Baionan, azken urteotako mobilizaziorik jendetsuenetako bat egin dute gaur goizean Emmanuel Macron Frantziako presidentearen pentsioen erreformaren kontra; 7.000 pertsona inguru elkartu dira manifestazioan. Burua herriko etxera heldu denean, ez zen haren amaiera ikusten. 10:30ean abiatu dira Lan burtsatik, FSU, CGT eta FOk osatutako intersindikalak deituta; haiek eraman dute manifestazio buruko pankarta. Gainerako sindikatuek ere parte hartu dute. «Irakasle izateko baxoaren ondotik bost urteko ikasketak egin behar dira. Gero horrelako erretreta izateko? Ez da posible!», adierazi du Kati Petrissans FSUko kideak.
Eñaut Aramendi LAB sindikatuaren Ipar Euskal Herriko koordinatzailea pozik hitz egin du, jende askok egin duelako protesta. Egoera larria da, haren hitzetan: «Erreforma katastrofikoa da, eta kondenatzen ditu bereziki lan mundura etortzen diren gazteak 70 urtera arte lan egitera». Esan du intersindikalarekin elkarlanean jarraituko dutela erreformaren aurka borrokan, eta deituko dutela mobilizazio gehiagotara ere.
#GrebaOrokorra Abian da pentsioen erreformaren kontrako manifestazioa Baionan. Itxura guzien arabera jende anitz dago. Ibilbidean zehar eginen dugu kontaketa @berria@IEHkohitzapic.twitter.com/6kKdDV8wRK
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) December 5, 2019
Ez zuten gau luzea izanen Frantziako Gobernuko agintariek bart gauekoa. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen pentsioen erreformaren kontrako protesta eguna da gaur Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, eta, espero bezala, goizean goiz hasi dira protestak eta jende andanak hartu du parte. Baionan, esate baterako, ikasleek fakultatea itxi dute, eta Frantziako Poliziak lau ikasle identifikatu ditu. Protesta egun luze bateko lehen ekintzetako bat izan da. Sindikatuek argi zuten helburua: ekonomia blokeatu nahi dute. Zerbitzu anitzetan eragozpenak izanen dira, eta mota guzietako mobilizazioak antolatu dituzte.
Sam Hourrescos CGTko Baionako koordinatzailearen iritziz, «jende anitz» izanen da gaurko protestan. Funtzio publikoan erantzun handia izanen dela dio, eta garraioetan eta EDF energia enpresan ere grebalari mordoa izanen dela. «Eskuorriak banatzen ere aritu gara sindikatuek presentzia urriagoa duten enpresetan, eta, orokorrean, biziki harrera ona izan dugu». Sektore anitzetan greba iraunkorra egitera deitu dute jadaneko. «Gaur ez da trenik izanen Ipar Euskal Herrian», Peio Dufau trenbideetako CGTko kidearen hitzetan, eta iragarri du gutxienez astelehen arte greban segitzeko asmoa dutela.
Euskal Elkargoak agiria bidali zuen herenegun, greba mugimenduaren eraginez bere zerbitzuetan izanen diren ondorioen berri emateko. Garraio publikoan izanen du eraginik handiena. Autobus gehienak normal ibiliko dira, baina orduak murriztu dituzte; 07:00etatik 20:00etara baizik ez dira ibiliko —23:00etara arte T1 Trambus linea nagusiarentzat—. Haatik, Baiona, Angelu eta Miarritzeko hiri barneetako joan-jinkariak ez dira ibiliko. Hondakinen biltzeari begira lausoago hitz egin du elkargoak, «nahasmenduak» izanen direla adierazita. «Abenduaren 5ean segurtatuak izanen ez diren zakar biltzeak ondoko pasaian segurtatuak izanen dira».
Indar batuketa
Abenduaren 5eko data atera bezain laster, gainerako sindikatuei idatzi zien Eñaut Aramendi LABeko koordinatzaileak, eta Ipar Euskal Herrian elkarrekin zer egin zezaketen aipatzeko bilkura bat antolatzea proposatu. Baina, intersindikaletik kanpo utzi dute sindikatu abertzalea, beste behin. Mobilizazioa iragartzeko prentsaurrekoan, blokeoaren iturri haiek direla aitortu zuen Herve Larrouquert FO sindikatuko departamendu idazkariak. «LAB ez da sindikatu bat, eta ez ditu errepublikaren balioak errespetatzen. Beste sindikatuek nahi badute, haiekin lan egin dezatela, baina gu gabe izanen da».
Gorabeherak gorabehera, Aramendik ere espero du mobilizazio jendetsua izanen dela, eta langile guziak deitu ditu parte hartzera. «Erreforma hori, elkartasunean oinarritutako gaur egungo sistema apurtu, eta kapitalizazioan oinarritutako sistema ezartzeko egiten dute. Helburua da hemendik urte batzuetara pentsioen sistema osoa ezabatzea. Laburbilduz: dirudunek pentsioak izanen dituzte; dirurik ez dutenek hil arte lan eginen dute». Greba mugimenduak luze jo dezakeela iradoki du, eta, beraz, ezinbestekoa izanen dela sindikatuen artean koordinatzea. «Gaur egungo zatiketa giroak ez du laguntzen».
Gaur gauean batzarrak eginen dituzte langileek enpresa anitzetan, eta sindikatuek ere biltzea aurreikusi dute, segidaz gogoetatzeko: LABeko afiliatuak manifestazioaren ondotik bilduko dira; CGTk kontseilu sindikala eginen du 18:00etan; Solidairesek herri batzarrera deitu du, sindikatuetan ez direnek ere parte har dezaten.
Pirinio Atlantikoetako intersindikala gaur arratsean bilduko da, eta Frantziakoa, bihar goizean. «Ez da ohikoa segida erabakitzeko bilkurak hain fite egitea», Hourrescosen arabera. Frantziako legediaren arabera, enpresa pribatuetako langileek ez dute greba eginen dutela abisatu beharrik; funtzio publikoan, ordea, bai. Lurralde agenteen CGT sindikatuak, langileak urte bukaera arte babesten dituen greba abisua emana duela azpimarratu du Hourrescosek.
Frantzia, geldirik
1995eko protestak oroitu ditu batek baino gehiagok; hiru aste iraun zuen orduan pentsioen aldeko greba mugimenduak. Orain arteko datuek hein bereko mobilizazioa iradokitzen dute Frantzian. Hezkuntza Ministerioaren arabera, eskolen %55 itxi egingo dituzte —%70 SNUipp-FSU sindikatuaren arabera—. Air Francek barne hegaldien %30 bertan behera utzi ditu, eta Easyjet konpainiak 233 hegaldi ezeztatu ditu. Trenen %90 geldirik egonen dira.