Hauteskunde sindikalak prozesu jarraitua dira. Hots, etenik gabe ari dira enpresak euren ordezkariak berritzen. Hala ere, aldez aurretik indarrean zegoen sistemaren ondorioz, lau urtean behin prozesu ugari pilatzen dira. Hasiera batean, ia 5.000 enpresak berritu behar dituzte orain langile batzordeak.
Lan esparrua eta ekonomia zeharo aldatu dira orain dela lau urtetik hona. Krisiak bi eredu sindikalen talkak azaleratu ditu atzera ere. Alde batetik, ELAeta LAB buru dituen gehiengo sindikal abertzalea. Beste alde batetik, CCOOk eta UGTk ordezkatzen dutena: Espainiako sindikatu nagusien tokiko ordezkaritzak.
Lantoki ugaritan izan dira kaleratzeak, gatazka kolektiboak, eta erregulazioak. Hortik aparte, euren indarra kalera ateratzen ahalegindu dira sindikatu guztiak. ELAk eta LABek -ESK, EILAS, Hiru eta EHNErekin elkarlanean- bi greba orokor egin dituzte krisia dela eta. Sindikatu abertzaleek joan den ekainaren 29rako egindako lanuzte egunean, deialdi propioa egin zuen CCOOk, Nafarroan izan ezik. Sindikatu horrek, halaber, irailaren 29ko greba antolatu zuen Espainian eta Hego Euskal Herrian lan erreformaren aurka, UGTrekin batera.
Helburuak, argi
Prozesuaren lehen emaitza fidagarriak eskuratzeko, sindikatu guztiek uste dute abendua igaro arte itxaron beharko dela gutxienez. Oraingoz, argi dagoen bakarra da ordezkari gutxiago aukeratuko direla. ELAren ustez, 800 eta 1.000 bitartean izan litezke, enpresetan dagoen ordezkaritza guztiaren %6 inguru. UGTk emandako datuen arabera, aurten aukeratu beharreko 2.400 ordezkari falta dira, baina urteko azken txanpan hauteskunde asko egitearen poderioz zenbakia txikituko da.
Hegoaldeko langileen artean duen nagusitasunari eusten ahaleginduko da ELA. Guztira, ordezkaritzaren %35 baino gehiago du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokionez, ordezkarien %40 izaten jarraitzea ezarri du sindikatuak erronka modura. «Ez da erraza, lauzpabost sindikatu dituen eredu batean eta krisi garaian hala segitzea», nabarmendu du Txema Laisekak, ELAko arduraduna prozesu horretarako. Nafarroan, xedea da 1.500 ordezkari biltzea edo ordezkaritzaren %22 gainditzea.
Laisekaren aburuz, arazoak eta gatazkak izan dituzten enpresetan sindikatu bakoitzaren unean uneko jarduna epaitzea baino gehiago, eredu sindikalen artean aukeratzeko ardura dagokie langileei orain.
Enpresetan izandako jokabideak toki batzuetan ondorioak izango dituela uste du CCOOko Sabino Santolallak. «Langileak irtenbiderik gabeko lekuetara eraman dituztenak, konponbiderik eman ez dutenek, aurre egin beharko diote horri». Bigarren indarra da CCOO, baina saiatuko da ELArekin EAEn eta UGTrekin Nafarroan duen aldea murrizten.
Benetako dantzaldia orain hasiko dela uste du Jabi Garnikak, LAB sindikatukoak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hirugarren sindikatu gisa finkatzea, eta CCOOrekin dagoen aldea murriztea da LABen asmoa. Halaber, Araban eta Bizkaian ordezkaritza zabaltzeko saioa egin nahi dute.
Azkenik, UGTren helmuga azken urteotako jaitsiera gelditzea da. «Joera gelditzeko lan talde berriak eratu ditugu, eta lortzen ari gara, uneotan ordezkari gutxien galdu dituen sindikatua baikara», Agustin Recio sindikatuko arduradunaren hitzetan.
Aldaketa sakonik ez
Ahaleginak ahalegin, Hegoaldeko esparru sindikala nahiko finkoa da. Inork ez du espero aparteko aldaketarik sindikatu bakoitzak duen tokian. «Ez dugu jauzi handirik espero ordezkaritzetan. Egongo dira gorabehera batzuk, baina kataklismorik ez», Garnikaren irudiko.
Antzeko iritzia du Laisekak. Hamarren batzuk igo edo jaitsi arren, mugimendu handirik ez dela egongo dio. «Baina egia da sindikatuok irabazi edo galtzen diren bizpahiru hamarren horiei garrantzia ematen diegula».