Azeleragailua zapalduta piztu diren labeak

Autogintzak eta eraikuntzak gora egin ahala, metalgintzan sumatu dute lehenik hazkunde hori. Altzairu lantegiek %7,6 handitu zuten iaz ekoizpena, eta, oraindik fundizioen daturik ez dagoen arren, 2014a urte ona izan dela dio sektoreak. Urte hau ere ona izatea espero dute denek.

Lander Muñagorri Garmendia.
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Piztu zen finantza krisia, eta harekin batera hoztu zen ekonomia. Eraikuntza sektorea geratu egin zen, eta automobilgintza enpresei gutxitu egin zitzaizkien eskaerak. Itoaldiaren erdian, jendeak etxebizitzak eta autoak erosteari utzi egin zion. Orain, ekonomia biziberritzen hasi dela entzuten da, eta bi sektoreak hobetzen hasi direla dirudi. 2014ko datuekin alderatuz gero, esaterako, %30 handitu zen autoen salmenta, eta joan den urtean eginiko herri lanak 2013koak halako bi izan ziren. Ekonomian eragin zuzena dauka bi aldagai horiek hobera egiteak,oso estu lotuta daudelako Euskal Herriko industria sektore nagusiarekin: metalgintzarekin. Horren jakitun dago Asier San Millan, Siderex Hego Euskal Herriko altzairu preklusterreko zuzendaria. Krisi garaian hozturiko esparru hori, beraz, berotzen hasi dela dio, eta urte hau ona izango dela espero du. Joan den urtea baino hobea bai, gutxienez.

Eta hori, nahiz eta 2014a azken urteetako onena izan den altzairugintzan. «Guri eskaera handiena eraikuntzatik eta automobilgintzatik iristen zaigu, eta, horregatik, igoera bat sumatu dugu eskaeretan». Adierazpen horiek eginda, pentsa liteke San Millan gustura dagoela, baina ez da horrela. Joan den urtean 2013an baino %7,6 gehiago ekoitzi zuten, eta, hori datu positibotzat hartu badu ere, urte hasiera gogorra izan zela gogoratu du: «2014 amaieran hasi ziren eraikuntza eta automobilgintza suspertzen, eta orduan handitu zen, era berean, altzairu eskaera». Alegia, gaizki hasitakoa ondo amaitu zela, eta horrek utzi diela zapore gozoa. 2015. urtea bide onean hasi da, eta horregatik espero ditu datu hobeak.

Edozein modutan, euskal altzairugintzak urrun du bere egoera onena. 2008. urtean hasi zen ekoizpena jaisten, eta, 2013an apur bat gora egin zuen arren, 2014. urtea izan da aspaldian sektoreak izan duen urterik onena. 4,16 milioi tona ekoitzi zituzten Hegoaldeko lantegiek, bi urtez lau milioi tonatik behera ibili ondoren. Baina San Millanek ez du txapligurik bota nahi izan, ezta gutxiago ere. Iazko ekoizpena 2007ko 7,5 milioi tonatik urrun geratu da, eta, horregatik, lan handia egin behar dela dio. Hala ere, uste du egonkortzeko bidea har dezakeela laster sektoreak, apurka baldin bada ere. Urte amaierarako altzairu ekoizpena %2 gehituko dela espero du; hala balitz, 4,24 milioi tonara iritsiko litzateke.

Altzairugintzaren ikuspegi eta aurreikuspen positibo hori du fundizioen sektoreak ere. Metalgintzako beste sektore garrantzitsuenaren lan poltsa bi puntu hazi da batez beste, eta orain %77 da, Marcelino Alzaga FEAF Hego Euskal Herriko fundizioen preklusterreko zuzendariak azaldu duenez. Edozein modutan, gaur -gaurkoz dauzkaten eskaerak «eskasak» direla nabarmendu du, baina jakitun dago zentzuzko datuak direla ezegonkortasun giroaren erdian. «Ikusitakoa ikusita, ez daukagu kexatzerik, ez».

Ekoizpenak ere gora egin du galdategien kasuan, baina krisia hasi zenetik gorabehera ugari izan ditu sektoreak. Urtea ondo amaitu zela dio Alzagak, oraindik behin betiko daturik ez badute ere. Baina ez da egoeraz fidatzen, «aurreko urteetan ere antzeko igoerak izan dituelako sektoreak». 2008an 599.002 tona metal urtu eta ekoitzi zituzten fundizioek, eta hurrengo urtean iritsi zen krisia: 409.536 tonara jaitsi zen produkzioa. Ordutik 2011ra arte berriz gora egin zuen ekoizpenak, bi urtean 566.543 tonara iritsi arte. «Egoera ezegonkorra izan dugu orain arte, baina urtea ekoizpen maila onekin hasi dugu, eta iazkoa baino hobea izango da», esan du, hazkundea zehaztu gabe.

Azken urteko hazkundea ulertzeko, fundizioen preklusterreko zuzendariak arrazoi nagusi bat jarri du, batez ere: autogintza suspertu izana. Izan ere, galdategietatik ateratzen den metalaren %81 doa auto fabriketara. Joan den urtean autoen salmentak gora egin zuen —Hego Euskal Herrian %18,3 handitu zen—, eta horrek asko lagundu diela onartu du. Aurten ere auto salmenta gora egiten ari da —%30,3 Hegoaldean, martxora arte—, eta horren beharra du fundizioen sektoreak zenbakiak hobetzen jarraitzeko.

Ekoizpen gehiena, kanpora

Metalgintzak esportazioen bidetik egin du hobera. «Duela zenbait hamarkada, ekoizpenaren %75 bertan geratzen zen; orain, produzitzen den altzairuaren %57 inguru doa kanpora», azaldu du San Millanek. Gainera, orain altzairua ekoizten duten enpresen oinarria dela dio: «Barne eskaria geldirik dagoenetik, enpresek kanpora joatea erabaki dute, eta horrek eusten dio orain sektoreari». Berdin gertatzen da fundizioekin ere. Joan den urtean, ekoitzi zutenaren %65 bidali zuten Hegoaldetik eta Espainiatik kanpora. «Krisia hasi denetik bost puntu igo da ehuneko hori; beraz, egoera ekonomikoari aurre egiteko hartu behar izan diren neurriak hartu direla esan nahi du horrek».

Kanpora irteteko garaian, Txinaren nagusitasunarekin lehiatu beharra daukate Euskal Herriko enpresek, baina kalitatea baliatzen dute haiei aurre egiteko. «Bezeroak kalitatea nahi du, eta gure materiala berezia da. Alde horretatik, Txinatik datorren produktuak ez digu horrenbesteko lehiarik egiten». Energia gastuek kezkatzen dute San Millan, lantegi denen labeak elektrikoak direlako. Horregatik, euskal ekoizleek euren lehiakide zuzenek —Alemania eta Frantzia— baino produktu garestiagoak dauzkatela dio. «Puntu hori hobetzen bada, tarte handiagoa izan dezakegu gora egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.