Egunkaria auzia jauzi kualitatiboa da euskalgintzaren aurka; Dubairen auzian, aldiz, Abu Dhabik salbatzailearena egiteak jauzia eragin du akzio azoketan. Jakina da burtsan eguneroko auzia dela kotizazioak jasaten dituena: jauziak aurrera nahiz atzera egin litezke. Atzokoan, jauzia aurrerantz egin zuen Ibex-35 (+%0,77) indizeak, baina, auzian, 1.682 milioiren salerosketa ahula argudia liteke aringarritzat. Bi banku handienak %1,3na igo eta 600 milioitik gora mugitzeak adierazten du interesak zein lerratuak dauden gure tropelaren kasuan; Edurnezuri (+%0,15) lekuko pasibo gisa begira zutelarik, 337 milioi mugituz. Asteon Erreserba Federala elkartzen denean mugimendu gehiago gerta liteke, baina, gertuago, Espainiaren bilakaera ekonomikoa batetik eta Greziak Eurogunearentzat eragiten duen zalantza mamua bestetik, badira nahiko auzi. Burtsan ez da elkartasunik eta Sacyr (+%4,02) igo zen bezala (baina ez horregatik), Banesto (-%0,9) jaitsi zen.
Endesak (+%1,94) akziodun txiki gutxi ditu jada eta datorren urtarrilaren 4a aukeratu du akzioko 0,5 euroko dibidendu gordina banatzeko; 2010ean txikioi eragingo dien zerga igoerari jaramonik egin gabe, alegia. Bestelako bidea hartu du Grifolsek (+%1,07): akzioko 0,15 euroko dibidendu gordina ordainduko du ostiralean eta, berau 2009an egiteari esker, faktura fiskala arinduko die bere kasuan ugariagoak diren akziodun txikiei. Vocentok (+%4,05) ere fiskalki onuragarria den bidea hartu du akziodunei ordaintzeko: bere 1,25 milioi akzio berrerosi ditu.
Auziak eta jauziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu