Aurrekontuak kontrolatu eta eurobonuak sortu nahi ditu Bruselak

«Ez, ez eta ez», erantzun dio Merkelek Barrosori, ez duela onartuko euroguneko kideen zorra bateratzerik

2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Euroguneari zorraren krisia gainditzen lagunduko liekeela iritzita, eurobonuak edo «Europaren egonkortasunerako bonuak» sortzea proposatu zuen atzo Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak. Zorra modu bateratuan jaulkitzeko tresna berri horiek sortzeak denbora eskatuko lukeen arren, sortuko dituztela erabakitze hutsak «merkatuen espektatibetan berehalako eragina» izango lukeela adierazi zuen, eta presiopean dauden herrialdeek dirua merkeago lortu ahal izango dutela. Hori bai, Barrosoren ustetan, eurobonuak sortzeko ezinbesteko baldintza litzateke aurrekontuen gaineko kontrola handitzea. Proposamen guztiak liburu berde batean jasota aurkeztu zituen Bruselan.

Eurobonuak sortzea ezin hobeto etorriko litzaieke merkatuetan finantzatzeko arazoak dituzten herrialdeei. Arazorik ez dutenek, ordea, orain baino errentagarritasun handiagoa eskaini beharko lieke inbertsiogileei, Alemaniak batez ere. Horregatik, eurobonuen gaia ateratze hutsak sutan jartzen du Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. Eta halaxe gertatu zen atzo ere. Proposamenak aurkeztera belarriak gorrituta iritsi zen Barroso, Merkelek bezperan Alemaniako Parlamentuan egin zizkion kritikengatik: «Euroguneko herrialdeen zorra bateratu nahi du, justu egin ezin dena. Eurobonuak sortzea gurdia idien aurretik jartzea bezala litzateke».

Aurretik eta ondoren, Barrosok Bruselan eurobonuak sortzea proposatu orduko «ez, ez eta ez» erantzun baitzion Merkelek, ez duela eurobonuak sortzerik onartuko.

Barrosok erabat gaitzetsi zuen Merkelen jarrera, proposamena entzun aurretik kritikatzeagatik. «Helburua ez da inori kalte egitea, eta are gutxiago Alemaniari, euroguneko ekonomiarik handienari». Barrosoren esanetan, asmoa euroguneko kideen artean eztabaida sakon eta serio bat zabaltzea da, krisiari irtenbide eraginkor bat emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.