Aurrezki kutxen mapa errotik aldatu den testuinguruan eman du pausoa BBK-k. Argi izan du hasieratik jokaleku hori aukera aparta izan zitekeela tamainaz handitzeko, betiere bere kontrolpeko operazioak baziren. Hots, partaidetza partekatuko bat-egiterik ez zuen nahi. Mario Fernandez BBK-ko presidenteak maiz azpimarratu du etorkizunean Bizkaiko kutxak autonomia gal zezakeen operazioetan ez zela sartuko. Horregatik, egoera txarrean diren erakundeetara jo du.
Irizpide hori betetzen du CajaSurren operazioak. BBK-k %100ean kontrolatutako banku batean bilduko dira CajaSurren aktiboak eta pasiboak.Kordobako aurrezki kutxa onbideratzeko, Espainiako Bankuak FROB salbamendu funtsetik 392 milioi euro jarriko ditu, bost urteko epean euribor gehi %0,5eko interes tasarekin itzuliko beharko direnak. Espainiako Bankuak arrazoitu du baliabide publiko horien «erabilera eraginkorrena» ziurtatzen duela BBKren eskaintzak.
Erabakia ez da behin betikoa. Espainiako Ekonomia Ministerioa aurka ez azaltzeaz gain, Europako Batasuneko lehiarako agintarien oniritzia falta da.
Kaudimena gailendu da
Lehia estua izan da. BBKz gain, BBVAk, Banco Sabadellek, Caja Madridek eta Unicajak ere Cajasur berenganatzeko proposamen bana aurkeztu zuten. Tamainari kaudimena gailendu zaio, alabaina. Erakunde horietako batzuk aktibo kopuru aldetik handiagoak dira, baina finantza osasun onean den erakunde baten alde egin du Espainiako Bankuak. Izan ere, BBK-k finantza sistemako kaudimen adierazle onenak ditu.
Hain justu, ohar batean, BBK-k azpimarratu du kaudimen adierazle «bikain» horiei esker atera dela garaile. «Foro nazionaletan zein nazioartean BBKri bere sendotasuna aitortzen zaio. Krisiari aurre egiteko hobeki prestatu garenak gara», gaineratu du Mario Fernandez BBK-ko presidenteak.
Galtzaile handiena Unicaja da. Maiatzean Malagako aurrezki kutxa horrek Kordobakoarekin bat egiteko saioa egin zuen, baina Cajasurreko orduko gestoreek -Kordobako Eliza- nahiago izan zuten Espainiako Bankuak esku hartzea Unicajarekin bat egitea baino. Operazio haren ostean, kontraerasora jo zuen berriz Unicajak. Atzetik Andaluziako Juntaren babesa zuen, gainera, gobernuak nahiago baitzuen erkidego bereko kutxen arteko bat-egitea.
Hotz hartu dute albistea orain. Berri ona ala txarra den galdetuta, Antonio Avila Andaluziako Ekonomia kontseilariak Espainiako Bankuaren erabakia errespetatzen duela bakarrik esan du, eta gaineratu du ez dutela helegiterik jarriko: «Ezin dugu». Espainiako Gobernuak erabakian atzera egin dezan presioa egiteko asmorik ez dutela dio. Andaluziarren interesak bermatzeko operazioari «ondo» erreparatuko diotela ohartarazi du, hori bai.
Unicajak, berriz, lasai hartu du albistea, «ziurgabetasuna» amaitu delakoeta beste alternatiba batzuk badituelako. Unicajak orain nabarmendu du abantailez gain operazioak «arriskuak» zituela eta CajaSurrek bere«kaudimena, berankortasuna eta likidezia» okertuko zituela.
Gobernua eta Unicaja zuhur azaldu dira, baina izan da Espainiako Bankuaren ebazpena irizpide politikoekin lotu duenik. Aurrekontuak aurrera ateratzeko PSOE beharbada EAJren beharrean egongo denez, Zapaterok jeltzaleei emandako kontzesio gisa ulertu dute zenbaitek. Adibidez, Andaluziako CCOOk. Alderdi Andaluzistak, berriz, gaitzetsi egin du «euskal bankari batek» Andaluziako presidenteak baino indar handiagoa izatea.
Mesfidantzak arintze aldera, BBK-k ziurtatu du «Kordoban zein Andaluzian» Cajasurrek duen gizarte obrari eusteko konpromisoa duela.
Andaluzian ez ezik, Euskal Herrian ere mesfidantza eragin du operazioak. «Zer egiten du BBK-k Andaluzian?», galdetu du LABek.Sindikatuaren aburuz, operazioak ez du ez hanka ez bururik: «Bere burua abertzaletzat daukan ororentzat, herrialde hau eta gizarte obra sendotzeaizan behar litzateke lehentasuna». Euskal Herria txiki geratu zaiela eta orain BBK-ko arduradunek Espainian zabaldu nahi dutela salatu du.
BBKren arabera, arrisku gabe
PPko Antonio Basagoitik, berriz, operazio ona dela deritzo, eta normaltzat jo du Andaluzian kontrako iritziak sortzea: «Alderantziz balitz, euskal herritarrek ere euskal kutxa bat nahiago lukete, baina ona da euskal kutxen inguruko mesfidantzak astintzea, normaltasunez lan egin dezaketen erakunde espainiarrak baitira».
Mario Fernandezek, berriz, ukatu egin du Cajasurrek BBK desoreka dezakeenik. Tamaina eta lehiakortasuna areagotu direla goraipatu du, baina «ehun urtetik gorako historian lortutako ondasuna arriskuan jarri gabe».
18.900
CajaSurren aktiboak. 18.960 milioi euroren aktiboak.Bulegoak. 474 bulego ditu; hamarretik bederatzi, Andaluzian.
Merkatu kuota. Kordoban %46.
Langileak. 3.012.
Emaitza. 596 milioiko galera, iaz.
CAM eta Cajasturren arteko bateratzea, zalantzan
CajaSurren jabe berriari buruzko erabakiak kutxen sektorearen birmoldatzea itxi behar zuela zirudienean, krisia piztu da Asturiasko Cajasturrek eta Alacanteko CAMek lideratu duten bat-egite birtualean. Bi kutxa horiek eta beste hiruk -Cajasturren eskuetan dagoen CCM, Caja Extremadura eta Caja Cantabria- sektoreko erakunde handienen artean hirugarrena sortzeko akordioa lortu zuten orain dela aste batzuk. Haatik, herenegun akordioa osorik onartzeari uko egin zion CAMeko administrazio kontseiluak.CAMeko agintariek ez dute begi onez ikusten taldeko kontseilari ordezkariak-Cajasturreko Manuel Menendezek- izango dituen eskumenak. Espainiako Bankuak azalpenak eskatu dizkio CAMi.
AEBetan finantza sistemaren erreforma onartu dute
Barack Obama Estatu Batuetako presidentearen sinadura baino ez da falta. AEBetako Senatuak finantza sistemaren erreforma onartu zuen herenegun gauean. 60 boto alde eta 39 boto aurka izan zen azken emaitza.Depresio Handiaz geroztik ezarritako erreformarik sakonena. Hala definitu dute atzo onartutako legedia. Obama pozik azaldu da, eta esan du erreformak finantza sektorearen gehiegikeriak amaitzeko balioko duela.
Bezeroei hipotekak banatzeko modutik bankuek ezartzen dituzten komisioetaraino, finantza merkatuko hainbatalor ukitzen ditu erreformak. Haatik, garrantzitsuenetako bat da lehen aldiz finantza deribatuen gaineko araudia eta kontrola ezartzen dituela. Beste berrikuntzetako bat da finantza sistema gainbegiratuko duen agentzia batsortuko dela eta erakunde hori arduratuko dela arazoak dituzten erakunde handien likidazioaz, baliabide publiko-rik erabili behar izan gabe. Neurri horrekin, ustez, erortzen uzteko handiegiak diren bankuen arazoa konpondu egingo da.