Atzeraldiaren erritmoa bizkortzen ari da Grezian: %6,8 joan den urtean

Bigarren erreskatea emateko bilera astelehenerako utzi du EBk, xehetasunak falta zaizkiolako

Iker Aranburu.
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Defizita murrizteko neurri gogorrak Greziaren atzeraldia sakontzen ari dira. Atzo jakin zenez, iaz %6,8 egin zuen behera Greziako BPG barne produktu gordinak. Lau urte daramatza atzeraldian Greziak, eta hondoratzea, moteldu beharrean, bizkortu egin da: urteko hirugarren hiruhilekoan %5 uzkurtu zen eta %7 azkenekoan. Troikak %5,5eko atzeraldia espero zuen.

Baina BPGaren jaitsiera Greziaren pobretzearen datu bat baizik ez da. Azken urte eta erdian langabezia bikoiztu egin da, eta %21etik gora dagoelako esango dute hurrengo datuek. Soldatak %20 eta %30 artean jaitsi dira krisia hasi zenetik, eta prezioak %10 igo, kontsumoaren gaineko zerga guztiak igo egin direlako. Erosteko ahalmenaren beherakadak 60.000 enpresa eta denda ixtea ekarri du. Inbertsio publikoa %40 jaitsi zen iaz.

Eta egoerak okerrera egingo du aurten, Greziako Parlamentua gastua gehiago murriztea onartu baitzuen igandeko bozketa kalapitatsuan, egoitzaren kanpoaldean dozenaka eraikin sutan zeudela. Orduan onartutakoak indarrean nola jarri erabakitzeko eta falta diren 325 milioi euroren mozketak non egingo dituen finkatzeko bilera izan zuen atzo Atenasko gobernuak, LAOS eskuin muturreko alderdia jada kanpoan dagoela. Xehetasun horiek falta direla, euroguneko Finantza ministroek gaurko deituta zeukaten bilera astelehenera atzeratzea erabaki zuten. Orduan erabaki behar dute Greziari bigarren erreskatea ematen dioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.