Lau urte daramatza itxita Azpeitiko (Gipuzkoa) Corrugados altzairutegiak, baina haren jabea aztertzen hasi da ea bideragarria eta errentagarria izan daitekeen berriz ere zabaltzea. Gallardo Taldea da lantegiaren jabea, eta Jerez de los Caballerosen du egoitza (Badajoz, Espainia). Efe berri agentziak baieztatu duenez, sektore siderurgikoan espezializatutako aholkularitza etxeekin harremanetan dago, Azpeitiko lantegia berriz irekitzea aztertzeko.
Donostiako Bascotecnia Group aholkularitza etxeak hartu du bere gain ikerketa. Horrela baieztatu dio Eferi Aiek Sistemak enpresak; ingeniaritza elektrikoko eta automatizazio sistemen enpresa da, Bascotecnia Groupen taldekoa. Bada, Aiekek azaldu du bere egitekoa dela Azpeitiko lantegia bisitatzea eta gaur egun daukan egoerari buruzko txosten bat idaztea. Gallardok aurrera egitea erabakiko balu, altzairutegia martxan jartzeak zenbateko kostua izango lukeen aztertuko du Donostiako enpresak, kontuan izanik irekierak zer-nolako berrikusketak eta konponketak beharko lituzkeen.
Nolanahi ere, Aiek Sistemak-ek azpimarratu du bezeroaren esku dagoela erabakitzea lantegia irekitzea ala ez: «Gu sektore siderurgikoko ingeniaritzan gabiltzan enpresa gara, eta gure lana da soilik plantaren egoerari buruzko azterketa egitea». Azterketaren azken helburua da «bezeroari esatea, gutxi gorabehera, zenbat diru izango litzatekeen lantegia berriz martxan jartzea».
2013ko apirilean aurkeztu zuen Gallardok lan erregulazio espedientea Azpeitiko Corrugados altzairutegia ixteko eta 72 langile kaleratzeko —Lasaoko Corrugadoseko 38 langileak ere kaleratu zituen—. Altzairu barra korrugatuak ekoizten zituen batez ere, eraikuntza sektorerako bereziki. Salmenta gehienak Espainiara egiten zituen, eta eskariak hondoratu egin zitzaizkion finantza krisiarekin adreiluaren burbuila lehertu zenean.
Azpeitiko Corrugados zabaltzea aztertzen ari da Gallardo Taldea
Duela lau urte itxi zuten 300 langileko lantegia. Berriz irekitzeko azterketak egiten dabiltza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu