Auto salmentak maldan behera

Iaz baino %30 auto gutxiago saldu dira abuztuan, eta aurreikuspenak txarrak dira urte amaierarako

jakes goikoetxea
Donostia
2010eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Auto saltzaileak dardarka daude, autoen salmentak amiltzen ari baitira Hego Euskal Herrian, 2000E planaren laguntzarik gabe eta uztaileko BEZaren igoeraren ostean. %40 auto gutxiago saldu zituzten uztailean, eta %30 gutxiago saldu dituzte abuztuan, iazko datuekin alderatuta.

Jaitsiera oso handia izan da Nafarroan (-%42,5), Gipuzkoan (-%39) eta Bizkaian (-%37); Araban, aldiz, auto salmentek sekulako igoera izan dute, %66koa, iazko abuztuarekiko.

Urtarril eta abuztu arteko datuak ez dira hain txarrak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan iaz baino auto gehiago saldu baitituzte: %32, %6 eta %7, hurrenez hurren; Nafarroan, aldiz, salmentek %5,8ko jaitsiera izan dute.

Baina aintzat hartu behar da gobernuek emandako laguntzek hauspotu zituztela salmentak urtearen hasieran. Laguntzarik gabe eta ekonomia motelaldian, urtearen lehen erdian irabazitakoa bigarrenean galduko dutela uste dute saltzaileek eta ekoizleek. Ontzat jotzen dute urte amaieran iazko datuak berdintzea, iazkoa urte txarra izan zen arren. Baita 2008a ere.

Espainiako kontzesionario ofizialen elkarteak, Faconautok, uste du salmenten jaitsierak sektorearen kontzentrazioa eragingo duela eta hiru saltokitik bat itxi egingo dela epe erdian. Urtea amaitu bitartean 10.000 lanpostu gal daitezkeela kalkulatu dute Faconautok eta Ganvamek. Espainiako auto eta pieza saltzaileak eta auto konpontzaileak biltzen ditu Ganvamek. Haren esanetan, 30.000 lanpostu galdu dira sektorean krisia hasi zenetik.

Laguntza eske

Auto saltzaileek laguntzak eskatu dizkiote Espainiako Gobernuari, ekonomian garrantzi handia duen sektore horretako salmentak bultzatzeko. Industria ministroarekin bildu nahi dute.

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak auto berriak erosteko agindutako laguntzak urtearen lehen zatian agortu ziren, eta utzi egin zioten laguntzak emateari. Nafarroako Gobernuak laguntzei eusten die oraindik: 500 euro, auto bakoitzeko.





############



Juan Mari Lopez.Gipuzkoako automozio enpresen elkarteko presidentea

«Arduragabekeria hutsa da 2000E plana kentzea»

Miren Garate. Donostia

VIVE plana «desastre hutsa» izan zen, Juan Mari Lopez Gipuzkoako automozio enpresen elkarteko presidentearen iritziz. Eta kudeaketa «ezin txarragoa» izan du 2000E planakere. Hala eta guztiz ere, indarrean jarraitu behar lukeela argi du. Arrazoia sinplea da, haren ustez: «Salmentak suspertzeaz gain, zerga superabita sortzen duelako».

2000E plana amaitzearekin batera etorri damatrikulazioen gainbehera. Zer gertatuko da aurrerantzean?

Jendeari ezin diogu itxaropen faltsurik eman, 2000E plana amaitu da, eta kito. Sektoreari dagokionez, jarduera izugarri jaitsi da, eta denok dakigu irteera ez dela V formakoa izango, behean egongo garela denbora askoan. Are gehiago,Zapateroren gobernuak sortu duen ziurgabetasuna kontuan hartuta. Jendeak ez du konfiantzarik, eta inbertsioak ere geratuta daude. Susperraldia korapilatsua izango da.

Laguntzen planak indarrean jarraitu beharko lukeela uste duzu?

Administrazioak diru asko irabazi du laguntzekin. Espainiako ogasun teknikariek egindako ikerketaren arabera, laguntzetan jarritako euro bakoitzeko 3,66 euroko etekina izan du planak zergei esker.Datu hori ikusita, arduragabekeria hutsa da plana kentzea, ez dut ulertzen.

Zergatik kendu dutela uste duzu?

Iritzi publikoaren aurrean demagogia egiteagatik bakarrik, arrazoi politikoengatik. Ez dago ondo ikusita sektoreari laguntzea. Baina errentagarria da, eta hori erakutsi behar zaie herritarrei. Datua ez dugu sektorean interesa dugunok eman, ogasun teknikariek baizik.

Berriro indarrean jarriz gero orain arteko eragin berbera izango luketela laguntzek uste duzu?

Egia da laguntzen eragina murriztu egiten dela epeak luzatuz gero. Gainera, jendeak aurreratu egiten ditu erosketak, eta gero jaitsiera handia izaten da. Batzuek esaten didate nahiago dutela laguntzak lehenbailehen amaitzea eta saldu beharrekoa saltzen hastea. Ez nago ados. Krisian gaude, eta nik nahiago dut orain aurreratu erosketak, eta gero hasiko gara saldu beharrekoa saltzen. Nafarroako Gobernuak argi ikusi du hori.

Aurten autoa erosten dutenei laguntzen jarraitzea erabaki du Nafarroakoak. Halere, matrikulazioak jaitsi egin dira. Zergatik da hori?

Jaitsi egin dira salmentak, baina laguntzarik gabe gehiago jaitsiko ziren. Boom moduko bat egon da, eta merkatuak gainezka egiten duenean gutxiago saltzen da. Baina azterketa ibilgailuz ibilgailu egin behar da, eta inbertitutako euro bakoitzeko 3,66 euro jasotzen dira, hori da kontua.

Zer diote diputazioek?

Gipuzkoakoari zuzenean eskatu diot neuk laguntzekin jarraitzeko, baina ez dut uste egingo duenik. Egitekotan, Arabak eta Bizkaiak ere jarraitu beharko lukete planarekin.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.