Neurri bereziak garai berezietarako. Koronabirusak ekonomian eragingo duen kaltea samurtzeko ahaleginean urratsa egin dute Araba eta Bizkaiko aldundiek; Gipuzkoak ere, ziurrenez, berehala hartuko du bide hori, Zergen Koordinaziorako Organoa bildu ostean. Aldundiek zergapekoei ordainketak geroratzeko moduak eskainiko dizkiete, eta, aldi berean, ogasunek haiei egin beharreko itzulketak aurreratuko dituzte. Aldaketek, batez ere, langile autonomoei eta enpresa txikiei arnasa pixka bat ematea dute xede.
Hiru dira langile autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei eragingo dieten neurri nagusiak. Lehenik, zerga zorren ordainketa geroratu egin ahalko dute, bermerik jarri gabe, eta berandutze interesik ordaindu gabe. Indarrean dauden gerorapenak ere luzatu egingo dira.
Bigarrenik, 2020. urteko lehen bi hiruhilekoei dagozkien langile autonomoen PFEZaren autolikidazioak eta ordainketa zatikatuak ere eten egingo dira.
Azkenik, ogasunek, ahal duten neurrian, itzulketak —BEZarenak, esaterako— aurreratu egingo dizkiete autonomoei.Â
Era berean, aldundiak errenta kanpainaren lehen astean bertan hasiko dira PFEZren zergapekoei egin beharreko itzulpenak egiten.Â
Gipuzkoaren erabakia
Gipuzkoako Aldundiak ez du gaur neurri gehiago hartu, baina aurki hartuko ditu, ZKO Zergak Koordinatzeko Organoa biltzen denean.
Joan den ostegunean erabaki zuten atzera daitekeen zerga kopurua handitzea, eta errenta modu mekanizatuan aurkezteko epea udazkenera atzeratzea.Â
Â