Koronabirusaren krisiaren kalteak konpontzeko beste neurri sorta bat onartu du Espainiako Gobernuak. Horien ondorioz, autonomoek eta enpresa txikiek aukera izango dute Gizarte Segurantzaren kotizazioak sei hilabetez atzeratzeko. Sari bereziak sortu dituzte lana osorik edo partez galdu duten etxeko langileentzat eta orain lanik gabe geratu diren aldi baterako langileetako batzuentzat. Gainera, laguntza batzuk jaso ahal izango dituzte alokairua edo hipoteka ordaintzeko arazoak dituztenek, baita argindarra eta etxeko beste gastu batzuei aurre egiterik ez dutenek ere.
Etxegabetzerik ez hurrengo sei hilabeteetan
Gobernuko bi alderdiek atzo adostutakotik ezer gutxi aldatu da alor honetan. Zaurgarri diren eta beste etxebizitzaren bat izateko aukerarik ez duten maizterren etxegabetzerik ez da egingo sei hilabetez, alarma egoera bukatzen denean kontatzen hasita. Horrez gain, iraungitzear zeuden alokairu kontratuak automatikoki beste sei hilabetez luzatu beharko dituzte etxejabeek, eta, ondorioz, ez da izango igoerarik alokairu horietan.
Maizterrek, era berean, ICOren interes gabeko mikromaileguak izango dituzte alokairuak ordaintzeko laguntza gisa, eta, haiek itzultzeko, seitik hamar urtera bitarteko epea izango dute. Horrela, Pablo Iglesias lehendakariordearen arabera, ziurtatuko dute diru sarrera hori ez dutela galduko etxejabe txikiek —«pentsio urria alokatutako etxe batekin osatzen duen bikote pentsiodunek», haren esanetan—.
Mailegu txiki horiek emateko, Espainiako Gobernuak zaurgarritasun egoerako maizter gisa hartuko ditu koronabirusarengatik eta larrialdi egoerarengatik kaleratutakoak, aldi baterako erregulazioan sartu direnak, eta egoera dela kausa sarrerak maila jakin batean murriztuta dauzkaten autonomoek.
Azken buruan, itzulketa horren epea amaituta, maizterren batek ezingo balu mailegurik itzuli, estatuaren funts publikoetatik aterako da dirua, Iglesiasek zehaztu duenez.
Hori bai, dekretuak bereizi egiten ditu etxejabe txikiak eta handiak. Alokairuen sektorean dauden inbertsio funtsek eta higiezin talde handiek euren ekarpena egin behar dutela uste du gobernuak. Horregatik, zaurgarri dauden maizterrek ezinezkoa badute alokairu ordaintzea, zorraren erdia barkatu beharko diote etxejabe handi horiek, edo bestela zorra berregituratu, hiru urteko epean ordaindu ahal izateko.
Hipotekak: kasu gehiagotan atzeratu ahal izango dira ordainketak
Krisiaren ondorioz hipoteka mailegua ordaindu ezin dutenentzako atzerapena kasu gehiagotara zabaldu du gobernuak. Lehen etxebizitzen kasuez gain, bankuek ezingo diete kobratu lokal eta bulegoen gaineko hipotekarik jarduera etenda edo sarrerak murriztuta dauzkaten autonomoei, alarma egoera amaitutzat ematen den hilabeteko azken egunera arte. Ordaindu gabeko alokairuak dituzten etxejabeek ere, pertsona fisikoak badira, eska dezakete atzerapen hori hipotekentzat.
Energia eta ura: ezingo da eten larrialdiak iraun bitartean
Aurretik hartutako neurria orokortu egingo du atzo onartutako dekretuak: ezingo zaio inori argindarrik, gasik eta urik kendu larrialdiak irauten duen bitartean. Argindarrerako eta gaserako bonu soziala lortzeko baldintzak arindu egingo direla ere iragarri du Iglesiasek, eta laguntza hori eskatu ahal izango dute krisi honen ondorioz kaleratutako langileek eta jarduerarik gabe gelditutako autonomoek.
440 euroko subsidio berezia aldi baterako langileentzat
Gobernuak 440 euroko subsidio berezia onartu du alarma egoerak iraun bitartean behin-behineko lan kontratua bukatu eta langabezia sarirako eskubiderik ez duten langileentzat. Hilabeteko ordaina izango da, eta gutxienez bi hilabeteko kontratua zuten langileentzako izango da. Ez da bateragarria izango beste gutxieneko errenta, subsidio eta antzekoekin. Horrek esan nahi du Hego Euskal Herrian egoera horretan daudenek erabaki beharko dutela hura eskatu nahi duten, ala DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan— edo errenta bermatua —Nafarroan— eskatzea komeni zaien.
Hilabeteko saria etxeko langileentzat
Gizarte Segurantzan egon arren, etxeko langileek ez dute langabezia saririk izaten, eta subsidio bat izango da haientzat ere, larrialdi egoerak iraun bitartean kaleratuak izaten badira, edo lan orduak murriztu badizkiete. Hilabete bakarreko subsidioa izango da, kotizazio oinarriaren %70 —kotizazio oinarria osatzen dute soldata gordinak eta aparteko sarien dagokien zatia—. Hego Euskal Herrian 37.000 langile inguruk kotizatzen dute etxeko langileen erregimenean.
Kontsumo laguntzak
Kontsumoko kredituen ordainketetan ere atzerapena izango dute egoera ekonomiko larrian dauden pertsonek. Hiru hilabete egin ahal izango dituzte ordaindu gabe. Bertan behera gelditutako bidaien inguruan, berriz, gobernuak onartu du bezeroek bonu bat izango dutela urtebetez. Epe horretan erabiliko ez balute, jarri duten dirua itzuli egin beharko zaie.
Autonomoen kotizazioak
Gizarte Segurantzako kotizazioen sei hilabeteko moratoria ere onartu du gobernuak, autonomoentzako eta enpresa ertain eta txikientzako. Apirileko kuota atzeratzeko eskatzen dutenek hilaren 10era arte izango dute epea, eta %0,5eko interesa ordaindu beharko dute —normalean %3,5 izan ohi da—. Interesik ez dute pagatuko maiatzeko, ekaineko eta uztaileko kuota atzeratzeagatik. Gainera, zorretan dauden kotizazioen ordainketa ere atzeratu ahalko da ekainaren 30era arte. Aldi baterako erregulazioa eskatu duten enpresetan soilik maiatzeko eta ekaineko kuotak atzeratu ahal izango dituzte, orain salbuetsita daudelako.