Gaur eguerdian argitaratuko dira Europako Batasuneko finantza erakunde nagusiei egindako azken ebaluazioaren emaitzak. Finantza krisiak eztanda egin eta sei urtera bankuen egoerari buruz dauden zalantzak eta susmoak behin betiko uxatzea du helburu probak. Horrekin batera, euroguneko bankuak kontrolatzeko ikuskari bakarra sortzeko prozesu historikoan mugarria izango da. Izan ere, heldu den azaroaren 4tik aurrera garrantzi sistemikoa duten 130 finantza erakundeen kontrol zuzena hartuko du bere gain EBZ Europako Banku Zentralak. Horien artean egongo dira BBVA eta Kutxabank. Hona hemen prozesua ulertzeko gako nagusiak:
ZER ALDATU DA BANKUEN IKUSKARITZAN?
Eurogunea zorraren krisiko unerik ilunenak igarotzen ari zenean, 2012. urteko ekainean, banku batasun baterako urratsak egitea onartu zuten Europako gobernuek. Prozesu horretan, besteak beste, finantza sistemarentzat ikuskaritza bateratua sortzea erabaki zuten. Ikuskari nagusia EBZ Europako Banku Zentrala izango da. Azaroaren 4tik aurrera euroguneko banku sistemikoak ikuskatzeko eta kontrolatzeko ardura hartuko du bere gain. Aldaketa historikoa da, sektore ia oso baten zaintza Europa mailan egingo delako. Banku batasunak beste bi adar izan beharko lituzke, bankuak berregituratzeko funts bateratua eta gordailuen berme komuna, baina horiek martxan jartzeko adostasunik ezak irudikatu zen batasuna urardotuko du.
ZERTARAKO DA PROBA?
Ikuskaritza bakarra martxan jarri baino lehen, euroguneko finantza sistemaren osasuna nolako den neurtzeko eta islatzeko proba bat egitea onartu zuten EBko gobernuek. Hiru dira azterketa berriaren bidez lortu nahi diren helburua. Lehenik eta behin, gardentasuna handitzea, bankuen egoerari buruz dagoen informazioaren kalitatea hobetuta. Bigarrenik, aurrera begira izan daitezkeen arazoak atzeman eta konpontzeko neurriak hartzea. Hirugarrenik eta azkenik, konfiantza indartzea, eragile guztiei bankuak sendo daudela erakutsita.
NOLAKOA DA AZTERKETA?
Errealitatean, bi proba ezberdin dira. Batetik, banku bakoitzak dituen aktiboen kalitatea berrikusten aritu dira EBZko ikuskariak. Horren bidez banku bakoitzak dituen arriskuak eta hornidurak egokiak diren argitu nahi dute. Bestetik, 'estres azterketak' deitutakoak egingo dira. Kasu honetan, Europako Banku Agintaritzarekin (EBA) elkarlanean egindako proba da. Bankuen balantzeek egoera jakin batzuetan nola erantzungo lukete kalkulatzea da ariketaren funtsa. Finantza erakundeek etor daitezkeen gainbeherak gainditzeko kapital nahikoa duten edo ez ezagutzea da azken helburua.
EZ AL DIRA BESTE PROBA BATZUK EGIN AURRETIK?
Bai. 2010 eta 2011. urteetan probak egin zituen EBAk. Haatik, azterketa horien sendotasuna beti egon da susmopean, proba gainditu eta hilabete batzuk geroago arazotan sartu diren banku ugari egon direlako, herrialde ezberdinetan. Oraingo honetan helburua akats horiek ez errepikatzea da. «Aurretik egin izan diren ariketak baino nabarmen zabalagoa eta gogorragoa da proba», ziurtatu dute EBZtik.
ZENBAT BANKURI EGINGO ZAIE EBALUAZIOA?
Guztira, 120 finantza erakundetik gora izango dira, baina proba bakoitzean ez daude banku berdinak. Hala, EBZren ebaluazioak 127 banku hartuko ditu kontuan, denak eurogunekoak, Lituaniako hiru erakunde izan ezik —2015eko urtarrilean sartzen da Lituania eurogunean —. EBAk gidatu dituen zerrendan 122 banku agertzen dira. Horretan badira eurogunetik kanpoko erakundeak. Esaterako, Erresuma Batukoak, Poloniakoak, Hungariakoak edo Norvegiakoak.
NOLA EGIN DIRA PROBAK?
Azken hamabi hilabeteen joanean egin da azterketa. Berez, 2013. urteko abenduaren 31n zeukaten finantza egoera izan da oinarria, baina aktiboen kalitatea berrikusteko azterketaren ondorioak ere aintzat hartu dira estres testak doitzeko. Euroguneko finantza erakundeek dituzten aktiboen %85 —27,8 bilioi euro— kontrolatzen dituzte ikuskatutako bankuek. 6.000 ikuskarik hartu dute parte EBZren ebaluazioan.
NOLAKO IRIZPIDEAK HARTU DIRA KONTUAN?
Banku bat sistemikoa den edo ez erabakitzeko hainbat ezaugarri hartu dira kontuan. Bankuak 30.000 milioi euroko aktiboak baino gehiago izatea, erakundearen aktiboek herrialdeko BPGaren %20 gainditzea, edo herrialdeko hiru banku nagusien artean egotea. Proba egingo duten banku horiek dira ondoren EBZk zuzenean ikuskatuko dituenak. Estres test azterketaren diseinuak, gainera, gutxienez herrialde bakoitzean aktiboen %50 dituzten bankuak kontrolatzea bilatu du.
BA AL DAGO EUSKAL HERRIKO ERAKUNDERIK?
Euskal Herrian egoitza soziala duten bi banku handienak ebaluatuko dituzte EBZk eta EBAk: BBVA eta Kutxabank. Aurrerantzean, gainera, bi banku horien ikuskaritzaren kontrola zuzenean hartuko du EBZk, Frankfurtetik. Gainerako finantza erakundeek Espainiako Bankuaren zaintzapean segituko dute.
ZEINTZUK DIRA AZTERKETEN BALDINTZA EKONOMIKOAK?
Bi egoeratan bankuek duten erresistentzia neurtuko da, hiru urtera begira. Testuinguru arrunta Bruselak esku artean dituen aurreikuspen ofizialetan oinarritzen da. Hots, hazkundea datozen urteetan %1,2, %1,8 eta %1,7 izatea. Aurkako testuinguruak atzeraldi gogor bat irudikatzen du: orotara, hazkundea espero dena baino zazpi puntu gutxiagokoa litzateke hiru urtetan. Langabeziak, inflazioak, zor publikoen interesek edo etxebizitza merkatuen okertzeak bankuen balantzean izan ditzaketen ondorioak ere aintzat hartu dira.
ZER LORTU BEHAR DUTE BANKUEK GAINDITZEKO?
Oinarrizko egoerari aurre egingo zaiola ondorioztatzeko, bankuaren kapital maila goreneko — Common Equity Tier CET1 — ratioa %8 izatea eskatzen dute EBZk eta EBAk. Egoera ekonomiko okerra aurreikusten denean, berriz, CET1 ratioak gutxienez %5,5 gainditu beharko luke.
ZER GERTATZEN DA PROBA GAINDITZEN EZ DUTENEKIN?
Azterketa gainditzen ez duten finantza erakundeek bi asteko epea dute zehazteko nola lortuko duten falta zaien kapitala. Alegia, azaroaren 9rako jakinarazi beharko diote EBZri zer eta nola egingo duten. Ondoren, sei hilabeteko epea emango zaie oinarrizko testuinguruan kalkulatu zaizkien beharrak estaltzeko dirua lortzeko, eta bederatzi hilabetekoa ekonomiaren okertzeak eskatuko lukeen kapitala biltzeko.
ZER EGIN DEZAKETE BANKUEK KAPITALA LORTZEKO?
Azterketa egiten urtebete pasa du EBZk. Hasieratik argi utzi zien bankuei balizko diru beharrak nola estali pentsatzeko. Hori dela eta, ez dira gutxi izan euren kapitalizazioa sendotzeko neurriak hartu dituztenak. Izan ere, azalera daitezkeen gabeziak soilik kalitate goreneko kapitalarekin estaltzea baimenduko zaie. Banatu gabeko irabaziak, kapital arrunteko jaulkipen berriak, soldata osagarrien murrizketak edo aktibo jakinen salmentak egin ditzakete arazoak dituzten bankuek.
DIRU PUBLIKOA SARTUKO DA JOKOAN BERRIRO?
Aurrerantzean kapital gabeziak estaltzeko iturri nagusia pribatua izan behar dela ezarri du aurten EBk. Haatik, finantza erakundeei diru publikoaren laguntzeko aukera ez da erabat itxi. «Herrialde bateko ekonomiari kalte handia eragozteko edo finantza egonkortasunari eusteko» baimentzen dira laguntza horiek. 2015. urteko urtarriletik aurrera diru publikoa sartzen zaien erakundeak likidatzeko bidean jarriko dira, erreskate funtsetatik badaezpadako eta baldintzapeko kapitalizazioak lortzen dituztenak izan ezik.
BESTE FINANTZA KRISI BAT ERAGOZTEKO BALIOKO DU?
Egindako azterketek finantza sistemaren indarrari buruzko zalantzak behin betiko uxatu beharko lituzkete. Era berean, EBZren kontrolak tokian tokiko gobernuek euren finantza erakunde nagusiak babesteko duten joerarekin hautsi beharko luke. Nahikoa da berriro ere finantza hondamendi bat gerta ez dadin? Halaxe erantzun zuen Daniele Nouy ikuskaritza bakarreko kontseiluko buruak: «Agindu dezaket EBZk ezabatuko duela behin betiko beste finantza krisi bat egiteko arriskua? Zoritxarrez, ezin dut. Baina benetan sinesten dut ez dela sekula egon Europan arriskua mugatzeko honek bezainbeste baliabide izan dituen erakunderik».
AZTERKETARIK ZORROTZENA
Europako finantza erakunde garrantzitsuenei egindako ebaluazioaren emaitzak argitaratuko ditu gaur Europako Banku Zentralak; bi aste barru EBZ bera bankuen ikuskari bakar bihurtzeko bidean mugarria da, sektoreari buruz dagoen mesfidantza iraunkorra uxatzeko helburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu