Ayra Cardanek lan finkoa behin-behinekoan eraldatu duela salatu du ELAk

Urte eta erdiko greba mugagabearekin aurrera egitea erabaki dute Bilboko Koyo enpresako langileek

Erredakzioa
Donostia
2010eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Krisiaren ondorioz lanik ez zuela argudiatuta, Dana Spicer Ayra Cardan Itziarko (Gipuzkoa) enpresak 46 langile kaleratu zituen urtarrilean. Gipuzkoako Lan Ordezkaritzaren erabakia gaitzetsi zuen ELAk orduan, ekoizpenaren jaitsieraren frogarik aurkeztu ez zutelako. Sindikatuaren ustez, zuzendaritzak lan finkoa prekario bihurtzeko asmoa zuen, eta, atzo jakinarazi zutenez, hala dela egiaztatzen dute azken kontratuek. Izan ere, urte hasieran bidalitako hogei lagun baino gehiago aldi baterako kontratuekin hasi dira berriz lanean.

ELArentzat, langile horien «kontratu finkoak behin-behinekoan eraldatzea lortu du» Ayra Cardanek. Baina lantegira itzulitakoak ez ezik otsailetik azpikontratatutako hainbat langile ere hartu dituztela salatu du sindikatuak. Gipuzkoako Lan Sailarekin hitzartutako erregulazioan, bata zein bestea galarazita zeuzkan enpresak.

Horren guztiaren ondorioz, zuzendaritzak langile finkoen kopurua gutxitzea eta malgutasun handia ezartzea lortu duela dio ELAk. Horrez gain, «maisu jokaldi» horretan administrazioaren eta beste sindikatu batzuen laguntza izan dutela salatu du. Hala, LABeko, UGTko eta CCOOko ordezkariekin «aipatugabeko akordioa» negoziatu zuen enpresak, erregulazioa aurkeztu eta Lan Sailak onartu aurretik.

Debako lantegian, besteak beste, transmisioak egiten dituzte 4x4 autoentzat eta ibilgailu erdi-astunentzat.

Hemezortzi hilabeteko greba

Bilboko Koyo enpresako langileek, bestalde, 2009ko apirilaren 6an hasitako greba mugagabearekin jarraitzeko erabakia hartu zuten atzo, batzarrean bildu ostean. Hemendik aurrera, langileek astebeteko lanuzteak tartekatuko dituzte lanekoekin, zuzendaritza presionatzeko asmoz.

Errekalde auzoko lantegia kudeatzen zuen Timken AEBetako multinazionalak hamasei langile kaleratu eta lan ituna baliogabetu izana salatzeko hasi zuten greba, baina, ELAk esan duenez, jabe berriek ez dituzte langileen ordezkariak hartu nahi izan.

Japoniako Koyo Bearing taldeak urte hasiean erosi zion enpresa Timkeni, langile gehienak zortzi hilabeteko greban zeudenean. Hasiera batean, itxaropentsu azaldu ziren zuzendaritza berriarekin negoziatzeko aukera izango zutelakoan, baina «jarrera irmoa eta itxia» izan dute haiekin ez hitz egiteko, «erakunde publikoen eskaerei ere muzin eginda».

Errodamenduak egiten dituen enpresak espedientea aurkeztu zuen iaz, eta baimena ukatu ziotenean, lan ituna bertan behera uztea erabaki zuen zuzendaritzak, langileei Bizkaiko sektore hitzarmena inposatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.