Elvira Mendez Pinedo (Islandiako Unibertsitateko Europako Zuzenbide irakaslea)

"Aukeren leihoa zabaltzen ikusi zuten Islandian, eta orain ixten ikusten dute"

Ezer ere ez, eta aldi berean, dena aldatu da Islandian 2008az geroztik, Mendezen ustez. Baikortasuna eta ezkortasuna nahasian sentitzen ditu. Irlakoa eredu garrantzitsua delakoan dago, gizartea XXI. mendean sartu dela frogatzen duelako eta paradigma berriak behar dituela erakusten dituelako. 'Egitura' gehigarriak atzo argitaratu zuen elkarrizketa da hau.

Jon Fernandez.
2013ko apirilaren 21a
15:22
Entzun

Arnasestuka erantzun dio telefono deiari Elvira Mendez Pinedok (Madril 1966), Islandiako Unibertsitateko Europako Zuzenbide irakasleak. Reykjavikeko kaleetan, pauso bizkorrean doa, banketxetik etxera bueltan. "Barkatu, nahi baino gehiago luzatu zait bankukoa. Badakizu, corralito-pean bizi gara, eta dena atzeratzen da". Unibertsitateko bazkalordua aprobetxatu du kazetariarekin hitzordua egiteko, baina biharamunean [joan den martitzenean] Helsinkira bidaia egin behar du, eta halabeharrez pasatu behar du bankutik, hegazkineko txartelak erakutsi eta joan-etorriaren arrazoiak emateko. Baimen berezi barik ezin da dirurik atera Islandiatik. 2008ko urriko krisiaren ajeek herritarren egunerokoa astintzen dute oraindik ere. "Deitu iezadazu bost minutu barru, lasaiago berba egiteko", dio La revolución de los vikingos liburuaren (Planeta, 2012) egileak. Handik bost minutura, joan zaio arnasestuka, eta pasioz mintzo da izotzaren uharteaz.

Askok eredugarritzat jotzen dute Islandia krisiari aurre egiteko, baina corralito betean zaudete. Iluntasun asko ditu Islandiako ereduak?

Bakoitzaren bizimoldearen arabera eragiten du corralito-ak. Atzerriarekin harreman gutxi dutenei ez die horrenbeste eragiten, baina besteoi bai. Kapitalen gaineko kontrol neurri zorrotzak daude. Adibidez, ebakuntza bat egiteko atzerrira joan behar baduzu, guztia frogatu behar duzu irlatik dirua ateratzen laga diezazuten. Horrelako kasuak banan-banan aztertzen dira. Baina herritar guztioi eragiten digun arazoa, esaterako, inflazioa da. Baita gogor eragin ere.

Zenbateraino?

Gasolina, erregaiak, zerealak, kafea... produktu gehienak inportatutakoak dira, eta krisia piztu zenetik, %40 garestitu da erosketa saskia.

Soldatak, ostera, ez dira igo, txikitu baizik.

Hasieran, izoztu egin zituzten soldatak, eta, gero, sektore publikoan, %5 txikitu zizkiguten eta lan karga gehiago jarri ziguten. Azken hiru urteetan, behera egin dute lansariek, baina orain handitzen hasi dira, horrenbesteko inflazioarekin jasanezina zelako soldatarik ez igotzea.

Islandiako koroaren balioa erdira jaisteak zuzenean eragin dio erosteko ahalmenari.

Jakina. Erosketa saskia %40 igotzeaz gain, zerbitzu batzuen prezioa bikoiztu egin da. Nik gehien igarri ditudan eraginak bi izan dira: batetik, hipoteka bikoiztu egin zitzaigun, eta, bestetik, ezin nintzen Espainiara nire gurasoak bisitatzera joan. Hiru-lau laguneko familia batentzako hegazkin txartelak erosteko, hilabeteko soldata osoa gastatu behar nuen. Hegazkin txartel baten prezioa 400 eurotik 700 eurora igo zen bat-batean. Islandiarren erosteko ahalmena erdira jaitsi zitzaigun egun batetik bestera. Herritarraren erosketa ahalmenaren desjabetze bat da, eta jendeak onartzen du, oro har, gizartearentzat ona delako eta ekonomiari aurrera egitea ahalbidetzen diolako.

Krisiak Islandiako gizartea lozorrotik esnatu duela diozu liburuan. Zein bataila irabazi eta zein galdu ditu gizarteak?

"Ongi etorri corralito-ra; kontzientziaren fase gorena da", dio sareko bideo batean argentinar batek 2001eko krisian. Gauza bera gertatu da hemen. Hondamendi ekonomikoek esnarazi egiten dute gizartea. Horixe dute ona, kontzientzia pizten dutela. Dena den, 2008-2009ko neguko eskari asko bete dira: gobernuaren dimisioa, bozak aurreratzea, goi kargudunen dimisioa... Baina eskari batzuk bidean trabatu dira: konstituzioaren erreforma, adibidez. Islandiako Legebiltzarrak oraindik ez du onartu konstituzioa aldatzeko eskumena gizartearena dela eta ez parlamentuarena.

Zein puntutan dago konstituzio berria?

Gizarteak konstituzio berria eskatu zuen, ezkerreko gobernuak aldaketa agindu zuen, eta testua idazteko prozesu oso polita egon zen. Baina legebiltzarrak berebiziko hutsa egin zuen: ez zuen ganoraz landu testu berria, eta ez zuten onartu. Konstituzio aldaketak erradikalagoa izan behar zuela uste dut, eta hura onartzeko moldea ere aldatu behar zela: azken berba parlamentuari eman beharrean, gizarteari ematea.

Iazko urrian bozkatu zen konstituziorako galdeketa, eta parte hartzea %49 izan zen.

Ia %50era iritsi zen parte hartzea, eta bi herenek onartu zuten. Kontu handiz aztertu behar dira horrelako erreferendumak. Gai abstraktua zen; ez zegoen dirurik tartean. Icesaveri buruzko bi galdeketetan, esaterako, familia bakoitzak 12.000 euro ordaintzea zegoen jokoan. Konstituzioaren galdeketan, alderdiak eta gobernua ez ziren mobilizatu, eta lortutako emaitza garaipen bat izan zen. Suitzako galdeketetako parte hartzeen maila berean dago.

Dena den, oraindik airean dago konstituzio berria, ezta?

Bai. Galdeketan onartu arren, legebiltzarrak du azken erabakia, eta datorren asteko bozengatik desegin aurretik ez zuen onartu. Islandian, bi legealditako parlamentuen onarpena behar da konstituzioa onartzeko, eta, beraz, gutxienez lau urtez atzeratu dute prozesua. 

Gainera, ez dago argi bozetatik aterako den gobernuak babestuko ote duen testua.

Konstituzio berria airean dago, erabat. Oposizioko bi alderdiak kontra ditu. Testuak herrialdeko agintearen egitura aldatzen du, eta Alderdi Independentistari eta Alderdi Aurrerakoiari, biak kontserbadoreak, mesede egiten die egitura horrek, landa eremuko botoek hirikoen bikoitza balio dutelako. Puztutako ordezkaritza dute, eta ez dute hori aldatu nahi. 

Zer gertatzea espero duzu datorren zapatuko hauteskundeetan?

Espero, espero... ezuste handi bat espero dut. Izan ere, aukera guztiak zabalik daude: alderdi politikoen sistema tradizionala desegiten ari da, eta ez dakigu norantz goazen, Islandia zaharrera ala berrira. Alderdi Pirata, adibidez, indarrez sartu da kanpainan. Argi dagoen gauza bakarra da egungo ezkerreko koalizioaren gobernua erori egingo dela.

Zergatik? Huts egin die herritarren aldaketa eskariei?

Batez ere, zor pribatua berregituratzean huts egin du, eta jendeak ez dio barkatu. Gai hori da kanpainaren muina. Alderdi Aurrerakoiak, agintera itzultzeko, agindu du zorpetutako familia eta enpresei laguntzeko zergak ezarriko dizkiela irlako bi banku nagusiei erositako funts putreei, Argentinako erara. Populismoa leporatzen diote beste alderdiek.

Jendeak nahiago du alderdi kontserbadoreak itzultzea?

Aurrerakoiek jasoko duten babesa ikusteko dago, baina ez dute nahi azken mendean Islandiako alderdi nagusi izan den Alderdi Independentista itzultzerik. Inkestetan, bigarren dago; kolpe gogorra haientzat.

Zer eskatzen dute herritarrek gehiegizko zor pribatuaren arazoa konpontzeko?

Duela hiru urte, konformatuko ginateke erantzukizuna denon artean banatuta: heren bat bankuak ordaintzea, beste bat estatuak eta beste bat zorpetuak. Baina urteetan ez digute jaramonik egin, eta, orain, jarrerak asko polarizatu dira. Jendeak zorrari azken hiru-lau urteetako inflazioa ezabatzea nahi du. Hau da, zorrari %20 edo%30 ezabatzea.

Zelan bihurtu zen Islandia krisiaren lehen biktima, ekonomia eredugarria izan ostean?

Txile, Argentina, Zeelanda Berria eta abar bezala, Islandia ere muturrera eramandako politika neoliberalen laborategi bat izan da. Estatuaren esku hartzea eta erregulazioa minimoetan egon dira, eta erabateko askatasuna eman zaie aktore pribatuei: arrantza sektorean, bankan, energia sektorean... Horrek guztiak ondorioak dakartza.

Banka sektorea neurrigabe puztu zen, BPGa baino hamar aldiz handiagoa izateraino.

Politika neoliberalari gehitzen badiozu Europako Ekonomia Eremuak (EEE) emandako kapitalen mugimendu askatasuna, Europako pasaportea, eta hori kasino erako finantza kapitalismo honekin nahasten baduzu, sekulako burbuila sortzen da. Bankuek emandako kreditua, nagusiki, burbuilak puzteko erabiltzen zen: finantza aktiboetarako edo etxegintzarako. Baina kreditu hori ez zen ekonomia errealarentzat. Paradoxikoa zen krisi aurreko urteetan zinema, kultura, musika edo turismo konpainiek ez zutela krediturako sarbiderik.

Horregatik diozu liburuan Islandia bere buruaz libratu zela krisiari esker?

Bai, bai. Hogei aluminio fabrika eta hogei urtegi sortzeko makroproiektuak krisiari esker geratu ziren bertan behera, jada ez dutelako nazioarteko finantzaziorik. Bedeinkazio bat izan da hori. Konpainia hidroelektrikoak sortzeko proiektuak zituen gobernuak: glaziarrak eta biosfera erreserba naturala suntsitu eta energia aluminioaren multinazionalei oparitu, gero horiek, ingeniaritza fiskalaren bidez, ahalik eta etekinik handiena lortzeko. Hau da, ingurumen guztia suntsitzen duzu alfer-alferrik, 800 lanpostu sortzeko. Ikaragarria da.

Ingurumenaren zorionerako, baina, lehertu zen burbuila, eta Reykjavikek erreskatea eskatu zion NDFri. Austeritatea zergatik ez da izan Islandian Europa hegoaldean bezain muturrekoa?

Zorte bikoitza izan zuelako. Batetik, krisia urrian piztu zen: ordurako, estatuak jasoak zituen diru sarrera gehienak, eta, horri esker, 2009ko aurrekontuak ez ziren asko moztu. Murrizketak 2010era atzeratu ziren. Urtebeteko arnasa. Bestetik, NDF iritsi zenean, ezkerreko gobernu bat topatu zuen, eta gobernua konbentzituta zegoen karga fiskala era bidezkoan banatu behar zela. Hori eskertu behar zaio gobernuari. Desberdintasuna handitu beharrean, txikitzen ari da berriro. Egon ziren murrizketak hezkuntzan eta osasunean, baina oso txikiak. Ongizate estatua babesteko konpromisoa bete zuen.

Estatuak bankuak osorik ez erreskatatu izanak ere lagundu zuen ongizate estatuari eusteko, ezta?

Zergatik ari da Islandia ondo funtzionatzen? Bankuen atzerriko zor erraldoia ez zelako sozializatu. Kolpe batez, milaka milioi euroko zorraren zama kentzen diozu gobernuari. Halere, handia zen bankuek irlan zuten zorra, baina estatuak superabit handia zuenez maneiagarriagoa izan da bat-batean zor handi bat kudeatzea, zor publikoa BPGarekiko %90etik igo barik. 

Zergatik erabaki zuen Islandiak atzerriko gordailuak ez ordaintzea?

Zorte kolpe bat izan zen. Ez zegoen beste aukerarik. Zorra neurrigabea zen, eta Islandia ez zen gai bere gain hartzeko, eta inor ez zegoen prest irlari dirua lagatzeko. Arriskutsutzat jo zen hori egitea, baina ondo atera da.

Zelan ikusten duzu gaur Islandiako ekonomia?

Egonkor ezegonkortasunaren erdian. Baltsa batean goaz, eta flotatzen du, baina oinarriak ez dira sendoak: corralito-a, atzerriko inbertsio falta, kapitalen mugimendurik eza, ekonomian konfiantza falta...

Noiz kenduko du gobernuak corralito-a?

Uste dut bost edo hamar urte igaro arte jarraituko dutela indarrean kapitalaren kontrol neurriek. Atzerriko bonu ugari daude hemen preso, eta corralito-a kenduz gero ihes egingo lukete denek eta hondoratu egingo litzateke koroa islandiarra. Amorragarria da herritarrentzat, baina alternatiba zure monopoly dirua zero bihurtzea bada, ez dago beste irtenbiderik. Edo eurogunean sartzen da, edo epe luzerako konponbide bat bilatzen du, edo...

Islandia EBn sartzeko bidean ikusten duzu?

Ez, ez. Inondik ere ez. Islandiak XXI. mendeko baliabideak ditu: lurra, airea, ura, energia. Baliabide naturalak eta biztanle gutxi. Zergatik partekatu baliabide horiek? Zergatik eman espainiarrei arrantza?... Apurka-apurka birrintzen ari den klub batean sartzeko?... Gainera, EBk ez zuen solidaritaterik erakutsi Islandiarekin, eta orduan kendu genuen inozentziaren beloa. Islandiarrak oso pragmatikoak dira: euroaren egonkortasuna izan zitekeen onura bakarra, baina horrek ere ez du balio orain.

Gizartea aldatu da bost urtean?

Orain, polarizatuago ikusten dut, eta bere elite politikoarekin nekatuta. Egon da aktiboago eta kontzientziatuago, baina lozorrora itzultzen ari da. Aldaketa guztiak egin arren, dena lehen bezala dela ikusten dute, arazoak ez direla konpondu. Aukeren leihoa zabaltzen ikusi zuten, eta, orain, ixten ikusten dute.

Zapuztutako iraultza al da?

Zapuztutako belaunaldia da. Gertatutakoa hor dago, eta orain 30-35 urte dituztenak boterera iristean gauzatuko dituzte orain iraultzaileak diruditen ideia asko. Baina, oraingoz, ez da gertatuko, agintean dagoen belaunaldia, 50 urtetik gorakoa, ez delako aldatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.