Autogintza

Auto berrien matrikulazioak behera egin du, lehen aldiz 2012az geroztik

Hego Euskal Herrian 51.212 auto berri saldu zituzten 2019an, aurreko urtean baino %6,8 gutxiago. Dieselaren gainbeherak jarraitzen du, eta auto hibridoek eta elektrikoek %10eko kuota lortu dute

Peugeot auto bat. Hura da salduena Hego Euskal Herrian. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 2a
20:38
Entzun

Hazkunde ekonomikoa moteldu ahala moteldu da auto berria erosteko grina ere. Aspaldiko partez, 2019an behera egin du autoen matrikulazioak Hego Euskal Herrian: 51.212 auto matrikulatu dituzte, aurreko urtean baino 3.732 gutxiago (-%6,8). Nabarmena da jaitsiera, ez soilik kopuruarengatik, baita  lehen aldia delako ere auto berrien merkatua txikitu dela 2012. urteaz geroztik.

XXI. mendeko lehen urteetan  igoera handia izan zuten matrikulazioek, besteak beste, etxea erosteko maileguarekin batera dirua iristen zelako ibilgailuaz ere jabetzeko. Krisiak praktika hori eten zuen, eta kaleratzeek, soldata jaitsierek eta beldurrak %60 txikitu zituzten salmentak. 2012an jo zuen behea merkatuak, 32.650 auto berriren matrikulazioarekin. Orduz gero urtez urte handitu dira salmentak, kopuru handitan batzuetan (+%18,3, 2014an) eta apalagoetan beste batzuetan (+%2,2, 2016an).

Neurketa sistemen eragina

Berez, merkatua 2018an hasi zen hozten. Urte horretako azken lau hilabeteetan behera egin zuten salmentek, eta orduan hasi ziren auto saltzaileen kexuak. Arrazoi teknikoago bat bazuen motelaldi horrek: CO2 isurketak neurtzeko sistema zaharkitua zerabilten autoak saltzeko azken epea abuztuaren 31 jarri zuen Europako Batzordeak, eta horrek eragin zuen udako hilabeteetan saltegiek eskaintza handiak egitea modelo horiek gainetik kentzeko. Aurreratutako salmenten ondorioa izan zen urritik abendura salmentak hondoratzea.

2019an ere izan dira aldaketak isurketak neurtzeko sistemekin: irailean jarri zen indarrean RDE azterketa berria, autoen emisioak egiazko zirkulazio egoeretan neurtzeko. Merkatuaren suspertze txiki bat eragin zuen horrek abuztuan.
Eragin mugatua izan dute, berriz, Eusko Jaurlaritzak auto zaharrak txatartegira eraman eta berria erosteko bost milioi euroren laguntzek. Martxotik maiatzera artean 2.233 ibilgailuren erosketa lagundu zuen planak.

Jaurlaritzaren Renove planak salmenten jaitsiera leundu du bere eremuko lurraldeetan. Horrela, merkatua %1,8 txikitu da Gipuzkoan, %3,5 Bizkaian eta %8,7 Araban; Nafarroan, laguntza publikorik gabe, %13,5 txikitu dira.

Dieselaren kuota, txikitzen

2019. urteko salmenten datuak baieztatu du diesel motorren gainbehera. 2015eko irailean zabaldu zenetik Volkswagenek iruzur egin zuela diesel motordun autoen benetako CO2 isurketak ezkutatzeko, zalantza ugari sortu dira motor horien egokitasunaren inguruan. Hainbat hiritan diesel zaharren zirkulazioari jarritako mugek mesfidantza areagotu egin dute. Ondorioa? Gasolioa erretzen duten autoak nagusi ziren, eta, lau urte eskasetan, merkatuaren laurdena ez dute betetzen orain: saldutako hamarretik sei ziren 2015ean, eta %23,7 izan ziren iaz. Azken urtean,  zortzi puntuko kuota galdu dute, salmentak %30 jaitsi ostean.  

Kontrako bidean doaz motor alternatiboak. Urtebetean %46 handitu dira auto horien matrikulazioak, eta haien merkatu kuotak %6,8tik %10,7ra egin du jauzi. Auto horietako gehienak hibridoak dira, baina erabat elektrikoak direnen kuota handitu egingo da hurrengo urteetan, modeloen eskaintza ugaritu eta prezioak apaldu ahala.

Edonola ere, gasolina da gaur egun jaun eta jabe: iazko salmentei eutsi die, eta 4,2 puntu handitu du bere merkatu kuota, %65,6 izateraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.