz egingo du atzera euroguneak. 2009. urtean, hori bai, jaitsiera askoz ere handiagoa izan zen, %4,3 hain zuzen ere. Oraingo honetan zorraren krisiak eta kontu publikoetatik gastua murrizteko erabakiek susperraldiaren bidea moztu eta hondoratzera eraman dute ekonomia.

Badaezpada, baikortasun itxura hori mugatzen du aurreikuspenen txostenak. Kalkuluak egiterakoan soilik jadanik onartuta zeuden murrizketak aintzat hartu dituzte. Esaterako, ez da sartu Espainiak abenduaren 30ean iragarri zuen 15.000 milioi euroko neurri multzoa. Txostenak ez du zalantzan jartzen urtearen joanean gastua murrizteko erabaki gehiago hartuko direnik, eta ondorioak ere nahiko garbi ditu batzordeak. «Konfiantza eta merkatuen presioa arintzeko balio dezakete. Haatik, litekeena da luze gabe hazkundeari kalte egitea», dio hitzez hitz testuak.

Guztira, EBko bederatzi herrialdek atzera egingo dute, ia guztiak euroguneko partaideak. Txanpon bakarra duten herrialdeetatik at, Hungaria da atzeraldian eroriko den bakarra. Aurreikuspen aldaketa eta erorketarik handienak erreskatea jaso duten herrialdeentzat dira. Greziako ekonomiak %4,4 egingo du atzera, eta Portugalgoak, %3,3. Horien atzetik Italia (-%1,3) eta Espainia (-%1) daude. Okerrena joan den urteko azken hiruhilekoan eta aurtengo lehenbizikoan pasako da, Europako Batzordearen aburuz.

Ekonomia indartsuenei dagokienez, Alemaniak gutxigatik egingo dio ihes atzeraldiari, lehen hiruhilekoan %0,1 hazita. Alemaniako hazkundea, hala ere, nahiko txikia izango da (%0,5). Frantzia ere ez da eroriko atzeraldian, baina urteko hazkundea Alemaniakoa baino hamarren bat txikiagoa izango da. Erresuma Batuan, berriz, barne produktu gordina %0,6 handituko da.

Susperraldi «aztarnak»

Olli Rehn Ekonomia gaietarako komisarioak aurkeztu zituen aurreikuspen berriak. Nabarmendu zuen arriskuak ez direla desagertu, baina, aldi berean, krisia egonkortu dela pentsatzeko arrazoiak badirela ziurtatu zuen. Horren haritik, uste du susperraldia iradokitzen duten «aztarnarik» ez dela falta. «Neurri egokiak hartzen ari direnez, posible da konfiantza espero baino azkarrago bueltatzea», azaldu zuen Rehnek.

Greziako zalantzak argitu izanaren garrantzia azpimarratu zuen Rehnek. Atzo, gainera, zorraren parte bat kitatzeko beharrezkoak ziren lege moldaketak gehiengo osoz atera zituen aurrera Greziako Parlamentuak. Zorraren %53 (107.000 milioi) ordaindu gabe utziko ditu Greziak.

Europan krisiari aurre egiteko «beharrezkoak diren neurriak» hartu dira, komisarioaren irudiko. Defizitari aurre egitea beste edozerren gainetik lehenetsi izan du Rehnek orain arte. Atzo ere neurri gehiagoren beharra aldarrikatu zuen, baina aldi berean hazkundea eta enplegua sustatzeko erabakiak hartu beharko direla adierazi zuen.

Espainiaren defizita

Aurreikuspen ekonomikoen zain zeuden herrialde batzuk, hurrengo urratsak erabaki ahal izateko. Besteak beste, atzeraldian eroriko zela egiaztatzea nahi zuen Espainiako Gobernuak, Bruselari 2012. urterako defizit helburua lausotzea eskatu baino lehen. Aurten defizit publikoa %4,4ra mugatzeko konpromisoa indarrean du Espainiak. Helmuga oso zaila da, iazko defizit publikoak %8 gainditu zuelako.

Defizit helburuak atzeratzea nahi du Espainiak, kalkuluak egin zirenean hazkundea espero zelako, eta ez atzeraldia. Atzo, Bruselak ez zion aterik itxi helburua berrikusteari, baina baldintza batzuk ezarri zituen. Lehenik eta behin, joan den urteko datu ofizialak esku artean izan nahi ditu. «Beharrezkoa da jakitea zergatik gertatu zen irristatze fiskal hori», esan zuen Rehn komisarioak. Gainera, 2012. urterako aurrekontu proiektua onartzea exijitzen du.

Gobernuaren asmoa aurrekontuak martxoaren 30ean onartzea da, baina egutegia aurka du. Kontu horietan orain dauden defizit helmugak aintzat hartzea nahi du Europako Batzordeak — hots, %4,4 —, baina ondoren prest legoke helburua arintzeari buruz negoziatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.