Okerrena iristear dago. Ekonomia atzera egiten ari da jada, eta hala jarraituko du 2009an ere. 2009aren bigarren erdian eta 2010. urtean hasiko da berriro hazten, baina motel. Ez modu berean Europako Batasuneko herrialde guztietan. Hori guztia Europako Batzordearen aurreikuspenak zuzenak badira, baina erakundeak berak onartu du ez dakiela hala izango den, eta datuak zuhurtziaz hartzeko eskatu du.
«Ezin dugu baztertu finantza krisia larritzea edo ekonomia errealaren ahultasunak beste arazo batzuk sortzea», esan zuen Joaquin Almunia Europako Batzordeko Ekonomia eta Moneta Gaietarakokomisarioak, atzo Bruselan. Berak eman zuen Europako Batzordearen udazkeneko aurreikuspen ekonomikoen berri. Komisarioak egungo finantza krisiaren «neurria eta sakontasuna» nabarmendu zituen. Baita berria dela ere: «Lehendik ezagutu ez dugun elementu berria da, ez daukagu esperientziarik».
Europako Batasuneko ekonomia %1,4 haziko da aurten (iazko %2,9aren erdia), %0,2 datorren urtean eta %1,1 2010ean, Europako Batzordearen aurreikuspenen arabera. Europako Batzordeak puntu eta erdi jaitsi du udaberrian datorren urterako egin zuen hazkundearen aurreikuspena. Euroguneko aurreikuspenak ere antzekoak dira: %1,2 aurten, %0,1 datorren urtean eta %0,9 2010ean. Lehen atzeraldia da 1999an euroa indarrean jarri zenetik.
Europako Batasuneko ekonomia atzeraldi teknikoan dago, hau da, atzera egin du bi hiruhilekotan jarraian: %0,2 jaitsi zen bigarren hiruhilekoan, %0,1 hirugarrenean eta beste horrenbeste jaitsiko da laugarrenean.
Etxegintzaren eragina
Etxegintzaren gainbeherak larritu egin ditu finantza krisiaren ondorioak Europako Batasuneko zenbait herrialdetan: «Herrialde horietako barne eskaera apaldu egin da kanpoko eskaera ahultzen ari den garai batean».
Krisiak eragin zuzena izango du enpleguan. Europako Batzordearen arabera, 2009. eta 2010. urteetan 250.000 lanpostu inguru sortuko dira Europako Batasunean eta milioi erdi lanpostu Eurogunean. Iaz eta aurten Europako Batasunean sortu diren sei milioi lanpostuetatik oso urrun. Ondorioz, langabeziak gora egingo du «bortizki». Europako Batasuneko batez bestekoa %8koa izango da 2010ean. Aipagarria da Espainian %13,8ko langabezia aurreikusi duela 2009rako eta %15,5ekoa 2010erako; Frantzian, berriz, %9 ingurukoa.
Inbertsioek ere behera egingo dute: %5 hazi ziren iaz, %1,25 haziko dira aurten, baina %2 murriztuk dira datorren urtean. Inbertsioek 2010ean egingo dute berriro gora, %1 inguru. Eta nabarmen jaitsi diraeraikuntzan: %10 edo gehiago jaitsiko da 2010a bitartean Danimarkan, Espainian, Estonian, Irlandan eta Lituanian. «Horrek erakusten du nola hoztuko den puztuta zegoen etxegintza merkatua Europako zenbait herrialdetan», esan du Europako Batzordeak.
Kontsumoa %0,25 haziko da batez beste Europako Batasunean. Hala ere, zenbait herrialdetan -finantza edo etxegintza krisiak gehien kaltetutakoetan- jaitsi egingo dela aurreikusi du Europako Batzordeak.
Europako Batasuneko inflazioa %3,9 ingurukoa izango da aurten, iaz baino puntu eta erdi gehiago. Datozen bi urteetan, aldiz, behera egingo du. Europako Batzordeak %2,4ko inflazioa aurreikusi du datorren urterako eta txikiagoa 2010ean.
Europako Batasuneko gobernu gehienek zorpetu egin beharko dute krisiari aurre egiteko. Horrek eragin kaltegarria izango du beren defizitetan. Irlandaren defizita Barne Produktu Gordinaren (BPG) %5,5ekoa izango da urte amaieran, eta %7koa aurreikusi du Europako Batzordeak 2009rako. Espainia 2009an BPGren %5era iristea ere aurreikusi du erakundeak.
Zenbait gobernuk zuhurtziaz hartu dituzte Europako Batzordearen aurreikuspenak, Espainiakoak, esaterako. Pedro Solbes Espainiako Ekonomia ministroak atzo esan zuen «konplexua» dela datorren urterako aurreikuspenak egitea eta «irudimen asko» behar dela 2010. urteari buruz hitz egiteko.
Besteak beste, oso zaila delako zehaztea datozen urteetan petrolioaren eta lehengaien prezioek zer-nolako bilakaera izango duten. Europako Batzordeak uste du Brent upelaren prezioa 86 dolar ingurukoa izango dela datorren urtean, eta 90 dolar ingurukoa 2010ean. Janariaren eta metalen prezioek «garesti» jarraituko dutela aurreikusi du.
TB-TB-->@Informazio gehiago: http://ec.europa.eu/economy_finance/thematic_articles/article13288_en.htm
Atzeraldia, 2010 arte
Europako Batasuneko ekonomia%0,2 haziko da datorren urtean, Europako Batzordearen aurreikuspenen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu