Auto berrietarako laguntza handitu du Frantziak

Auto elektrikoen ekoizpena Frantzian jartzeko konpromisoa hartu dute PSAk eta Renaultek.

Emmanuel Macron, Valeo fabrikara egindako bisitan. LUDOVIC MARIN / EFE
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 26a
20:12
Entzun

Frantziako auto industriari laguntzeko 8.000 milioi euroren plan bat iragarri du gaur Emmanuel Macron Errepublikako presidenteak, Etaples herriko auto osagaien fabrika batera egindako bisitan. Bi helburu nagusi ditu plan horrek: epe laburrean, auto ekoizleen aparkaleku beteak hustea; epe erdian eta luzean, Frantzia potentzia bat izatea auto elektrikoaren ekoizpenean.  

Ekoizleei eta saltzaileei haizea emateko, Frantziako Gobernuak handitu egingo ditu auto berriak erosteko laguntzak. Zaharra bota eta berri bat erosten dutenek 3.000 euroko laguntza jasoko dute, eta 5.000 eurokoa, berriz, berria elektrikoa bada. Laguntza horiek jasotzeko baldintzak bigundu egin ditu: 18.000 eurorainoko zerga irabazia dutenentzat izango dira (lehen, 13.489 euro). Lau herritarretik hiruk betetzen dute baldintza hori.

Auto erabat elektrikoak erosten dituzten herritarrek 7.000 euro jasoko dituzte ekainaren 1etik aitzin (6.000 orain), eta enpresek, berriz, 5.000 euro (3.000 orain). Hibridoek 2.000 euroko laguntza izango dute.

Auto elektrikoen industria Frantzian garatzea da Macronen planaren bigarren oinarria. Estatuaren laguntzekin, Renaultek Normandian jarriko du motor elektriko berriaren fabrika. PSAk, berriz, agindu du trakzio elektrikoaren kate osoa Frantziaratuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.