Urrian egin bezala, azaroan handitu egin zen Hego Euskal Herriko langabeen kopurua. INEMek lan bila ari diren 1.125 lagun gehiago zenbatu zituen joan den hilabetean; 88.879 guztira. Gainera, Hegoaldeko lau herrialdeetan egin zuen gora langabeen kopuruak.
Bizkaia izan zen emaitzarik txarrena izan zuena. 390 langabe gehiagorekin %8,16ra igo zen langabezia tasa. Atzetik Nafarroa doa, 353 langabe gehiagorekin eta Gipuzkoa eta Araba, ondoren. Azkenotan, 258 eta 124 langabe gehiago zenbatu ziren, hurrenez hurren. Hego Euskal Herrian egindako kontratu kopurua, ostera, 91.795ekoa izan zen. Horietariko 90.537 behin-behinekoak izan ziren. Nafarroako UGTren arabera, Nafarroan egindako kontratuen %90,5 aldi baterakoak izan ziren azaroan. Horrenbestez, langabezia «arin haztea baino, behin-behineko kontratuak kezkagarriagoak» direla azpimarratu zuen. Gaineratu zuenez, Europako batez bestekoaren gainetik hamar puntukoa da Nafarroako prekarietatea. Izan ere, %23an finkatu zuen tasa. Alemaniako langabezia tasak ere ez zuen emaitza positiborik islatu azaroan. Laneko Agentzia Federalaren arabera, 0,2 puntu hazi zen Alemaniako langabezia tasa azaroan eta proportzioa, beraz, %10,3ra iritsi da. Hala ere, herrialdeko lan eskaria suspertu dela azpimarratu zuten.
LANGABEZIA
Aurten bigarren aldiz, azaroan hazi egin da langabezia Hegoaldean
Hego Euskal Herrian 1.125 langabe gehiago zenbatu ditu INEMek joan den hilabetean, 88.879 guztira, eta %8,16raino iritsi da tasa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu