Datorren asteazkenean, ekainak 16, lan erreforma onartuko du Espainiako Gobernuak. Horixe da argi dagoen bakarra. Moldaketa gizarte elkarrizketaren bidez adosteko azken aukera Espainiako sindikatu nagusiek eta patronalak atzo egin beharreko bilera zela aldez aurretik esana zuen Zapateroren gobernuak. Haatik, behar besteko adostasuna ikusiz gero negoziazioa oraindik ere zabalik uztea ontzat jo zuen Celestino Corbacho Lan ministroak. Lerro hauek idazterakoan bilera amaitu gabe zegoen.
Patronalaren eta sindikatuen arteko azken elkarrizketak emaitzarik gabe amaitzen badira, lege-dekretu baten bidez erreforma martxan jarriko du Ministro Kontseiluak. Erabakia hartu baino lehen, hala ere, alderdi politikoen babesa lortzen saiatuko da gobernua. Heldu den astelehen eta asteartean dekretuaren edukia beste indarrekin negoziatzen saiatuko da PSOE. Tarte gutxi dago - 48 ordu besterik ez -, baina defizit publikoa murrizteko neurriak onartzeko bozketan pasa zuten estualdia saihestu nahi dute sozialistek.
Honezkero babes politikoa bilatzeko bideak urratu ditu Corbachok berak. Azken egunotan CiU, EAJ eta ERCko bozeramaileekin egon da, lehen hartu-eman gisa. Gizarte elkarrizketaren baitan akordioa egon edo ez egon, aldalketak alderdiekin eztabaidatuko direla agindu die Corbachok.
CiUren jokabidea erabakigarria izan liteke berriro ere. Murrizketek aurrera egitea ahalbideratu zuen Kataluniako alderdiaren abstentzioak, baina oraingo honetan ez dela gauza bera gertatuko ohartarazi zuen atzo Josep Antoni Duran Lleida CiUko eledunak. Dekretuaren edukia ontzat jotzen badute, alde bozkatuko dute, baina ez badute gustuko, aurka bozkatzeko zalantzarik ez dutela izango ziurtatu zuen.
Kaleratze merkeagoa
Ez litzateke harritzekoa erreformak CiUren babesarekin aurrera egitea, alor askotan bat egiten duelako Lan Ministerioak gizarte elkarrizketaren bileretara eraman dituen proposamenekin.
Esaterako, kaleratze merkeagoa duen kontratua orokor bihurtzea CiUk jarri dituen baldintzen artean dago. Corbachok atzo bertan horixe bera defendatu zuen. 1999. urtean indarrean sartu zen Enplegua sustatzeko kontratua biziberritzen saiatu da gobernua. Kolektibo batzuk laneratzea laguntzeko sortu zen, baina azken garaietan gutxi erabili da.
Azken batean, kontratu mugagabea da, baina, kaleratua izanez gero, langileak asko jota 33 eguneko ordaina jasotzeko eskubidea du, 24 hilabeteko mugarekin. Ohiko kontratu mugagabeak kalte-ordaina 45 lan egunekoa da, eta 42 hilabete da muga.
Formula horrek langileari ez dizkiola eskubideak kentzen, baina enpresen kosteak arintzeko balio duela aldarrikatu du Corbachok. Gainera, orain kontratu finko mugagabea dutenentzat ez duela inolako ondoriorik gogoratu du. Aldiz, langabezian dauden zortzi milioi lagunentzat edota zortzi eguneko ordaina baino ez duten aldi baterako kontratuetan «harrapatuta» daudenentzat neurri onuragarria litzateke, ministroaren aburuz.
Kaleratzea merkatzeko borondate horrek aurrez aurre izan ditu orain arte UGT nahiz CCOO sindikatuak. Biek adierazi dute erreformak beharginen interesak urratzen baditu greba orokorrera deituko dutela. Atzo, lan merkatuaren erreforma bere kasa onartzeak ez duela arrakastarik izango ohartarazi zion gobernuari Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak. «Inposatu direnean [erreformak], ez dute emaitzarik izan».
Bestelako neurriak
Kaleratze merkeagoaren efektuari aurre egiteko, aldi baterako kontratuak gogortzeko neurriak planteatu zituen Espainiako Gobernuak gizarte elkarrizketaren mahaira eraman zuen agirian. Kontratazioa sustatzeko ematen diren pizgarriak mugatu, eta soilik kolektibo jakin batzuei zuzentzea proposatu zuen, halaber.
Bestelako ideia batzuk agertu dira. Arazoak dituzten enpresetan kaleratze objektiboa errazteko bideak ireki nahi ditu. Gainera, lan arloko bitartekaritzan irabazi-asmoa duten agentzia pribatuak baimentzeko urratsa egiteko prest dago.
Azken ahaleginak
Lan erreforma dekretuz ezarri baino lehen, sindikatuekin eta patronalarekin akordioa azkenera arte lortzen saiatuko da Madril. Ekainaren 16an moldaketa onartuko du, eta aurretik alderdien babesa lortu nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu