Autogintza laguntzeko ia 6.000 milioi euro erabiliko ditu Frantziako Gobernuak

Dirulaguntzen truke, Renaultek eta PSAk agindu beharko dute ez dutela ekoizpena kanpora eramango

Iker Aranburu.
2009ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Europako Batasuna ados jartzea itxaron gabe, Frantziako Gobernuak erabaki du bere kasara lagunduko diola bere autogintzari. François Fillon lehen ministroak atzo iragarri zuenez, 5.000 eta 6.000 milioi euro artean baliatuko dituzte sektoreko eragile guztiei laguntzeko. Trukean, ekoizpena Frantzian utzi beharko dute Renaultek eta Peugeot Citroenek (PSA), eta hornitzaile frantziarrei eutsi beharko diete.

«Ez gara zain izango maileguen merkatua bere kabuz desblokeatu arte», adierazi zuen Fillonek, autogintzako industriako buruzagiekin egindako batzarrean. Hitz horiekin kritika egin nahi izan zion Bruselari, hamar aste behar izan zituelako Parisek bankuei laguntzeko plana onartzeko. Oraingoan ere Europako Batzordearen zain egon beharko du Frantziak, sektoreko enpresei eman nahi dizkien mailegu bigunek Bruselaren oniritzia behar dutelako.

Datozen egunotan zehaztuko ditu neurriak Nicolas Sarkozy Errepublikako presidenteak, baina zenbait dagoeneko aurreratu ditu Fillonek. Besteak beste, Renaulten eta PSAren finantzaketa adarrei maileguak eskatzeko bermeak emango dizkie, eta funts bat sortuko du auto garbiagoak garatzeko.

Automobilgintza da Frantziako industria sektore garrantzitsuenetako bat, hamar langiletik bat enplegatzen dituelako: 750.000 lagun zuzenean eta 2,5 milioi lotutako zerbitzuak zenbatuz gero. Frantzia izan da 2008an auto salmentak ongien eutsi duen herrialdea, %0,7 baizik ez delako jaitsi -%7,9 murriztu da EBn-. Horren arrazoietako bat da auto zaharrak bota eta gutxiago kutsatzen duen berria erostearen truke mila euroko laguntza ematen duela Estatuak.

Kostu handiagoak

Ekoizpena kanpora ez ateratzeko konpromisoa onartuko duten arren, autogile frantziarrek ez diote Gobernuari men egin. Carlos Ghosn Renaulteko presidenteak zerga profesionala bertan behera uzteko eskatu zion Filloni. Haren arabera, Frantzian kotxe bat egitea Ekialdeko Europan baino 1.400 euro garestiagoa da, eta horretatik 1.000 euro dagozkio zerga profesionalari. Esku lanaren aldea 400 eurokoa omen da.

Ghosnek ziurtatu zuen sektoreak jasotako laguntzak oso txikiak direla eta ez dutela eragotziko aurten 150.000 eta 200.000 enplegu artean desagertzea Euro- pan. ACEA autogintzako patronalaren arabera, ekoizpena %15 edo %20 murriztu beharko dute aurten, eskariari egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.