Araba, Bizkai eta Gipuzkoako automobilgintza sektorea egoera onean dago. Hala azaldu du Jose Esmoris Acicae klusterreko presidenteak: “Sektore segurua da, eta merezi du bertan inbertsioak egitea, datozen hilabeteetan ere indartsua izango baita”. Ziurtasunez hitz egin du gaur goizean emandako prentsaurrekoan, 2017ko datuek horretarako tartea eskaintzen diotelako. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden 300 automobilgintza enpresa hartzen ditu klusterrak —Mercedes ez da bertako kidea—, eta iazko fakturazioek %11,7 egin zuten gora. Denera, 18.300 milioi euro fakturatu zituzten klusterreko enpresek, eta, horren eraginez, EAEn dituzten lantegietan 2.840 lanpostu gehiago sortu zituen, %7,4 gehiago. Guztira, 38.000 langile ingururi ematen diote beharra automobilgintzako enpresa horiek.
Fakturazio datu horiek adierazgarriak direla azaltzeko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %25 direla esanda zenbatekoaren tamaina har daiteke. “Gure salmenten erdia baino gehiago Europatik kanpo egiten dugu”, azaldu du Esmorisek. Atzerrian lantegi gehiago zabaldu dituzte enpresa horiek, eta egun 284 lantegi dituzte 29 herrialdetan.
2017a urte ona izan zen, eta aurtengoaz beste horrenbeste espero du Acicaek. “Aurten ere hazten jarraitzea da aurreikuspena, eta %8 ingurukoa izango dela espero dugu”. Hala ere, horrek ez du esan nahi lanpostu gehiago sortuko direnik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, hazkunde horrek bere baitan izango baititu nazioarteko merkatuak. Hala ere, sektorea osasuntsu dagoen adierazle gisa azaldu du datu hori.