Gipuzkoan bezala, murrizketak datoz udazkenean Araban ere. Zerga bidez iaz kalkulatu zuena baino %10 gutxiago bilduko duela kalkulatu du Arabako Foru Aldundiak, 207 milioi euro. Uztaila arte egindako bilketa errealari abuztua eta abendua bitarteko aurreikuspena gehitu dio Aldundiak, eta emaitzak prentsaurre batean aurkeztu ditu Jose Zurita Ogasun ahaldun berriak.
Bilketaren erorketak aldundiaren aurrekontuan eragin zuzena izango luke: 40 milioi euroko zuloa eragingo dio, ezer egiten ez badu.
Desoreka hori zuzentzeko aldundiak ez du zorpetzea handitzeko asmorik. Aldiz, gastu publikoa murrizteko neurriak hartuko ditu foru gobernuak. Oraingoz, murrizketak non egingo diren zehazturik ez dagoela adierazi du Zuritak, eta beste alderdiekin negoziatuko dituztela azaldu du.
Xabier Agirre jeltzalearen gobernuak uztaila arte gastu aurrekontuaren %84 bideratuta utzi zuen. Oraindik martxan ez dauden beste ordainketa eta programetatik 40 milioi kendu ahal izatea espero du Javier de Andres popularraren foru gobernu berriak.
Aurtengo aurrekontua egiteko erabili ziren bilketa aurreikuspenak ez zirela oso errealistak izan ohartarazi du Zuritak. Finantzen Euskal Kontseilua datorren urriaren 15ean bilduko da, eta batzar horretan urteko bilketaren itxiera finkatu behar du. Bilera hori "erabakigarria" izango da, Ogasun ahaldunaren ustez.