Azaroaren 14rako greba orokorrera deitu nahi dute UGTk eta CCOOk

Bihar jakinaraziko dute behin betiko erabakia Espainiako bi sindikatu nagusiek, beste 150 gizarte erakunderekin bateraEuropako Sindikatuen Konfederazioak protestak antolatuko ditu egun horretan

Erredakzioa
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Beste greba orokor bat izango da Hego Euskal Herrian, urteko hirugarrena. Datorren azaroaren 14rako lanuztera deitzeko asmoa dute Espainiako sindikatu nagusiek, UGTk eta CCOOk. CES Europako Sindikatuen Konfederazioak egun horretan protestak antolatzea erabaki du, eta aterki hori baliatu nahi dute UGTk eta CCOOk deialdia bultzatzeko.

Erabaki ofiziala bihar hartuko dute bi sindikatuek, Espainiako beste 150 gizarte erakunderekin batera egingo duten goi bilera sozialaren harira. Haatik, lanuzte orokorraren aukera bolo-bolo ibili da azken egunotan, eta atzo arratsaldean deialdia aurreratu zuten zenbait hedabidek. Bihar bi sindikatuen organo konfederalak bilduko dira, eta bilera horietatik deialdi ofiziala ateratzea espero da.

Gauzatzen bada, aurtengo hirugarren lanuzte orokorrerako deialdia izango da Hego Euskal Herrian. Martxoaren 29an Mariano Raxoiren gobernuaren lan erreformaren aurkako mobilizazioa egun berean antolatu zituzten sindikatu adierazgarri guztiek. Joan den irailaren 26an, berriz, lanuzte orokorra antolatu zuten ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek, 50 gizarte eragilerekin elkarlanean. Protestaren helburua murrizketak salatzea zen.

CES konfederazioko batzorde eragileak bilera egin zuen atzo, Bruselan. Bilera horretan mobilizazioen beharra aldarrikatuko zuela iragarrita zuen Ignacio Fernandez Toxo CCOO sindikatuko idazkari nagusi eta CESeko txandako presidenteak, eta hala egingo dute. Hain zuzen ere, azaroaren 14rako «ekintza eta elkartasun eguna» deitu du CESek, besteak beste, grebak eta manifestazioak izango dituena. Murrizketa eta austeritate politikak salatu, eta «Europa soziala» aldarrikatuko dute. «Ekonomia gelditzera, atzeraldi larri batera eta Europako gizarte eredua ezabatzera eramaten ari dira austeritate neurriak», dio CESeko batzordeak atzo onartu zuen agiriak.

Hainbat herrialdetan hasiak dira protestak antolatzen. Portugal izan zen lehenbizikoa, eta Pedro Passos Coelho lehen ministro kontserbadorearen kontrako lanuzterako deia egina dute sindikatuek. Grezian ere litekeena da greba orokorrera deitzea. Italia, Zipre eta Maltako erakundeak ere ari dira aukera hori aztertzen. Espainian deialdi historikoa litzateke, UGTk eta CCOOk ez dutelako sekula bi lanuztera urte berean deitu. Gainera, Kataluniako hauteskunde kanpainaren barruan egingo litzateke.

Sei lanuzte orain arte

Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek datozen egunotan argitu beharko dute deialdiari buruz duten iritzia. Orain arte, gehiengo sindikaleko erakundeak oso aktiboak izan dira krisiaren eta hainbat erreformaren aurkako borrokan. Sei lanuzte izan dira Hego Euskal Herrian krisi ekonomikoa hasi zenetik.

2009. urteko maiatzaren 21ean egin zuten sindikatu abertzaleek lehenbiziko greba deialdia. Politikak ez baziren aldatzen, gainbehera ekonomikoaren ondorioak langileek ordainduko zituztela aldarrikatu zuten orduan sindikatuek. Urtebete geroago, 2010eko ekainaren 29an, Zapateroren gobernuak onartutako lan erreformaren aurka lanuztea antolatu zuten, eta CCOOk ere egun bererako deitu zuen. CCOOk, UGTrekin batera, Espainiako deialdiari erantzun, eta greba egin zuen irailaren 29an.

Mobilizazioekin abiatu zen 2011 ere. Urtarrilaren 27an pentsioen erreforma kalean salatu zuten sindikatu abertzaleek. Aurten, berriz, bi deialdi antolatu dira: martxoaren 29an lan erreformaren aurka eta irailaren 26an murrizketen kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.