Orain bost urte Azcuen hasitako gainbehera enpresaren itxierarekin amaituko da. Azpeitiko altzarigilea —Nueva Linea markarekin saltzen du— hartzekodunen lehiaketan sartu da, «merkatuaren etengabeko jaitsierak eragindako finantza tentsioei aurre egin ezinda». Irail honetan sinatu behar ziren hainbat kontratu atzeratu izanak lasterragotu du egoera hori. «Administrazio publikoarekin eta Qatarreko hotel talde batekin ziren egitekoak», dio enpresa zuzendaritzak eta langile batzordeak batera igorritako ohar batek. Langileen lan kontratuak haustea adostu dutela irakur daiteke idatzian. Azken urteetan enpresak zor handiak pilatu ditu, eta hartzekodunei hura ordaintzeko lehiaketan sartzea erabaki dute, enpresa ixteko urrats gisa. Krisiak jandako euskal enpresen zerrendan da jadanik, beraz.
Lan kontratuak maiztasun jakin batez hautsiko dira, bi helbururekin: «Itxi arte jarduera martxan edukitzeko, eta langile kaleratuek langabezia sarian galerarik eduki ez dezaten, azken urteetako erregulazio dosierren eragina dela eta».
Azcueko langileentzat geratzen da esperantza apur bat, hala ere. Langile batzordea eta enpresa zuzendaritza elkarrekin ari dira jardueraren zati batekin jarraitzeko aukerak aztertzen. Lan sozietate anonimo bat sortzea izan daiteke aukeretako bat.
Lan gatazka eta plan berria
Azcueren gainbehera duela bost urte hasi zen, krisiarekin batera. 2008an azaleratu ziren altzarigilearen arazo ekonomiko larriak. Lan gatazka handia izan zen enpresan urte horretan. Zuzendaritzak bederatzi hilabetean 51 langile kaleratu zituen, horietako 35 erregulazio dosier baten bidez. Txostena aurkeztu aurretik, 205 langilek ziharduten Azcuen. 2008 hura bukatzerako, 154 langile baino ez ziren geratu.
Plan estrategiko berri baten ondorioetako bat izan ziren kaleratze haiek. Zuzendaritzak nazioartekotzea eta dibertsifikazioa jarri zituen planaren ardatz gisa. Prozesu horretan, Eibarko Laster enpresa erostea erabaki zuen 2011n, liburutegi eta bulegoetarako horniduretan aritzen zen sozietatea. Eibarko enpresa Azpeitira eraman zuten, baita han aritzen ziren 15 langileak ere. Horrez gain, sukalde eta komunetarako beste altzarigileekin akordioak egin zituen Azcuek —El Corte Ingles eta The Singular Kitchenekin—. Itun horien bidez, Europa, Asia, Australia eta Latinoamerikako merkatuetan sartzea lortu zuen. Ikasturte horretan, atzerriko hainbat hoteletako altzariak ekoitzi zituen.
Jaurlaritza eta langileak
Baina emaitza ekonomiko txarrak irauli ezinda jarraitzen zuen enpresak. «Orain dela hiru urte, uste genuen aurtengorako lehengo egoerara itzuliko ginela, baina iaz ikusi genuen aurretik genuen produkziora iristea oso zaila dela», esan zuen 2011ko urrian Jon Arratibel Azcueko kudeatzaileak. Bost urtean %60 egin du behera enpresaren fakturazioak.
Eusko Jaurlaritza Azcueren plan estrategikoa laguntzeko Ezten arrisku kapitalaren funtsaren bidez sartu zen enpresan, milioi bat eurorekin, eta enpresako langileek ere beste hainbeste jarri zuten Azkueko Langileak S.L. sortuz. Batak zein besteek enpresaren %10 eskuratu zuen, eta konpainiaren zuzendaritzan sartu ziren euren parte hartzearekin.
Orain, berriz, hartzekodunen lehiaketan sartu da Azcue itxi aurretiko azken kapituluan. Azpeitiko altzarigileak, ordea, izan ditzake kapitulu gehiago. Enpresak bidalitako oharrak dioenez, «langile batzarraren, langile batzordearen eta zuzendaritzaren arteko ahalegin partekatuak ahalbidetu du lan talde bat eratzea jardueraren zati batekin jarraitzeko aukerak azter daitezen». Oraingoz, lan sozietate anonimoaren euskarria lantzen ari dira, baina ez dago ezer adosturik. Langileek adi aztertuko dituzte taldearen urratsak.
Errepublika garaian fundatu zuten Azcue, sozietate mugatu gisa, 1934an. Sozietate anonimoa bihurtu zen 1966an, eta 200 langiletik gora aritu ziren bertan. 24 milioi euroko fakturazioa lortu zuen bere garai onenean.
Azpeitiko Azcue altzarigileak enpresa ixtea adostu du langileekin
Hartzekodunen lehiaketan sartu da enpresa, altzarien merkatuaren jaitsierari aurre egin ezinda; 120 langilek dihardute AzcuenJarduerarekin jarraitzeko aukera aztertzen ari dira, lan sozietate anonimo bat sortuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu