Urteko lehen hiruhilekoan langabezia igo eta okupazioa jaitsi egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak enpleguari buruz argitaratu dituen azken datuek diote 113.100 langabe daudela. Kopururik handiena da 2001. urteko hirugarren hiruhilekotik. Gainbehera ekonomikoa azkartu zen sasoian baino 77.000 langabe gehiago dira.
Eustaten datu bilketa inkesta bat da, eta horrelako azterketa batean garrantzitsuena joera dela argudiatu ohi dute arduradun politikoek, datu txar baten aurrean euren burua defendatzeko. Bada, langabeziak gora egin duen bigarren hiruhilekoa da jarraian, eta hazkunde adierazgarria izan da, gainera. Guztira, 8.900 langabe gehiago dira. Gora egin zuen langabeziak Bizkaian eta Gipuzkoan, eta jaitsi Araban. 2008. urtetik hiruhileko batean soilik egin du behera langabe kopuruak: joan den urteko uztaila eta iraila bitartean izan zen.
Langabeziaren egoerari buruz beste neurgailu batzuek ziotena egiaztatu du Eustaten inkestak. Erroldatutako langabezia hartuz gero, urte hasieratik martxoa amaitu bitarte ia 15.600 lagun gehiagok eman dute izena enplegu zerbitzu publikoetan. Horren barruan daude Langairen eta INEM ohiaren zerrendak gurutzatu zirenean azaleratutako 7.500 lagunak ere. Edonola ere, inkestek adierazten duten baino txarragoak dira erroldatutako langabeziaren zenbakiak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enplegu zerbitzu publikoetan 151.500 langabe daude izena emanda.
Okupazioaren polemika
Atzokoaren aurretik Eustatek enpleguari buruz jakinarazi zuen azken inkestak zalaparta piztu zuen. 2010eko azken hiruhilekoan 17.900 lanpostu galdu zirela argitaratu zuen estatistika erakundeak, eta datu horrekin haserretu egin zen Eusko Jaurlaritza. Javier Ruiz Lan sailburuordeak zalantzan jarri zuen inkestaren fidagarritasuna, eta «neurgailu objektiboagoek» beste errealitate bat islatzen zutela ziurtatu zuen.
Urteko lehen hilabeteei buruzko datuek ez dituzte aurrekoak zuzendu. Hots, urte hasieran ere enplegua galdu dela kalkulatu du Eustatek. Hain zuzen ere, lana daukaten pertsonak 2.100 gutxiago dira. Joan den urteko hiruhileko berean baino 2.700 okupatu gutxiago dira, halaber. Jaurlaritzako Lan Sailak ez zuen datuei buruzko interpretaziorik kaleratu.
Ez da jaitsiera orokorra izan, hala ere. Bizkaian eta Araban murriztu da, baina Gipuzkoan gora egin du. Sektoreen artean ere aldeak badira. Industriak 1.400 enplegu gehitu ditu, eta eraikuntzak, zerbitzuek eta nekazaritzak atzera egin dute.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 33.000 senditan daude kide guztiak langabezian. Guztietatik %3,9 dira, eta aurreko urtean baino 5.200 gehiago izan dira. Aldiz, 484.100 senditan ari dira kide guztiak lanean.
Bulegoen egoeraz, kexu
Bestalde, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin zuten atzo Gasteizen, Lanbide euskal enplegu zerbitzuko bulego berrien aurrean. Protestaren helburua egoitza horren egoera «kaskarra» salatzea zen. Joan den urtarrilaren 1ean Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Formakuntza zuzendaritzatik Lanbidera pasatu dituzten langileen lekualdatze eguna zen atzo.
Jose Atxotegi kaleko beste eraikin batera bidali dituzte, eta horren egoera kritikatu dute. «Obretan daude, suteen aurkako neurrietan gabeziak daude, ez dago aire girotuko sistemarik, ez dago aireztapenik eta aire garbia sartzea oso zaila da», adierazi zuten bi sindikatuek ohar baten bidez. Era berean, funtzionarioek lan egiteko behar dituzten tresnak Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan jarraitzen dutela salatu dute. «Lanbiden fitxatu behar dute, baina gero Lakuara joan behar dute lan egin ahal izateko».
Azken hamarkadako langabe kopururik handiena EAEn
Eustaten arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 113.100 lagun daude lanik gabe, aurreko hiruhilekoan baino 8.900 gehiagoFormakuntza eta praktika kontratuak diruz laguntzea proposatu du EAJk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu