Uztailaren 21eko goi bileran Greziaren bigarren erreskatea onartu zuten eurogunekogobernuek. Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsa (EFSF) malgutzea ere adostu zuten, arazoak dituztenherrialdeen zor publikoa erosteko aukera zabalduz. Neurri horiek indarrean jarri ahal izateko, ordea, herrialde bakoitzeko parlamentuak berretsi egin behar du akordioa. Bruselak irailerako egitea nahi du. Gobernuburuei «eurengandik espero dena» egiteko agindu die Olli Rehn ekonomia gaietarako komisarioak.
EFSFren erreformak aukera emango du «ezohiko kasuetan», eta Europako Banku Zentralaren baimenarekin, larri dauden estatuen zor publikoa erosteko. Halako erakunde batek zorra erosteak interes tasa jaisteko balio behar luke, haren gainean espekulatuta irabaziak lortzeko aukera gutxitzen delako.
Uztailean onartutako plana lehenbailehen martxan jarriko dela esanda, egoera baretu nahi izan du Rehnek. Plana indarrean jarribitartean, EBZk ere badu bigarren mailako merkatuetan herrialdeen bonuak erosteko aukera. Herenegungo bileran Italiaren eta Espainiaren bonuak eskuratuko zituela esatea espero zuten merkatuek. Alabaina, ez zuen aukera hori zuzenean aipatu. Eta horrek bi herrialdeen arrisku sariak igoarazi zituen.
Rehn bat etorri da Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak euroguneko agintariei bidalitako gutunean jarritakoarekin. Aitortu du uztailaren 21eko bileran hartutako neurriek ez dutela espero adinako ondorioak izan. Alabaina, Espainiak eta Italiak ez dutela erreskate planik beharko berretsi du.
Bi herrialde horietan urduritasuna nagusitu zen atzo ere. Espainiaren arrisku saria 427 puntura iritsi zen goizean, inoizko mailarik altuenera. Alabaina, EBZk herrialdearen zor publikoa erositako zurrumurrua zabaldu zen, eta horrek buelta eman zion egoerari. Amaitu, dezente beherago egin zuen, 368,3 puntuan. Lehen aldiz, Italiak gainditu egin zuen haren maila, 372,9an itxi zuelako. Hau da, herrialde horrek du orain porrot egiteko arrisku handiena, itxura batean.
AEBetako langabeziaren datuaren zain egon ziren merkatuak atzo. Adituek uste baino jaitsiera handiagoa izan du, hamarren batekoa, eta %9,1era murriztu da tasa. Kopuruak, ordea, ez zuen eragin positiborik izan burtsetan. Europako gehienek %1etik gorako galerak izan zituzten. Madrilgoa maila horren azpitik ibili zen, %0,18 galdu baitzuen. Halere, azken astea iazko maiatzetik izandako okerrena izan da Ibex-35entzat. %10 galdu du, 35.000 milioi baino gehiago. Milangoak ere %0,70 galdu zuen atzo —bezperan, %5,1—.
Defizit gabeko aurrekontuak
Asteburuan itxita egon ohi dira burtsak, baina datorren astean ere egun mugituak espero dira. Astelehenean jakingo da EBZk herrialdeen zenbateko zorra erosi duen —martxotik ez zuen erosten—. Irlandaren eta Portugalen bonuak erosi zituela baieztatu zuten atzo erakundeko hainbat iturrik. Haien arabera, Italiaren eta Espainiaren zorra erosteko ere prest agertu da, baina Italiak erreforma sakonak eginez gero.
Horretarako prest dirudi herrialdeak. Atzo arratsaldean bertan Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak orain arte onartutako murrizketa neurriak bizkortu egingo dituela iragarri zuen. Defizita murrizteko plana 2014tik 2013ra aurreratuko du, aurrekontuen egonkortasunera urte horretan bertan iritsi ahal izateko.
Konstituzioan ere bi aldaketa egingo ditu: alde batetik, aurrekontuak defizitik gabe egiteko betebeharra sartuko du; bestetik, gehiegi araututako lanbide jarduera batzuk liberalizatuko ditu. Horrez gain, murrizketa neurri berri gehiago egiteko prest agertu da Italiako Gobernua, eta egun gutxi barru G7koen bilera egitea adostu du Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin. Orain aste batzuk onartu zuen herrialdeak 79.000 milioi euroko murrizketa plana.
Etengabekoak izan ziren atzo agintarien arteko deiak. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearekin ere hitz egin zuen Berlusconik. Merkatuetako mugimendu espekulatzaileak eta azken egunetako gorabeherak ez direla «ulergarriak» esan zioten elkarri. Zapaterok ere jaso zuen Sarkozyren deia. «Euroguneko egonkortasuna defendatzeko irmotasuna» eskatu zuten batak zein besteak.
Azken goi bileran adostutako plana irailerako onartzea nahi du Bruselak
Italiak 2014tik 2013ra aurreratuko du defizita murrizteko plana, eta aldaketak egingo ditu Konstituzioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu