Beherantz doaz burtsak, duela lau edo bost urteko mailetara. Finantza krisia arinduta, beste kezka batek asaldatu ditu: krisi ekonomikoak. Atzeraldia herrialde batzuetara dagoeneko heldu dela ikusita, inbertsiogile ikaratienek saltzea erabaki dute.
Beheranzko bidean pare bat maila jaitsi zituzten Europako burtsek. Gehiago ere izan zitezkeen, une batzuetan %10eko galerak izan zituztelako. Azkenean, %5en inguruan geratu ziren indize esanguratsuenak: %5,20 Madrilek, %5 Londresek, %4,96 Frankfurtek, %4,87 Eurostoxxek eta %3,54 Parisek.
Urtea hasi denetik galerak ikusgarriak dira: %46,75 Frankfurtek, %44,98 Madrilek, %43,11 Parisek eta %39,86 Londresek.
Dibisen merkatuan ere gorabeherak oso handiak izaten ari dira, eta, oraingoz, dolarra eta yena dira irabazleak. Europako Banku Zentralaren truke tasa ofizialean, euro bakoitzak 1,2596 dolar erosten zituen. Hau da, uztailaren 15ean bere goia jo zuenetik -1,599-, euroak bere balioaren %21,7 galdu duela dolarrarekiko. Yenaren indartzea are nabarmenagoa da: uztailaren 23an euro bakoitzak 169,75 yen balio zituen eta atzo 117,40 baino ez. %30,8 gutxiago, alegia.
Analistek bi arrazoi eman dituzte: krisi garaian dolarra balio seguruagoa dela eta Europako ekonomiari buruzko kezka handiagoa dela. Atzo, esaterako, Erresuma Batuak aitortu zuen ekonomiak %0,5 egin zuela behera urteko hirugarren hiruhilekoan. Libera esterlina, ondorioz, %5 jaitsi zen dolarrarekiko.
Are gehiago hondoratu da azkenaldian Islandiako koroa, uhartea porrot egiteko bidean zegoelako. Atzo salba-gerrikoa bota zion Nazioarteko Diru Funtsak: 1.600 milioi euroko mailegua emango dio. Dirua itzultzeaz gain, Reykjavikek NDFren errezetak jarraitu beharko ditu krisitik ateratzeko. Hala ere, Islandiako Gobernuak uste du diru horrekin «oinarri ekonomiko osasuntsua» jarriko duela. Errusiako Gobernuak 4.000 milioi eman dizkio aurretik Islandiari.
Atzeraldia gainean ikusita, burtsak amildu egin dira
Nazioarteko Diru Funtsak 1.600 milioi euroko mailegua eman dio Islandiako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu