Atzeraldian dago berriro Nafarroa, BPGa %0,7 jaitsita

Ekonomiak 27 hilabete zeramatzan behera egin gabe; aurtengo azken hiruhilekoan gora egitea espero du Mirandak

Ivan Santamaria.
2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Bi urte eta hiru hilabeteren ondoren, atzeraldian sartu da berriro Nafarroa. Urtarrila eta martxoa bitartean %0,7 egin zuen behera ekonomiak, eta, hala, sei hilabetean atzera egin du, atzeraldian ofizialki sartzeko beharrezkoa den baldintza. Nafarroako Gobernuak atzeraldia 2009. urtekoa baino arinagoa izatea espero du, eta urtea amaitu baino lehen gora egiten hasiko dela kalkulatu du.

Ekonomialarientzat, oro har, kezkagarria da double dip atzeraldi bat gertatzea; alegia, 2009ko atzeraldi handia igaro ondoren hasitako susperraldi ahula blokeatzea, eta ekonomiak berriro ere behera egitea. Europako zenbait herrialde baziren egoera horretan, eta orain Hego Euskal Herria ere berriz atzeraldian da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urteko lehen hiruhilekoan BPGak izan zuen bilakaera hilaren 11n jakinaraziko du Eustatek, baina aurreikuspenak ez dira onak.

Nafarroari dagokionez, urte arteko tasan %0,5 egin du atzera ekonomiak. 2009. urteko atzeraldiaren punturik baxuenean %3,2ra iritsi zen. Gobernuak ez du hainbesterainoko murrizketarik espero oraingoan. Abuztutik irailera %1,7 jaitsi ondoren, urteko azken hilabeteetan ekonomiak gorabidea hasiko duela uste du.

Datua «oso txarra» dela onartu du Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak. Zuzentzeko aukera gutxi duela dio, ekonomiaren parte handi bat sektore pribatua delako. Aurrekontuari beste 54 milioi euroren murrizketak egingo dizkiola iragarri zuen duela gutxi.

INEk egiaztatu du Espainiako ekonomia ere atzeraldian sartu dela: %0,3 jaitsi da BPGa, Espainiako Bankuak aurreratu zuena baino hamarren bat gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.