Hazkundearen erritmoa berreskuratzeko formula proposatu du Nazioarteko Diru Funtsak: azpiegitura publikoetan inbertitzea. Eskaera hori gorabidean dauden herrialdeei egin die NDFk, baina baita Alemaniari eta AEBei ere, azken horietan azpiegituren kalitatea behera egiten ari dela nabarmendu baitu.
"Azpiegituretan beharrak dauden herrialdeetan, garai egokia da inbertsioei bultzada bat emateko”. Hori dio NDFk gaur kaleratutako World Economic Outlook azterketaren lehen zatiak. Bi arrazoi ematen ditu horretarako: herrialde garatuetan finantzaketa kostuak inoizko txikienak direla —eurogunean %0,05ekoa da interes tasa ofiziala, AEBekoaren pare—, eta gorabidean dauden herrialdeetan eta garapen bidean daudenetan azpiegitura eskasia dagoela.
NDFk nabarmendu duenez, azpiegitura publiko egokiak izatea “derrigorrezko baldintza” da ekonomia garatzeko. “Zaila da irudikatzea edozein ekoizpen prozesu azpiegituren menpe ez dagoena”, dio txostenak. Hortaz, “azpiegituren eskasiak berehala antzematen dira: argindar mozketak, ur hornikuntza eskasa, eta herritarren bizi-kalitateari kalte egiten dioten eta enpresen jarduna trabatzen duten errepide hondatuak”. Bi ondorio positibo ikusten dizkio inbertsioari: epe motzean jarduera handitzen dute eraikuntza lanek, eta epe erdian azpiegitura horiek berek ekoizpena handitzen dute.
Inbertsioak finantzatzeko modurik onena zor publikoa jaulkitzea edo beste gastu batzuk txikitzea dela dio NDFk, baina ez, ordea, zergak handitzea.
Alemaniaren arazoa
NDFren eskaerak espreski Alemaniarentzat egindakoa dirudi. Izan ere, Europako Batasuneko hainbat herrialdek eta, azkenean, baita Europako Banku Zentralak ere gehiago inbertitzeko eskatu diote Berlini, bere kontsumoarekin konpentsa dezan euroguneko herrialde ahulagoek ezin dezaketena egin. Oraingoz entzungor egin die Angela Merkelek eskaera horiei, eta bere aurrekontua orekatzeari lehentasuna eman dio.
Presioa, ordea, barrutik ere sortzen ari zaio, gero eta gehiago baitira Alemaniaren azpiegiturak hobetzea eskatzen duten ahotsak. Oraintsu “Poliki hausten ari den nazioa” izeneko erreportaje luzea kaleratu du Der Spiegel astekariak, errepide zartatuez, zirkulazioari eusterik ez duten zubiez edo irakasle falta duten eskolez mintzatzen dena. NDFren txostenaren arabera, 2006an Alemaniak zituen G7 taldeko azpiegitura onenak, baina orduz gero okerrera egin dute, eta Frantziarenak hobeak dira orain. Japoniak, Erresuma Batuak, Kanadak eta Italiak eutsi egin diote kalitateari, edo pixka bat hobetu dituzte. Kalitatearen erorketa hori batez ere errepideetan antzematen da.