Auzitegi Gorenak argindarra urtarriletik igotzera behartu du Espainiako Gobernua

Aurki bi igoerari aurre egin beharko diete erabiltzaileek: urtarrilekoari eta apirilekoari

2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Berri txarrak Hego Euskal Herriko argindar erabiltzaileentzat. Apirilarekin fakturaren garestitzea etorriko dela jakinarazi zuen herenegun Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak. Atzo, berriz, urtarrileko tarifaren izoztea legez kanpokotzat jo, eta atzeranzko eraginarekin igotzeko agindu zion Espainiako Auzitegi Gorenak Espainiako Gobernuari. Horrek esan nahi du kontsumitzaileek bi igoerari egin beharko dietela aurre aurki: urtarrilekoari eta apirilekoari.

Argindarraren tarifak bi zati izaten ditu. Erdia, sarbideko tarifa deritzona, Espainiako Gobernuak erabakitzen du; beste erdia argindar ekoizleek eta merkaturatzaileek erabakitzen dute, enkante bidez. Abenduko enkantean jaitsi egin zen argindar eskaria, eta, horrenbestez, baita haren prezioa ere. Hori baliatuz, Espainiako Gobernuak %10 igo zuen hari dagokion partea, eta argindarraren prezioak lehengoan jarraitu zuen, igoerarik gabe. Gobernuak finkatzen duen zati horrek, ordea, legeak zehazten dituen hainbat kostu estaltzeko adinakoa behar du izan, eta, argindar konpainien irudiko, ez da iristen. Abenduan ere esan zioten beharrezkoa zela sarbideko tarifa %25 inguru igotzea.

Horregatik, Iberdrolak eta Endesak Espainiako Gobernuaren erabakiaren kontra egin dute, eta Auzitegi Gorenak arrazoia eman die. Kontua da urtez urte handituz doala tarifek eragindako defizita, erabiltzaileek hilero ordaintzen dutenarekin ezin daitezkeelako fakturak jasotzen dituen kontzeptu guztiak ordaindu, besteak beste, energia berriztagarriei ematen zaizkien laguntzak ere handik finantzatzen direlako. Ondorioz, erabiltzaileek geroz eta diru gehiago zor diete argindar konpainiei. Egun, 24.000 milioi euro ingurukoa da zorra, CNE Espainiako Energia Batzordearen esanetan.

Baina bada lege bat defizit horri mugak jartzen dizkiona. Haren arabera, aurten tarifek eragindako defizitak ezin du gainditu 1.500 milioi euroko muga, baina aurreko urteetan gertatu dena ikusita, Madrilek zein argindar konpainiek ondotxo dakite muga hori errespetatzea ezinezkoa izango dela. Espainiako Gobernuaren ustetan, 2.000 milioi euro ingurura hurbildu liteke zorra; industriaren ustetan, 5.000 milioi eurora ere bai.

900 milioi euroko desoreka

Horiek horrela, Auzitegi Gorenak ebatzi du onartezina dela defizita legeak zehazten duena baino handiagoa dela jakin eta sarbideko tarifa gehiago ez igotzea, eta erabakian atzera egin eta urtarrilaz geroztik prezioan igoera handiagoa aplikatzeko agindu dio gobernuari. Iberdrolak eta Endesak jakinarazi dute hiru hilabeteotan jarduera arautuetan 904 milioi euroko desoreka izan dutela gastuen eta sarreren artean, eta hori litzatekeela gobernuak urtarrileko tarifa igo ostean argindar konpainiek berreskuratu beharko luketen zenbatekoa.

Bi urtean hirugarren aldia da Auzitegi Gorenak gisa horretako erabaki bat hartzen duela. Joan den ekainean PSOEren gobernuak eta PPk tarifak ez igotzeko egindako akordioa indargabetu zuen aurrena. Gauza bera egin zuen urrian tarifak izozteko hartutako erabakiarekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.