Otsailaren 15ean jakingo dugu modu ofizialean Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak aurtengo azken hiruhilekoan atzeraldia gainditu duten. Askotan termino horrek nahasmena sortzen du - hedabideok ez dugu gehiegi lagundu - eta krisi hitzaren parekotzat hartzen bada ere, BPGaren hazkunde negatiboa baino ez du adierazten. Bi hiruhilekoz jarraian atzera egin behar du ekonomia batek atzeraldi egoera teknikoan sartzeko, baina hiruhileko batean hazkundeari berriro heltzea nahikoa da ateratzeko. Atzeraldia gainditzeak ez du esan nahi krisia amaituko denik, ordea.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Kutxak heldu den urterako aurreikuspen makroekonomikoak argitaratu dituzte. Funtsean, bat datoz erorketa gelditu dela esaterakoan. Ez da gutxi, Carlos Agirre Ogasun sailburuak kargua hartu eta berehala bi urterako atzeraldia iragarri baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoan. Kaskarrondoko mundiala hartu du ekonomiak aurten, eta kostako zaio normaltasunera itzultzea. EAEn, esaterako, urte osoan %3,5 atzera egitea espero da, sekula parekorik izan ez duen portzentajea.
Badirudi gaixoa komatik esnatu dela. Euskal Herrian eta mundo osoan botere publikoek pizgarri fiskal modura emandako botikari esker, gehienbat. 2010ean ikusi beharko da gaixoa bere kasa ibiltzen hasteko bezainbeste osatu den edo ez, laguntza kentzen zaionean. Makroekonomia gidatzen duten doktoreen arteko eztabaida nagusia da hori gaur egun.
Euskadiko Kutxaren azterketan ezer adierazgarria badago, hori enpleguari buruzko irakurketa da. Langabezia ez dela igoko ondorioztatu dute egileek. Krisia benetan gainditu dela esateko enplegua sortzea ia ezinbesteko baldintza da, baina, nondik gatozen ikusita, lanpostu gehiago ez suntsitzea albiste ona litzateke. Eusko Jaurlaritzak, zuhurrago, 15.000 enplegu garbi galduko direla iragarri du.
Euskal ekonomia enplegua sortzen berriro hasteko %1,5 eta %2 bitartean haztea beharrezkoa izango da. Hortaz, erronka zaila dirudi hazkunderik gabe egungo enplegu mailari eusteak. Erregulazio dosierren bidez, antza, langabeziaren zauria gehiago ez handitzea lortu da, baina tresna hori ekonomia hobetuko den itxaropenari lotzen zaio. Hazkunde sendorik sumatu ezean, bistan da langile gehiago kaleratzeko arriskua.
Krisia atzean uzteko lana sortu behar da, bai, baina nolako enplegua izango da? Oraingoz inork erantzun ez duen galdera da.
Atzeraldia amaitzean krisiak jarraituko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu