2009an laguntza publikoei esker irabazitakoa eta gehiago galdu zuen iaz autoen merkatuak. Guztira 53.052 turismo eta noranahiko berri matrikulatu ziren joan den urtean Hego Euskal Herrian, 2009an baino 6.657 gutxiago(-%11,1). Aurten ere salmentek bide beretik jarraituko dutela uste dute auto saltzaileek.
Urteak bi zati izan ditu, erabat kontrajarriak. Espainiako Gobernuak auto berriak erosteagatik emandako laguntzek iraun bitartean goranzko joera handia izan zuen merkatuak. Baina ekainean agortu zen 2000E planaren dirua, BEZa %16tik %18ra igo zen eta salmentak amildu egin ziren. Salbuespenak salbuespen, uztailetik aurrera merkatua %50 eta %30 artean jaisten aritu da. Aurreko urteko datuak laguntzek puztutakoak izateak ez ditu asko kontsolatu auto saltzaileak. Hori bai, azken hilabeteotan zertxobait moteldu da jaitsiera: %32,6koa azaroan eta %33,6koa abenduan.
Lurraldeka, Araba izan da urtea positiboan ixtea bukatu duen bakarra, %0,9 igo baitira salmentak. Beste lurraldeek antzeko emaitzak izan dituzte: %12ko jaitsiera Gipuzkoak, %12,3koa Bizkaiak eta %13koa Nafarroak. Iaz ere Araba izan zen salbuespena, %10eko merkatua galdu baitzuen eta Hegoaldeak %4,7 irabazi.
Ohi duen moduan, Renault izan da markarik arrakastatsuena, eta %10eko merkatu kuota gainditu duen bakarra: 5.965 auto matrikulatu ditu autogile frantziarrak. Haren atzetik geratu dira Volkswagen (4.731), Opel (4.512) eta Citroen (4.193). Nissan izan da gehien saldu dutenen artean emaitzak nabarmen igo dituen bakarra, eta zortzigarren postuan jarri da, Toyotaren aurretik.
Espainian, salmentak gora
Espainian, berriz, Seat izan da gehien saldutako marka, lehen aldiz azken 31 urteotan. Ez da urte txarra izan Volkswagen taldearentzat: VW bera izan da gehien saldutakoetan bigarrena eta Audi hamargarrena. Hiru markek, gainera, salmentak hobetu dituzte.
Espainiako merkatua —Hego Euskal Herriko datuak barne— %3,1 igo da, baina bigarren aldiz jarraian milioi bateko salmentak gainditzerik ez du lortu. «Zapore mingotsa utzi du urteak, historiako txarrenetarikoa izan baita», esan du Juan Antonio Sanchez Torres Ganvam kontzesionarioen patronaleko buruak. Haren arabera, kontzesionarioek prezioak murriztu behar izan dituzte bezeroak erakartzeko, eta irabazi marjinak asko estutu dituzte, «errentagarritasunaren kaltetan».
Ipar Euskal Herrian urtearekin batera amaitu dira auto berria erosteagatik emandako laguntzak. Saltzaileek, ordea, 2011 ongi hastea espero dute, abenduan egindako eskaera ugariek —%30 Renaulti eta PSAri— dirulaguntza eskuratuko baitute. Hortik aurrera ez daude ziur zer gertatuko den. 2010ean %2,2 jaitsi da auto berrien matrikulazioa Frantzian.
Auto berrien salmenta %11 jaitsi da 2010ean, laguntza publikoen amaieragatik
Abenduan beste %33 galdu du merkatuak, eta 2011. urtea ere txarra izango dela uste dute auto saltzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu