Gizarte Segurantzak autonomoei ezohiko laguntzak ematen jarraituko du. Ekainaren 30ean ziren amaitzekoak koronabirusaren ondorioengatik beren jarduna eten behar izan duten autonomoentzako laguntzak, baina Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioak eta autonomoen elkarteek gaur goizean adostu dutenez, luzatu egingo dute epea, printzipioz, irailaren 30era arte.
Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantza, Inklusio eta Migrazio Ministroak azaldu duenez, udako denboraldian —uztailetik irailera— euren jarduera erabat etengo duten edo fakturazioan %75etik gorako galera izango duten autonomoentzako «laguntza gehigarri bat» izango da. Gainera, negozioa irekia izan arren ere jaso ahalko dute, eta ez dute kotizatu beharko laguntza jasotzen duten bitartean.
Urteko hirugarren hiruhilekoko fakturazioan halako beherakadarik izan ez baina orain arte laguntzak jaso dituztenei, berriz, autonomoen kuotan murrizketak aplikatuko dizkie Madrilek: ez dute kuotarik ordaindu beharko uztailean; abuztuan, erdia ordaindu beharko dute; eta irailean, hiru laurdenak.
Autonomoek azken asteetan egin dituzten eskarietako bat ere onartu dute: sasoikako autonomoei ezohiko diru laguntza bat ordaintzea. Espainiako Gobernuak alarma egoera indarrean jarri eta autonomoentzako diru laguntzak onartu zituenean, laguntza haiek jaso gabe geratu ziren sasoikako langileak, ez zeudelako Gizarte Segurantzan izena emanda orduan.
38.000 autonomo
Diru laguntza berezia jaso nahi dutenek mutualitateen bidez egin behar dute eskaria, eta, onartuz gero, autonomoak bere kotizazio oinarriaren %70 jasotzen du —661 euroko gutxienekoa kotizatu badu eta haurrik ez badu—. Apirilean, Gizarte Segurantza laguntza horiek ematen hasi zenean, Hego Euskal Herriko 38.000 autonomok jaso zuten. Guztira, oraingoz, 2.500 milioi euro jarri ditu horretarako Madrilek.