Badoaz alemanak. BSHk aurki itxiko du Euskal Herrian duen azken planta. Alemaniako multinazionalak bost fabrika —Ezkirotz, Lizarra, Villatuerta, Etxarri Aranatz eta Gasteiz— eta operazio zentro bat —Uharte— izan ditu azken berrogei urteetan. Talde horrek Euskal Herrian egin duen ibilbidea industriak eta bereziki etxetresnen azpisektoreak Europan izan duen bilakaeraren eredu paradigmatiko bat ere bada.
Alemaniako taldeak erosi aurretik, sektoreko enpresek bide luzea egina zuten Euskal Herrian, eta, beren neurrian, nazioartean ere erreferente izan ziren. 1960ko hamarkadara egin behar da atzera. Industria bete-betean zegoen Hego Euskal Herria, eta Nafarroan eta Araban etxetresnen sektoreak pisu handia hartu zuen. Bi foku sortu ziren: bata, Iruñean, Superser enpresaren bueltan, eta bestea, Gasteizen, Ufesaren inguruan.
1958an, Orbaizeta anaiek ziklomotorrak egiten zituzten Iruñeko Aralar kaleko lokal batean; gerora, butano bonbona bidezko berogailuak egiten hasi ziren, Superser izenpean. Arrakasta izugarria lortu zuten Cordovillako lantegi enblematikotik ateratzen ziren berogailuei eta izozkailuei esker, eta beste enpresa batzuk erosteari ekin zioten: tartean, Lizarrako Ruiz de Alda familiak sortutako Agni garbigailu marka, eta Corcho sukaldeena. Horiek denak Safel taldean integratu zituzten 1964an. Langile kopuruari dagokionez, Nafarroako hirugarren enpresarik handiena izatera iritsi zen Safel, Auti (gaur egungo Volkswagen) eta Nafarroako Potasas meatzearen ondotik.
Baina 1980ko hamarkadako krisiak gogor jo zuen. Merkatu globaleko erronkek eta eskala ekonomiko handiagoko multinazionalen presioek taldearen lehiakortasunari eragin zioten. Safelek kiebra jo zuen, eta Nafarroako Gobernuak erreskatatu behar izan zuen. Hain justu, jabetza gobernuaren esku zegoenean eraiki zen Ezkirozko gaur egungo lantegia, 1984an.
Iruñetik Zaragozara
Planta moderno bat atonduta eta egoera onbideratuta, 1989an gobernuak salgai jarri zuen, eta nazioarteko talde indartsuek jo zuten enkantera. Azkenean, Alemaniako BSH (Bosch Siemens Hausgeräte) Frantziako Thompsoni gailendu zitzaion, eta 5.000 milioi pezetaren —30 milioi euroren— truke erosi zuen.
Urte batzuk geroago, salmenta horren detaileak egunkarietako orrietan azaldu ziren, Javier Otano Nafarroako lehendakariaren dimisioa eragin zuen komisioen kasua zela eta. Jabeen aldaketak, gainera, beste ondorio bat izan zuen: egoitza fiskala Iruñetik Zaragozara (Espainia) eraman zuten BSHkoek, urte horretan hango Balay marka ere erosi baitzuten.
Jabe berriekin urte oparoak igaro zituzten, baina 2009ko etxebizitzaren krisiak gogor jo zuen etxetresnen sektorea ere, Europako ekoizleen marka zuriak bereziki, Asiako fabrikatzaileen lehiarengatik, besteak beste.
Prozesu luze batean ostean, 2014an BSHk Lizarrako eta Villatuertako lantegiak itxi zituen, eta hango produkzioa —ontzi garbigailuak eta lehorgailuak— eta langile batzuk Ezkirozera bidali zituzten.
Ufesa, Gasteizen
BSHren beste fokua Gasteizen dago. Hemen ere 1962ra egin behar da atzera. Hego Euskal Herriko ekoizle batzuk Union de Fabricantes Electrodomesticos taldean bildu ziren, eta urtebete geroago Ufesa sortu zuten. Safelen oso antzeko bilakaera izan zuen Ufesak, eta 1998an BSHk erosi zuen. Handik sei urtera, Alemaniako taldeak Etxarri Aranazko lantokia itxi zuen, eta hango ekoizpenaren zati bat Gasteizko fabrikara bideratu.
2018an, baina, salgai jarri zuen Ufesa, eta Kataluniako B&B Trendsek erosi zuen. Arabako hiriburuko plantak —SDA Factory— 240 langile zituen orduan, eta gaur egun 55 daude. Lisatzeko gailuak egiten dituzte, edo egiten zituzten. Aurten itxiko dute.