Berriro ere amildegiaren ertzera hurbiltzen ari da Europako ekonomia. 2012. eta 2013. urteetarako aurreikuspenak kaleratu zituen atzo Europako Batzordeak. Eta, Grezian edo Italian gertatutakoa ikusita iragar zitekeen bezala, ez dira batera onak: hazkundea gelditu egin da kontinente osoan, eta dagoeneko berriro atzera egiteko arriskua dagoela ziurtatu du Olli Rehn EBko Ekonomia komisarioak.
Inor gutxi harritu dute EBren ondorioek. Europako erakunde eta agintariek zorraren krisiari aurre egiteko agerian utzi duten ezintasunaren zama handiegia da. 2009ko atzeraldi handia gainditzeko borondate eta kemen guztia bidean gelditu da, eta gastu publikoa mugatzeko neurriekin ordezkatu dute. Susperraldia seko gelditu dela onartu du Bruselak. Udatik aurrera gainbeherak abiadura hartu du, gainera.
Ekonomia gurpil zoro batean sartu da. «Ekonomia errealaren makaltzeak, finantza publikoen ahuleziak eta finantza sektorearen arazoek elkarri kalte egiten diote, amaierarik ez duen soka batean», azaldu du EBk aurreikuspenei buruz atera duen txostenean. Konfiantza falta da, baina, barne eskaera mugatzen ari dela onartzen bada ere, gastu publikoa jaisteko neurriak ez dira zalantzan jarri.
Inor ez dago salbu
2012. urtean Europako Batasuneko 27 herrialdeen barne produktu gordina %1,9 igoko zela espero zuen Bruselak orain arte. Orain, aurreikuspen hori %0,6ra jaitsi du; alegia, iragarrita zegoenaren heren bat. Gauza bera gertatzen da euroa osatzen duten herrialdeen multzoarekin. 2013. urterako kalkuluak apur bat hobeak dira, baina betiere %2ra iritsi gabe.
Europako ekonomia nagusietako bat beraren hazkundeak ere ez du %1 gaindituko heldu den urtean. Geldialdia orokorra da. Alemaniak, esaterako, aurten ia %3 gora egin ondoren, %0,8an geratuko da heldu den urtean. Alemania, Frantzia edo Erresuma Batuan BPGa %2 inguru handitzea espero bazen ere, orain ez da ezta erdira ere iritsiko. Italiari dagokionez, berak du atzeraldian sartzeko arrisku biziena, urte osorako aurreikuspena %0,1 baino ez delako. Aurtengo azken hiruhilekoan hazkunde negatiboa iragarri du EBk Italiarentzat (-%0,2).
Erreskateen truke muturreko neurriak onartu dituzten herrialdeetan zuloa oraindik ere handitzen ari da. Grezian eta Portugalen, %3 inguru jaitsiko da berriro ekonomia datorren urtean. Eta, gainera, bi herrialde horien zor publikoak gora egingo du berriro. 2012. urtean Greziako gobernuaren zorra BPGaren %198ra iritsiko da. Grezian eta Portugalen langabeziak gora egingo du datozen bi urteetan, gainera.
Defizita eta langabezia
Heldu den urteko bigarren erdian jarduera apur bat suspertuko dela iragarri du EBk. Haatik, hobekuntza horrek ez du inolako ondoriorik izango enpleguan. «Aurreikuspenak hartzen duen tarte guztian ez da jaitsiera esanguratsurik gertatuko langabezian», dio txostenak. Hots, langabe kopurua ez da jaitsiko ez 2012an, ezta 2013an ere. EB guztian langabezia %10ean geratu da, aurtengoaren pare.
Langabeziaren zerrendako buruan Espainiak jarraituko du. Aurten, tasak %20,9an amaituko du, Bruselak egindako kalkuluen arabera, eta datorren urtean ez da jaitsiko. 2013an jaitsiera arina izango dela uste du EBk (%20,1).
Ekonomiaren ahulezia sakondu eta langabeziaren arazoa handituko bada ere, herrialde gehienek gastu publikoa gutxitzeko konpromisoarekin engaiatuta jarraituko dute. Alemaniaren kasua dago deigarrienen artean. Egonkortasun itunak ezartzen zuen mugatik behera amaituko du urtea, baina, hala ere, gastuari eusteko politika mantenduko du.
Inflazio aurreikuspenak oso txikiak dira, eta horrek EBZri ekonomia sustatzeko neurriak hartzeko aukera gehiago ematen dizkio.
Atzeraldia ate-joka Europan
2012. urterako hazkunde aurreikuspena heren batera jaitsi du EBk, eta dagoeneko ekonomiak atzera egitea ez du baztertzenBeste bi urtean langabezia ezin izango dela jaitsi ohartarazi du Bruselak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu