Aurrena diziplina, gero laguntza

Merkelek ez du neurri berririk proposatu: herrialdeen diru kontuen kontrol zorrotza nahi du, eta eurobonuen kontra dagoBurtsek krisia piztu zenetik aste onena izan dute, ostiraleko goi bileraren atarian

jakes goikoetxea
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Angela Merkelek presa du, zorraren krisiari berehala erantzuteko baino gehiago, euroguneko herrialdeei diziplina fiskala eta zigorrak ezartzeko. «Ez dago berehalako irtenbiderik, ez daude erantzun azkarrak eta errazak», esan zien Bundestageko parlamentariei, atzo, zorraren krisiaz. Konpontzeko urteak beharko direla zehaztu zuen, epe luzeegia euroguneak osorik jarraitzeko. Ez zuen erabili herenegun Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen drama eta larrialdi tonua.

Neurri handi batean Alemaniako kantzilerrak bereiztu egin zituen zorraren krisia eta batasun fiskala. Ez zuen epe laburreko irtenbideei buruz hitz egin. Hori bai, batasun fiskala nahi du: Europak herrialdeen aurrekontuak kontrolatzea eta defizit eta zor publikoei legezko mugak jartzea—barne produktu gordinaren %3 eta %60, hurrenez hurren—. Eta ezarritako mugetatik ateratzen direnei, Europako Justizia Auzitegiaren zigorrak. «Gaur egun akordioak dauzkagun lekuan legeek behartutako neurriak egon behar dute», Merkelen esanetan. Horretarako indarrean dauden itunak aldatu behar dira, herrialdez herrialde, oso prozesu luzea, alegia.

Konfiantza berreskuratzea da Merkelen lehentasuna. Euroguneak Alemaniaren antz handiagoa izatea nahi du. Euroguneko herrialdeak zintzoak izango direla bermatu nahi du, hau da, ez dutela gastatuko ez daukaten dirurik eta ez dituztela pilatuko zor neurrigabeak.

Presa egon badago. Europako Batasuneko agintariek euroa salbatzeko hamaikagarren goi bilera erabakigarria egingo dute ostiralean, Bruselan. Gidoia betetzen ari dira: alde batetik, itxaropen handiak, bilera erabakigarria izango dela esaten baitute; bestetik, Merkelen eta Sarkozyren protagonismoa, haiek agintzen ari baitira jarraitu beharreko bidea. Etzi bilduko dira Parisen, Bruselara eramango duten proposamena zehazteko.

Baina Europako agintarien akordioak sortutako ikusmina baino nabarmen apalagoak izan dira. Ikusteko dago ostiralean zer erabakiko duten. Eta erabakitakoak ze ondorio izango dituen, bai hurrengo egunetan zor merkatuetan, bai hurrengo hilabete eta urteetan herritarren bizimoduan.

Merkatuetan haizea alde dutela hasiko dute aste erabakigarria. Burtsen aste onena izan da 2008an krisia lehertu zenetik: Frankfurtek, Madrilek eta Milanek %10etik gora irabazi dute, eta Londresek %7,5. Italiaren hamar urteko zor bonuen interesa %7,5etik %6,5era jaitsi da, eta Espainiarena %5,5era. Espainiaren arrisku saria 500 puntutik 350era pasa da astebetean.

EBZk zorra erostearen kontra

Merkelek temati jarraitzen du, bai eurobonuen kontra, bai Europako Banku Zentralak herrialdeen zorra neurririk gabe erostearen kontra. Eurobonuek, teorian, mesede egingo lieke zor merkatuetan dirua lortzeko arazoak dituzten herrialdeei, herrialde indartsuagoen babesa ere izango luketelako dirua merkeago lortzeko. «Europako zorraren krisiari aurre egiteko eurobonuak jaulkitzea eskatzen dutenek ez dute krisia ulertu», esan zien Merkelek.

Hala bada, krisia ulertu ez duten hainbat agintari eta analista daude. Financial Times-eko Wolfgang Munchau tartean, esana baitu eurobonuena dela krisia hasi zenetik ikusi duen proposamen ofizial «zentzudun» bakarra. Munchaurentzat, Merkelek eurobonuak jaulkitzea onartu beharko luke, batasun fiskalaren truke.

Badira Merkel bere jarrera malgutzen ari dela diotenak, diziplina fiskalaren truke EBZk zorra erostea eta eurobonuak jaulkitzea onartuko duela. Ez du halakorik esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.