Aurrez hitzartu beharko da lan itunak desblokeatzeko modua

Gehienez hogei hilabeteko epea izango dute lan itun bat negoziatzeko; gero, bitartekari edo arbitroei eskatu beharko diete laguntzaBiharko Ministroen Kontseiluan onartuko dute negoziazio kolektiboaren erreforma

Donostia
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Iragan astean, Espainiako CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak hautsi egin zituzten negoziazio kolektiboaren erreformaren inguruko elkarrizketak. Arrazoia: ez zirela ados jartzen lan itunen negoziazioak desblokeatzeko moduan. Espainiako Gobernuak, ordea, topatu dio irtenbidea arazoari. Sindikatuek eta patronalak aurrez hitzartu beharko dute lan hitzarmen baten negoziazioak desblokeatzeko modua. Hala dio El País egunkariak bere webgunean jarri duen zirriborroak. Okerrik ezean, zirriborro hori onartuko du bihar Espainiako Ministroen Kontseiluak.

Zirriborroak dio sindikatuek eta patronalak gehienez hogei hilabeteko epea izango dutela lan itun bat hitzartzeko, berritzeko edo moldatzeko. Denbora hori pasa, eta artean ados jartzerik lortu ez badute, aurretik hitzartu duten bezala desblokeatu beharko dute negoziazioa. Horretarako, hainbat aukera proposatzen ditu Espainiako Gobernuaren zirriborroak. Bitartekari bati edota arbitro edo ebazle bati laguntza eskatzea dira aukera horietako bi. Bitartekariaren kasuan, hark proposatzen duen irtenbidea ez litzateke bete beharrekoa; ebazle edo arbitroaren kasuan, aldiz, bai, hark erabakitzen duena bi aldeek onartu beharko lukete, halabeharrez.

Prozedura horiei jarraiki, ia ezinezkoa litzateke hogei hilabeteren buruan langileek lan itun berririk ez izatea. Dena dela, zirriborroak argi esaten du hitzarmen berri bat adostu artean zaharrak jarraituko lukeela indarrean; alegia, langileak sekula ez liratekeela lan itunik gabe ariko lanean.

Lan ituna indarrean jartzeko orduan desadostasunik sortuko balitz, batzorde paritario bati laguntza eskatzeko aukera izango lukete langileek eta enpresaburuek. Batzorde hori sindikatuetako eta patronaleko ordezkariek osatuko lukete. Behin bide hori amaituta, «bestelako prozedurak abian jartzeko aukera legoke, bitartekaritza edo arbitrajea kasu, desadostasun kolektiboak argitzeko». Zirriborroak zehazten du arbitro baten hitzak balio juridikoa izango duela eta soilik alderdi formalari lotutako desadostasunetan jo ahal izango dela arbitro batengana.

Enpresa barruko malgutasunari dagokionez, lanaldiaren zati bat urte osoan modu irregularrean banatzeko aukera jasotzen du negoziazio kolektiboaren erreformaren zirriborroak. Lan itunek zehaztu beharko dute enpresak urteko lanaldiaren ehunetik zenbat molda dezakeen bere beharren arabera. Portzentaje horrek ezingo du %5 gainditu. Enpresaburuei gutxiegi iruditzen zaie; sindikatuei, aldiz, gehiegi.

Barne malgutasunaren inguruan desadostasunak sortzen diren kasuetan, batzorde paritariora jo beharko dute enpresaburuek eta langileek. Batzorde hori ez bada arazoa konpontzeko gai, bitartekariari edo arbitroari eskatu beharko diote laguntza.

Horrez gain, eta CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak hitzartutakoaren ildotik, negoziazio kolektiboaren erreformak enpresetako lan hitzarmenak lehenetsiko ditu probintzia, autonomia erkidego eta Espainia mailakoen ondoan.

Enpresaburuak, haserre

Juan Rosell Espainiako patronaleko presidenteari, ordea, «etsigarria eta desorekatua» iruditu zaio Espainiako Gobernuaren erreforma proposamena, ez duelako errespetatu sindikatuek eta patronalak hitzartutakoa. Enpresa mailako itunak lehenesteko orduan, lan gatazkak konpontzerakoan eta absentismoari dagokion zenbait kontutan hainbat gauza «ahaztu» zaizkiola adierazi du Rosellek. «Zenbait gauza ez ditu sartu, asmo txarrez; eta sartu duena modu desorekatuan sartu du». Rosellen esanetan, enpresaburuek ez dute negoziazio kolektiboa erreformatzeko eskatzen soilik enpresen onerako, «herrialdearen onerako baizik».

Ildo beretik, erreforma egiterakoan «ausardiaz eta sakontasunez» jotzeko eskatu dio Confebaskek Espainiako Gobernuari, «berrikuntzarik gabe eta etengabe testuingurura egokitzeko bitartekorik gabe eta eraginkortasunik gabe, egungo krisia gainditzea askoz zailagoa izango delako eta herrialdearen etorkizuna jokoan dagoelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.