Urte hasiera ona izan du Irizar autobus egileak. Urtarriletik ekainera iaz garai berean baino %20 gehiago irabazi duela jakinarazi du taldeak, baina ez du zehaztu zenbat. Munduan barrena dituen fabrika guztietan hobetu ditu iazko emaitzak, baina hobetze hori askoz handiagoa izan da Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo dituen lantegietan, %40tik gorakoa hain zuzen.
Prentsa ohar batean adierazi duenez, zifra horiekin, autobus egileen sektorean erreferentziazko marka gisa egonkortzea lortu du taldeak. Hala, industria dibertsifikazioaren bidetik duela urte eta erdi hasitako bidean aurrera egingo duela jakinarazi du, lehiakorragoa izan eta merkatuan duen posizioa indartzeko.
Ormaiztegiko taldearen arabera, beretzat garrantzitsuak diren atzerriko merkatuetan ez da nabari Europako merkatuetan dagoen zalantza girorik. «Indartsu hazten ari diren merkatuak dira,eta ez zaie neke zantzurik igartzen». Hori hala, etorkizunari baikortasunez begiratzen diola azaldu du, «neurrizko baikortasunez».
Europan, aurtengo lehen seihilekoan, %15 jaitsi da autobusen merkatua; talde gipuzkoarrak jarduera bolumenari eustea lortudu, hala ere. Eta atzerrian ez ezik, etxean ere bai; krisi aurreko zenbakietatik urrun ibili arren, iaz baino indartsuago hasi du urtea. Joan den urtean lortutako emaitzak berdintzea jarri du aurtengo helburutzat.
Aurtengo lehen seihilekoan %20tik gora hazi da Irizar autobus egilea
Europatik kanpoko merkatuetan ibili da ondoen Ormaiztegiko taldea; etxean, berriz, iazkoa berdindu nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu