DOMINIQUE STRAUSS KAHN. Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria

Austeritateagatik haserre

Txekiar Errepublikan azken hogei urteotako grebarik handiena egin dute, soldata publikoak %10 jaitsiko direlako

Iker Aranburu.
2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ikasleak Ingalaterran eta Eskozian, langile publikoak Txekiar Errepublikan eta garraioalariak Grezian. Europako Batasuneko gobernuek defizit publikoak murrizteko hartutako neurri gogorren aurkako grebak eta manifestazioak ugaritzen ari dira.

Datorren asteazkenerako protesta egitera deitu du Europako Sindikatuen Konfederazioak, «Austeritatea denentzat, eta gainsariak gutxi batzuentzat» leloarekin. Manifestazio nagusia Bruselan izango da. Konfederazioko arduradunak Bruselan bilduko dira. Gerrikoen estutzea irudikatzeko, Europako Batzordearen egoitza nagusia inguratuko dute Konfederazioko kideek. Beste dozena bat herrialdetan ere protesta ekintzak antolatu dituzte Europako Sindikatuen Konfederazioko kideek, baita Euskal Herrian ere. ELAk Gasteizen biltzera deituko du, eta Euskadiko CCOOk eta UGT-Euskadik gaur jakinaraziko dute zer egingo duten, Unai Sordo eta Damaso Casado idazkari nagusien bidez.

Txekiar Errepublika Greba sektore publikoan

Erregimen sozialista erori zenetik protesta egun handiena izan zen atzo Txekiar Errepublikan. Antolatzaileen arabera, 148.000 langile publikok greba egin zuten, soldatak %10 gutxitzekoneurriaren aurka. Lanuzteak osasungintzan eta hezkuntzan izan zuen jarraipen zabalena. Praga hiriburuan bost mila lagun inguru manifestatu ziren, haien artean kultura munduko langile asko. Jaroslav Zavadil CMKOS sindikatuko buruak sektore publikoa «txikitzeaz» akusatu zuen Petr Necas lehen ministro kontserbadorea. «Ez gara gertatukoaren errudun, eta ez dugu ulertzen guk pagatu behar izatea», gaineratu zuen. Pragan ez ezik, beste hogei hiri eta herritan milaka lagun elkartu ziren.

Beste herrialde batzuekin alderatuta, ez du defizit handia Txekiar Errepublikak, barne produktu gordinaren %5,8koa iaz. Aurten %5,1ean ixtea espero du eta hartu dituen neurriekin %4,6ra jaitsiko duelakoan dago Necasen gobernua.

Grezia Garraiolarien protesta

Austeritatearen aurkako grebak eta manifestazioak eguneroko ogia bihurtu dira Grezian, herrialde hura baita, Irlandarekin batera, austeritate politika gogorrenak indarrean jartzen ari dena. Atzo garraio publikoetako langileen txanda izan zen. Gobernuak enpresa publikoetako langileen soldatak %40 txikitu nahi dituztelako egin dute protesta. Gainera, OSE trenbide publikoko beharginak kexu dira partzialki pribatizatuko dutela enpresa, eta hilabetea bukatu aurretik 6.656 langileetatik 2.700 inguru beste zeregin batzuetara bidaliko dituztela.

Giorgos Papandreuren gobernuak argudiatu du hamabost enpresa publiko nagusiek eragiten dutela defizit publikoaren erdia, eta ezinbestekoa dela gastu hori txikitzea. Bere datuen arabera, iaz 18.204 milioi euro galdu zituzten, BPGaren %7,75. Urte hori %15,4ko defizit publikoarekin bukatu zuen Greziak.

Greba goizeko bostetan hasi zen, eta autobusik eta trenik gabe utzi ziren Greziako herritarrak. Atenasen pairatu zituzten gehien ondorioak, goizetik auto ilara izugarriak izan baitziren hiriburuan sartzeko. Egoera «kaotikoa» izan zela aitortu zuen Atenasko Poliziak.

Bankuetako langileek ere hiru orduko lanuztea egin zuten, gobernuak baimena emango diolako patronalari lan itunetik behera irabaziko duten langile berriak kontratatzeko.

Ingalaterra eta Eskozia Matrikulengatik kexuka

Azken bi asteotan bezalaxe, atzo ere protestak izan ziren Ingalaterrako hainbat hiritan unibertsitateko matrikulak igotzeko proiektua salatzeko. Manifestazioak, eserialdiak eta bankuen eta alderdi politikoen bulegoen okupazio baketsuak egin zituzten ikasleek Manchester, Leeds, Sheffield eta beste hiri batzuetan. Gaur, berriz, Londresen biltzera deituta daude, Erresuma Batuko Parlamentuaren aurrean. Izan ere, gaur dute diputatuek bozkatzekoa Ingalaterran unibertsitateko matrikulak urtean 3.225 liberatik 6.000ra (9.000ra kasu batzuetan) igotzeko proposamena.

Ikusteke dago zer zenbat diputatu liberal-demokratek neurriaren aurkako botoa emango duten. Kanpainan zehar, matrikulak igotzearen aurka egingo zuela agindu zuen Nick Clegg liberal-demokraten buruak, baina orain, kontserbadoreekin agintean dagoela, atzera egin du. Ikasleen aldetik ez ezik, bere alderdiko diputatuen aldetik ere gorriak entzun behar izan ditu Cleggek, eta aitortu du diputatu batzuek kontrako botoa emango dutela. Horiei keinu bat egin zien atzo gobernuak.Horrela, matrikula pagatu ahal izateko ikasle gehienek eskatzen dituzten mailegu publikoak ez dituzte itzuli beharko lanean hasi eta urtean 21.000 libera irabazi arte. Orain arte 15.000 liberatan zegoen muga.

Neurriak Eskozian eraginik ez duen arren -matrikulak kentzea izan zen hango Parlamentuaren lehen erabakietako bat- Edinburgon ere manifestazioa izango da gaur, ikasle ingelesei elkartasuna adierazteko eta beren herrian halakorik nahi ez dutela esateko. Eskoziako Gobernuak berretsi egin du ez duela matrikularik ezarriko.



«Euroa ez da desagertuko, baina hori bai, politika ekonomiko bateratuak behar ditu»

DOMINIQUE STRAUSS KAHN
Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria




133.100

Frantziaren defizita. Urteko lehen hamar hilabeteotan 133.100 milioi euroko defizita izan du Frantziak. Iaztik hona, ezer gutxi jaitsi izan du, 1.500 milioi euro baizik ez. Urtea BPGaren %7,7ko defizitarekin bukatuko duela aurreikusi du Finantza Ministerioak.





Juncker kexu da, Alemaniak politika «sinplista» duelako

Alemaniak eurogune osorako bono publiko bakarra ezartzeko proposamena atzera botatzea oso gaizki hartu du Jean Claude Junckerrek. Euroguneko ekonomia ministroen taldeko presidentearen arabera, Berlingo gobernuak jarrera «sinplista» erakutsi du, zor mota horri ezezkoa eman diolako, «aztertzeko denbora hartu gabe». «Harrituta nago. Europan tabuak sortzeko modu bat da, eta besteen ideiei jaramonik ez egitea oso antieuroparra da», esan du Junckerrek Alemaniako Die Zeit egunkarian. Atzo bertan proposamenari ezezkoa berretsi zion Alemaniako Gobernuko bozeramaileak, Steffen Edbertek. Bono europarra gaur egungo legediarekin posible ez dela uste du Berlinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.