Uste baino hobeto doa Nafarroako ekonomia, edo, bederen, datu makroekonomikoek hala adierazten dute. Nafarroako Gobernuak urte hasieran zuhur jokatu nahi izan zuen, eta %2,7ko hazkunde tasa iragarri zuen urte honetarako; baina urteko lehen zazpi hilabeteak iragan ostean, aurreikuspena sei hamarren igo berri ditu, %3,3ra.
Manu Aierdik bigarren hiruhilekoko hazkundearen lehen aurrerapen bat eman du gaur goizean. Azpimarratu duenez, iazko ekaineko datuekin alderatuta, Nafarroako ekonomia %3,4 handitu da urtebetean, eta urte amaiera arte erritmo horretan jarraitzea espero du. Datozen sei hilabeteetan, nazioarteko arrisku faktoreek —hala nola AEBetako mugasariak— eragin handiagoa izanez gero eta orain arteko jarduera motelduz gero ere, %2,9 haztea espero luke.
Berez, urte honetarako hiru agertoki marraztu ditu gobernuak. Hipotesi ezkorrean, %2,9ko tasa aurreratu du; ohiko agertokian, %3,3koa, eta hipotesirik baikorrenean %3,9koa. Aierdik "zuhur eta baikor" jokatu nahi izan du, eta uneotan ez du mahai gainean jarri nahi %3,9ko hazkunde tasaren aukera. "2006an, azkenean, %3,9 igo ginen, baina aurten hori betetzeko, hipotesi on guztiak batera bildu beharko lirateke".
Aierdik nabarmendu du ekainera arte uste baino hobeto joan dela ekonomia. "Beti zuhurtzia ukitu batekin egiten ditugu aurreikuspenak. Batetik, ez genuen pentsatzen Estatuaren nabarmen gainetik egongo ginela", arrazoitu du. Bestetik, urte honetarako espero ziren arrisku faktoreek orain arte hainbesteko eragina izan ez dutela aipatu du ere bai.
Lehen aurrerapen bat da gaurkoa, eta datozen egunetan datu zehatzagoak emango ditu Nafarroako estatistika erakundeak. Hala ere, datu esanguratsu batzuk eman ditu Aierdik. Adibidez, apiriletik maiatzera industria produkzioa %6,9 handitu da; zerbitzuetako jarduera %3,9 hazi da eta txikizkako merkataritzaren jarduera %1,5 hobetu da bigarren hiruhilekoan. Era berean, autoen ekoizpena %5,9 handitu da urtebetean, eta ibilgailuen matrikulazioa %4,9 handitu da iazko ekainetik hona.
14.000 enplegu
Datu on horiek enpleguan ere izan dute isla. Urtebetean, iazko ekainetik iragan ekainera arteko datuak aintzat hartuta, 14.271 lagunek gehiagok eman dute izena Gizarte Segurantzan. Era berean, jarduera tasa "%60tik gertu dago"; hau da, gero eta biztanle gehiago daude lan merkatuan. Aierdik ez du aurreratu urte honetan, guztira, zenbat lanpostu sortzea espero duen gobernuak.
Hazkundeak bere isla du soldatetan: soldata gordinak %4,5 handitu dira, eta krisi aurreko egoeraren gainetik daude batez beste. Hala ere, KPIa aintzat hartuz gero, soldatak ez dira hainbeste handitu, eta oraindik ere ez dira 2008ko egoerara ailegatu. "Gainera, joera hori ez da berbera errenta maila guztietan", ohartarazi du Aierdik, zehaztuz batez bestekoak direla uneoro.