atxiloketa

Aurka egin gabe, baina aurka

Ehunka pertsonak babestu dituzte Bilboko Aske Gunean Jon Telletxea eta Urtzi Martinez grebalariak. Kioskotik beren kasa jaitsi ostean atxilotu ditu Ertzaintzak bi gazteak. Bideoa: atxiloketaren unea (Bilboko Uriola). [YouTube]http://youtu.be/aND2NGJm8H0[/YouTube]

2014ko urriaren 12a
14:01
Entzun

Ez zuten erresistentziarik agertu, baina malda gora jarri nahi izan zieten atxiloketa ertzainei Jon Telletxeak eta Urtzi Martinezek. Bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diete bi gazteei, pintaketa batzuk egitea egotzita. Urriaren 2a zuten, berez, espetxera agertzeko azken eguna, baina gordetzea erabaki, eta atzo azaldu ziren Bilbon. Jendetza bildu zen Deustua auzoko San Pedro plazan haien alde antolatutako Aske Gunean goizetik, eta 13:45ean agertu ziren Telletxea eta Martinez bertara. Agertu eta berehala, plaza erdian dagoen kioskoko teilatura igo ziren, ordea, atxiloketa zaildu eta beren aurkako epaiaren aurka protesta egiteko. Kiosko inguruan jarri zen jendetza orduan, eta ordubete inguru behar izan zuten haiengana heltzeko ertzainek. Ehun polizia baino gehiago ziren guztira. Grebalariak Aske herri plataformak antolatu zuen Aske Gunea, eta argia zen haien deia: «Hau ez da herri harresi bat. Ez diegu ertzainei erresistentziarik jarriko». Poliziari bizkarra emanez jarri zen jendea horregatik, eta tentsio uneak izan ziren arren, ertzainek jarritako eskaileretatik beren kasa jaistea erabaki zuten grebalariek. Erresistentzia gabe, baina planto eginda. Aurka egin gabe, baina aurka eginda.

Ez zuen berehalakoan egin kioskorainoko bidea Poliziak. Hirugarren saioan lortu zuten jende artean bidea zabaldu eta eskailera kokatzeko nahiko leku sortzea. Bultzadak ere izan ziren, eta ukabilkadaka eta ostikoka ere aritu ziren ertzain batzuk jendearen aurka. Grebalarien aldeko oihuak ziren nagusi jende artean, eta baita Poliziaren aurkakoak ere. Grebalariez gain, desobedientzia egotzita beste bi pertsona ere atxilo hartu zituen Ertzaintzak jendea apartatzen ari zenean. Antolatzaileek adierazitakoa bete zuten protestan ziren gehienek; biderik ez zieten erraztu poliziei, baina ez zieten aurre egin ere. Grebalariak atxilotu arteko ordubetean, behin baino gehiagotan gogorarazi zuten antolatzaileek hura ez zela herri harresi bat. «Bizkarra emango diegu, eta zailduko diegu lana. Eskatzen dizuegu enfrentamendu zuzenik ez bilatzeko». Grebalarien aldeko txalo eta oihuak, ugari. «Denok gara grebalariak»; «Urtzi eta Telle, herria zuekin»; «herriak ez du barkatuko»; eta «borroka da bide bakarra», besteak beste.

Teilatutik jaitsi eta berehala Basauriko kartzelara eraman zuten Martinez, eta Basurtuko ospitaleko larrialdi zerbitzuetara, berriz, Telletxea. Berak egin zuen eskaria. Kioskotik bere kabuz jaitsi zen arren, lurrera heltzean ertzainek besoa bihurritu zioten, eta eskumuturrean zuen lesio zahar batean min hartu zuen horregatik. Deustutik ospitalera eraman zuten, beraz, eta ospitaletik espetxera. Bi urte eta erdiko zigorra dute orain aurretik biek.

Gizarte eragileen babesa

Herritarrez gain, eragile sozial, sindikal eta politiko sorta izan zen atzo Deustuko San Pedro plazan. Goizetik hasita izan ziren bertan Telletxea eta Martinezen askatasuna eskatzen zuen pankartari heltzen: Urtzi eta Telle aske!. Txandaka azaldu zieten babesa, ordu erdiro elkarri erreleboa hartuz. Asier Imaz LAB sindikatuko kideak hartu zuen hitza hedabideen aurrean LAB, ELA, ESK, CGT, EILAS eta CNT sindikatuen izenean: «Atxiloketen atzean azpijoko bat dagoela ikusten da argi eta garbi. Polizien adierazpenak bakarrik daude zigorraren atzean. Eta argi ikusten da antidemokratikoki inposatu nahi diguten prekaritatea halako errepresio tresnak erabiliz soilik ezar dezaketela». EH Bilduko ordezkariak ere izan ziren pankartaren atzean. Aitziber Ibaibarriaga Bilboko zinegotzia aritu zen hedabideen aurrean: «Onartezina da greba orokor batean eta beste eredu sozioekonomiko bat defendatzeagatik ezarri zaien bi urte eta erdiko zigorra».

Jende artean izan zen Libe Irisarri Bidarte ere, Telletxearen ama. Urduri, eta nekatuta, semeak gordean emandako azken bederatzi egunengatik. «Hilabeteak iruditu zaizkit azken egun hauek. Oso tentsio handikoak izan dira guretzat». Itxaro aldi horri buruz mintzo zen atxiloketen aurrean. «Oso haserre eta amorratuta gaude espetxera joango direlako». Pozik ere bai, ordea, atzokoan jasotako sostenguagatik. Nahasian zihoazen bi sentimenduak Telletxearen amarentzat, eta nahasita Grebalariak Aske herri plataformako kideentzat ere. Maitane Muñoz: «Hasieratik ikusi genuen hau Poliziaren azpijoko bat zela, eta argi genuen ezin zirela kartzelara besterik gabe sartu. Horregatik erabaki genuen denon artean Aske Gune bat sortzea. Babesa emateko, elkartasuna adierazteko, eta duintasunez betetako egun bat izateko». Eskertuta agertu zen Muñoz plazara agertutako jendearen babesarekin.

Desobedientziaren bidean

Aintzane Lekue Marcos zen Aske Gunean grebalariei babesa agertzera agertutako ehunka pertsona horietariko bat. Sostengua azaldu, eta salaketa egiteko bat egin zuen deialdiarekin. «Bi urte eta erdiko zigorra ezarri diete pintaketa batzuk egiteagatik bakarrik. Euren eta gure eskubideen alde egiteko etorri naiz. Eta baita Poliziaren eta erakundeen jarrera salatzeko ere. Hau urrats bat gehiago da, grebetan dagoen jendearen eta parte hartze sozialaren aurka egiteko. Isilik nahi gaituzte». Babesa ematen izan zen plazan Xabier Gomez ere. Gutxieneko zerbitzuetan egotea suertatu zitzaion berari Espainiako Gobernuak ezarritako lan erreformaren aurkako greban, baina Deustuan izan zen atzo. «Ez dugu uste errudunak izan direnik. Ez dute kartzelara joateko moduko ezer ere egin. Azpijoko bat izan da hau, beste asko bezalakoa. Beren burua defendatzeko besteok egiten gaituzte errudun».

Atxiloketen ostean tentsio uneak izan ziren berriz ertzainak joan ziren arte. Eta Grebalariak Aske herri plataformakoek hartu zuten hitza poliziek alde egin zutenean. «Beste urrats bat egin dugu desobedientziaren bidean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.